2023 URR. 14 Iritsi da eguna, Joxemiel Amagoia Mujika Hezkuntza eta hizkuntza ereduen eztabaida pil-pilean, politikariak elkarri errietan eta herritarrak tenis partida batean; burua hara, burua hona. Bitartean, belarri izkinatik gure gaztetxoak entzuten ditugu euskaraz hiru esaldi segidan josi ezinik. Askok euskara jaso dute etxean eta eskolan, gai dira euskaraz fin aritzeko, badute euskaraz zein gaztelaniaz aritzeko gaitasuna, baina hiru esalditik bat, bost hitzetik bat, gaztelaniaz lehertzen zaie. Nahi gabe bezala. Euskararen alde daude, euskararen aldeko mezuarekin lata ederra eman diete gurasoek eta irakasleek, baina haiei gaztelaniak ihes egiten die burutik mingainera eta hortza artetik kanpora. Zergatik? Sinmas. Lazkao Txiki jakintsuak esana utzi zuen: «Hemendikan urte batzuetara, denak erdaraz arituko gara, euskaraz ari garelakoan». Iritsi da eguna, Joxemiel. Sentsazioa daukat -eta ez nuke ezkorra izan nahi- euskaldunak sortzeko gaitasuna makaldu zaigula. Egia da euskaraz dakitenak gero eta gehiago direla, adin batetik beherako herritar denek euskaraz dakitela -horretarako egin du lan hezkuntzak-, baina kalean belarria jarri besterik ez dago krakatekoa sentitzeko. Batzuetan, nahiago nuke gorrarena egin eta ez entzun. Mina ematen du gurasoak euskaraz eta haur txikiak erdaraz sumatzea, jo eta su. Fruta-dendako ilaran; amak euskaraz, sei urteko neskatoak gaztelaniaz, amak euskaraz, neskatoak gaztelaniaz, amak euskaraz... Amaren pazientzia infinitua miretsi dut, nik honezkero zaunka egina nion. «Niri euskaraz hitz egin». Egia esan, ez dakit zein den taktika onena, etengabe euskaraz egiteko agindu edo paso egin. Akaso etengabe matraka ematea ez da ona; agian nazka hartuko diote euskarari; gerta daiteke aginduari kontra egiteagatik erabat baztertzea euskara... Jakingo bagenu zein den estrategia, zein edabek piztuko duen euskara, nola kargatuko diogun euskarari bateria... Kontua ez dago erraza, baina asko daukagu jokoan. Uste dut ezin garela errenditu. Euskarari soineko berria josi beharko diogu, egungo gaztetxoentzat erakargarria, guaya izan dadin. Eta politikari batzuek ulertu beharko dute euskara ez dela guayarena egiteko txanpona, orain eman, orain kendu. Herri honek euskaraz arnastu nahi du eta horretarako neurriko hezkuntza eta tamainako agintariak merezi ditu. •