GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Baserriko emakumeak

Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA

EAEko biztanleriaren %89 hiriguneetan bizi da, lurralde zoruaren %12 okupatuz eta 100%aren antolaketa izpiritua gobernatuz. Aipaturikoak Lisipek argitaratutako “Lur gainean, itzal azpian” (2022) liburuan jasotako datuak dira. Jakina da lurraldean hiria nagusi dela, nahiz eta euskal identitatearen postala egiterakoan berdetasuna erakusten dugun, nahiz eta jai giroan tradizio eta folkloreari etekina ateratzen diogun, landa herritarren irudi erromantizatu bat helaraziz. Hiriak badaki hiria ez diren beste lur horiek elikatzen gaituztela, arnasten dugun airea garbitzen dutela, eta zeinen garrantzitsua den hiriaren inguruko beste lur hori, gure osasuna mantentzeko. Baina ezjakintasun handia dago lurra erein eta mantentzen duten heroi handi hauen bizitzaren nolakotasunaren inguruan, eta batez ere, hiriak eragiten dizkion zailtasunen inguruan. Landa eremuan bizi diren hiritar asko ere badaude, hiritar bizimodua hirietatik urruti eginez. Baina zer dakigu lurraren ekonomiatik bizi diren horietaz, baserritarrez? Eta nekazaritza eta landako bizitza arrotza bazaigu, nolakoa da baserritar emakumeenganako gerturatzea hiritik?

Aipatutako liburuaren egileak, Leire Milikuak, ikerlan paregabea burutu du hiritarroi egoeraren berri emateko. Ariketa bat proposatzen digu lehen orrialdeetan: zein hiru hitz lotzen ditugun baserriko emakumearekin. Ezezaguna izateagatik, klixe askorekin lotzen ditugu baserriko pertsonaiak, euskal zinema garaikidea horietaz jardun denean ere, zaharkitutako irudi-asoziazioekin jardun izan da, errealitatetik urruti, liburuko datuen esanetan. Irudia berrikustea behar-beharrezkoa da, lurraldean merezi duten lekua eman nahi badiegu. Baserriko emakume asko gazteak dira, goi ikasketak burutu dituzte, ez dute irudi basati edo indartsurik eta takoiekin dantzatzen dakite, katiuskak darabiltzaten arren. Eta badakite barazki-dendan azalore edo sagar fresko bat freskoa ez den barazki edo frutatik bereizten. Baserritik bizia egiteko hautua karga sinbolikoz jantzia dago oraindik; irabazi gutxikoa eta gogorra da, eta glamour gutxirekin begiratzen zaio. Bizi-anbizioetan atzerapauso bat denaren edo bestelako eginkizun intelektualagoetan bizi esperientzia aberasgarriagoa lortuko dugunaren falazia oso errotuta daukagu, hiritik eraikitako irudikapena. Ulermen hauetan klasismo asko dago, baina errealitate gordin baten ispilu ere bada: lehen sektorea ez da inondik ere hiriaren lehentasunezko lurraldea, eta ez dugu hiriaren baratzea zaintzen. Ez zerbitzuetan, ez dirulaguntzetan, ez baliabideetan, ezta kulturalki ere.

Baserritar emakumeen kasuan, hiritar emakumearen zailtasun berdinei, hiritarrak landarekiko duen ulermen gutxiespena gaineratu behar zaio. Asko kosta zaio baserritar emakumeari bere lan produktiboaren profesionaltasuna onartua izatea; juridikoki ere, orain dela oso gutxira arte ez zegoen profesionala izateko aukerarik. Erabaki mahaietan ere bere presentzia garaikidea da. Horregatik, urriak 15, Landa Emakumeen Eguna. Zuengatik. •