GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Etxe hutsak

Galdera bat etxe huts bat ere bada. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Etxe huts bat galdera bat da. Presentziaz eta absentziaz betetako espazio bat. Hezetasunak jandako hormak, kristal hautsiak, armiarma-sareak, hautsa, sitsak, baldosa erauziak, moketa hondatuak, alfonbra ahaztuak, pertxa biluziak, tantarik gabeko iturriak, marmol hautsizko komunak. Izan ziren jakien, lurrinen eta izerdien usainak orain diren lizun, ustel eta hautsekin nahasian. Zenbat bizitza teilatupe berean. Hamarkada batetik bestera, elkarri erreleboan; norbaitek utzitako besaulkian eseri den beste norbait hori, norbaitek amets egin zuen ohean erein diren amets berriak. Eta bat-batean, hutsune bat, gelditasun bat, kartel koloretsuak: “se vende”, “a vendre”, “salgai” galduren bat akaso. Isiltasun bat. Eta galdera bat: “zergatik”?

Galdera bat etxe huts bat ere bada, aldi berean. Sekula zeharkatu gabeko ate bat, kolpera zabaldu eta begiak betetzen dituen hustasun bat; berniz eta pintura usaina, kea eta lurruna darion eltze bat sukalde galdu batean, hizketan dakiten egur karrankari batzuen elkarrizketa sekretua, sabaian zintzilik dagoen armiarma bat, gorputzean katigatuta geratzen den amaraun likatsu bat, noizbait sartu bazara sekula ateratzerik izango ez duzun espazio zehaztugabe bat.

Eta zure buruari “zergatik” galdetuko diozu, “nola” galdetuko diozu. Galdetuko diozu “noiz”, galdetuko diozu “nork”. Zergatik utzi zenion galderak egiteari, nola utzi zenion, noiz, nork behartuta. Izan zinen haur harekin gogoratuko zara, gurasoen jertseen mahukei tira eta tira, “zergatik?” galdezka; zergatik hau, zergatik hura. Zer egingo duzuen gero. Eta gero? Eta gero? Eta gero? Sekula bukatzen ez den galdera-kate bat, jakiteko antsia, ustez dena dakien norbait parean edukitzeak sortzen duen emozio hori. Zergatiaren zergatiaren zergatia ezagutu arte atsedenik hartu ezin hori; biriketatik zuzenean ateratzen ziren galdera horiek, ia oxigenoa bezain beharrezko ziren galdera horiek.

Eta guraso nekatuek “helduen kontuak” zirela esango zizuten lehendabizi. Eta eskolara joan eta irakasleari galdetuko zenion, zergatik hau eta zergatik hura. Eta klasekideren batek isiltzeko esango zizun beharbada, ea ez al zenekien, berak bazekiela, mundu guztiak zekiela, zu zinela ez zekien bakarra. Eta zure burua nola txikitzen zen sentituko zenuen; nola biltzen zinen zure baitara, nola ia klaseko mahaipean ezkutatzeraino makurtzen zitzaizun jakin-mina. Eta hala hasiko zinen galderak biriketan ezkutatzen, ez zenekiena ere bazenekienaren itxurak egiten; nola ez zenuen jakingo bada, mundu guztiak baldin bazekien; nola ez duzu jakingo bada, jada heldua bazara, mundua zure neurrira egina badago.

Eta orain etxe hutsak ikusten dituzu zure inguruan. Eta galdezka hasi nahiko zenuke. Baina galdera gehiegi pilatu zaizkizu biriketan. •