GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ANALISIA }

Estuegi lodientzat

Ezin Kabitu taldeko Itziar Reguero eta Laura Galar militante lodiek eman zuten lodifobiari buruzko hitzaldia Usurbilen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kabituko ote dira gure ipurdiak aulkietan?». Hau izan zen Itziar Reguero eta Laura Galarren lehenengo beldurra Usurbilgo frontoian “Munstroak hemen dira. Lodifobia suntsitzeko lehen pausoak” hitzaldia hasi aurretik, gero onartuko zutenez.

Loditasunaz eta lodifobiaz hitz egitera erdu ziren Usurbilera gaur zortzi, 800 pertsonatik gora han batuta zeudela, Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea kari. Herriko frontoian jarritako eszenatokitik azaldu zuten egungo sisteman ez direla lodiak kabitzen. Batzuetan, Usurbilekoa moduko jardunaldietan jartzen diren aulkietan ere ez. Eta esplikatu zuten kabituko ote diren beldurrak ez direla ausazkoak, ezta naturalak ere.

Handik aurkeztu ziren, hala ere, horrela: «Arabarrak, transfeministak eta lodiak gara».

Horretaz aparte, Ezin Kabitu kolektiboko kideak ere badira Itziar Reguero eta Laura Galar. Talde hau, berez, iazko irailean Gernikan egin ziren Euskal Herriko lehenengo “Jatunaldiak” antolatzeko helburu bakarrarekin sortu zen. Hasierak hazi egin zuen, alabaina: «Jatunaldiak historikoak izan ziren, jende asko hurbildu zen, 150 inguru, lodiak ere asko», azaldu zuten hizlariek. Hala, haria tenkatu eta lodifobiaren aurkako bigarren jatunaldia egin zuten pasa den martxoan Gasteizen. «Antolatuta gaude», baieztatu zuten.

Antolatuta daude, lodien kontra ematen diren zapalkuntzen, lodifobiaren, izaera «egiturazkoari» aurre egiteko, «gure bizitzen alde guztiei eragiten diolako», esan zuten.

Eta zer da, bada, lodifobia? Magda Piñeyro lodiaktibistaren definizioa plazaratu zuten Usurbilen: «Lodien gaineko zapalkuntza eta indarkeria, soilik lodia izateagatik». Gorputz lodia bazterreko gorputza da, zehaztu zutenez.

Atzo, boteredun

Ez da beti horrela izan. Unean uneko eta tokian tokiko koiunturek erabakitzen dute gorputzaren gaineko irakurketa soziala. Zeren gorputza ez da soilik uki daitekeen hori, «gorputzaren gainean eraikita dagoen guztia ere bada», esan zuen Reguerok. Eta, hortaz, «kultura inskribatu egiten da gorputzean», gorputza kulturan ere bai.

«Gorputzak aldaketak jasan ditu historikoki; loditasuna, beste momentu batzuetan, balioetsi egiten zen. Urritasun edo gosete garaietan, batez ere, loditasuna klase altuena zen, pribilegioa zen lodia izatea, batez ere emakumeen kasuan», esplikatu zuen.

Industrializazioa ezagutu aurreko mendebaldeko Europaz ari zen Reguero -behin baino gehiagotan zehaztu zuten, nondik hitz egiten den jakitea garrantzitsua delako: «Guk XXI. mendeko jendarte mendebaldarretik hitz egiten dugu, eta zuriak gara»-. Garai batean, gaineratu zuenez, ugalkortasunarekin lotzen ziren gorputz lodiak, «erakargarriak eta desiragarriak» ziren titi handiak eta aldaka zabalak zituzten andrazkoak. «Nekazaritza eremuetan, emakume indartsuak, lodiak eta handiak trebetasun fisikoarekin lotzen ziren», sakondu zuen.

Industrializazioarekin hasiko zen gizarte mendebaldarra alde positibo guztiak eranzten loditasunari, negatiboak janzteko.

XIX. mendearen erdialdean, Adolphe Quetelet matematikari belgikarra agertuko zen baieztatzera zenbateko pisua izan behar zuten gorputzek, altueraren arabera. Hark ekarri zuen Gorputz-masaren Indizea, gaur ere medikuntzan erabiltzen dena, eta esan zuen nolakoa behar zuen izan langile baten gorputzak produktiboagoa izateko. Neurri «estandarreko» fabriketako uniformeek zehaztu zuten zein zen gorputz «estandarra».

Gero, loditasuna klase baxuko jendartearena izatera pasatuko zen, eta arazo bihurtzera.

Gaur, munstro

Garai txarra da gaurkoa lodia izateko; crossfit, autozaintza, real food, indibidualismoa, positibismo faltsuaren garaia; nahi baduzu, egin dezakezu. Lodientzat, mezua argia da: gogor saiatuz gero, argala izatera irits zaitezke. «Ni ez naiz inoiz argala izan, zergatik izango naiz hemendik hogei urtera? Spoiler, ez da gertatuko. Denbora guztian errepikatzen da, barruraino sartzen digute leku guztietatik etorkizunean argal izan zaitezkeenaren ideia», kritikatu zuen Laura Galarrek. «Sinetsarazi nahi digute lodi gaudela eta ez lodiak garela. Guk kontrakoa diogu: lodiak gara», aldarrikatu zuen, halaber, Itziar Reguerok.

Magda Piñeyro aktibistaren esanetara jo zuten berriz ere arabarrek. Filosofo uruguaitarraren arabera, lodien kontrako zapalkuntzak hiru oinarri nagusi ditu: estetika, morala eta osasuna. Banan-banan aletu zituzten.

Estetikari heldu zioten lehenik Ezin Kabituko kideek, eta baieztatu zuten edertasun kanonean ez direla gorputz lodiak sartzen. Logika heterosexualaren arabera, «emakumeak femeninoak, zuriak eta argalak izan behar dute eta, beraz, argala ez dena ez da desiragarria», adierazi zuen Reguerok.

Horrek guztiak «frakaso» sentipena dakar arabarren hitzetan, zeren gorputzak «moldagarriak» direla esatera datoz arau estetikoak, arau moralak. «Moralak esaten digu zer dagoen gaizki eta zer ondo. Eta gaur egungo esfortzuaren kulturak esaten du, lodi bazaude, hala nahi duzulako dela», gaitzetsi zuen Reguerok, eta gaineratu: «Lodiok erru handia sentitzen dugu gure gorputza ez aldatzeagatik. Zeren, utopia beti izan da argal bilakatzea».

Argal egote utopiko horretara iristen “laguntzeko”, industria oso bat eskaintzen du kapitalismoak: moda, gimnasioak, “gaztetzeko” kremak, pausoak zenbatzen dituzten erlojuak, kirurgia estetikoa… «Industria horiek guztiak gorputzaren itxura aldatzea dute oinarri», argitu zuen Galarrek. Eta, Ezin Kabituko kideen ustez, merkatuak eskaintzen dituen horiek guztiak «gizartearen kontrol erremintak» dira, «autokontrolez» eta autozaintzat mozorrotuta. «Esaten digute gure burua kontrolatu behar dugula eta, horrela, ardura indibidualizatzen dute», ohartarazi zuten.

Hala, lodi diren pertsonei gizatasuna kentzen zaiela baieztatu zuen Laura Galarrek, munstrotzat hartzen direla: «Kontrolik gabeko gizakiak gara, nazkagarriak, lotsatzeko modukoak. Handiak, potoloak, itsusiak. Gure gorputzak animaliekin konparatzen dira, gizatasuna kentzeko. Txerriak gara, mortsak, mamutak, elefanteak, behiak. Agentzia kentzen digute. Honek guztiak munstro bihurtzen gaitu».

Munstroak, bestalde, gaixo bihurtzen dira medikuaren kontsultategiko atea zeharkatu eta berehala. Berdin dio zein diren hara eraman dituzten motiboak, buruko mina, belauneko mina, ondoeza. Handik ateratzean, dieta egiteko gomendioa eramango dute etxera.

Lodifobiak «oinarri kapazitistak» ere badituelako; Galarren esanetan, «gorputz lodiak gorputz gaixo gisa irakurtzen dira», eta indarkeria maila altuak jasaten dituzte osasungintza zerbitzuetan. «Medikuarenera noanean, baieztatzen du lodia izateagatik elikagai konkretu batzuk jaten ditudala, koipetsuak, eta ez dudala kirolik egiten. Lodiok garenaren inguruan irudi bat sortzen da, denok berdinak bagina bezala, denok egun osoa sofan botata emango bagenu bezala», gaineratu zuen.

Aktibista lodiek, beraz, etengabe gezurtatu behar dute loditasuna ez dela gaixotasun bat. Baina bigarren irakurketa bat ere ekarri zuen Reguerok. «Eta gaixo bagaude, zer? Nik Laura ez dut kaletik iraintzen miopea delako, gaixotasunak ez dira irain bilakatzen. Osasunak ez du izan behar norbait baliozkotzeko irizpidea», nabarmendu zuen.

Lodifobiak -eta ez loditasunak-, beraz, sortzen ditu gaixoak, munstroak, animaliak, eta eragiten du pertsona lodiek, kasurako, «lana lortzeko zailtasun gehiago izatea, kiroletatik eta desiratik baztertuak izatea, eskolan bullying-a jasatea...», zerrendatu zuen Galarrek.

Funtsean, zapalkuntzen zama eta sistemaren zelata jasaten dituzte pertsona lodiek. Galarrek eta Reguerok arkitektura panoptikoa -zaindari bakar bati zelda guztiak ikusteko aukera ematen dio egitura honek, dorre batetik, presoek zelatatuta dauden edo ez jakin gabe- darabilten espetxeekin konparatzen dute lodifobia, etengabe zelatatuta sentitzen baitira lodiak. Eta lodifobiak ez die soilik lodiei eragiten, zehaztu zutenez. Espetxeek preso ez dagoen jendartearengan eragina duten bezala, gatibu izateko beldurren bidez, lodi bilakatzeko beldurra txertatzen du jendartearengan lodifobiak.

Hau argi ikusi zen koronabirusaren pandemia kari ezarritako berrogeialdian, Regueroren aburuz. «Jendea loditzeko beldur zen. Gu izatera iristeko beldurra zuen jendeak. Zenbat bizikleta estatiko saldu ziren, zenbat bideo publikatu aerobik etxean nola egin ikasteko, zenbat gimnasio muntatu etxeetan... Gu, lodiok, ginen beldurgarriak», oroitu zuen.

Bihar zer?

Ezin Kabituko kideak bihar ere lodiak izaten segituko dute, baina bultza eginez, lodifobiaren kontra antolatuta eta loditasuna kolektibizatuta. Sisteman ez dira kabitzen, eta ez dute kabitu nahi.