2023 URR. 21 { DATORRENA } Gehiengoak ez dira ñabarduretan eraikiko Gorka ELEJABARRIETA Bihar hauteskundeak egingo dira Argentinan. Inkestei kasu egiten badiegu, Javier Milei populista eskuindarra eta Sergio Massa hautagai ezkertiarraren arteko lehian badirudi Milei doala aurretik Presidente bilakatzeko lasterketan. Latinoamerika ezkerrera doa, bigarren ziklo aurrerakoia hainbat herrialdetara iritsi den momentuan, Argentinak atzerapauso nabarmena eman dezake. Milei ez da edonor, esan eta egiten dituenak argentinarren gehiengoaren babesa jaso dezakeela pentsatzeak beldurra ematen du. Diktadurak eragindako sarraskien negazionista, agenda liberal eta kontserbadorearen defendatzaile sutsua eta zerbitzu publikoen desagerpena eta pribatizazioa aldarrikatzen duena, Estatuaren esku hartzea ezabatuz. Eta, era berean, hildako bere txakurrarekin medium baten bidez hitz egiten duela dioen “Estatu gizona”. Primaria irekietan sorpresa eman, eta geroztik babesetan indartzen ari dela dirudi, nahiz eta bidean kristoren astakeriak bota. Bihar ikusiko dugu zer gertatzen den. Ez da baztertu behar Mileik lehen itzulian irabaztea, ezta Ballotage edo bigarren itzulia egotea ere. Argentinaren historia garaikideak erakutsi digu onena eta txarrena egiteko gai dela, baina argi utzi du beti kalera ateratzeko prest dagoen mugimendu sozial eta politiko indartsua duela. Buenos Aires, La Plata, Rosarioko kaleak borbor egongo dira datozen egun eta asteetan. Bolsonaro, Trump, Duterte… Azkeneko hamarkadan egon dira beste hedadura batean beldurra ematen zuten lehen ministro eta presidenteak. Milei liga horretakoa da, eta presidente bihurtuz gero, Argentina, Latinoamerika eta munduarentzat berri ezin txarragoa litzateke. Populismoa eta ultraeskuina eskutik doaz munduko hainbat txokotan, gero eta babes gehiago eta beldurgarriagoa jasotzen ari da munduko hainbat herritan, bai Latinoamerikan, arestian aipatu dudan bezala, eta baita Europan ere. Ez da kasualitatea mundua zibilizazio trantsizio baten bidegurutzean dagoen unean populismoak, eskuinak eta negazionismoak indarrak hartzea, Nazio Batuak eta nazioarteko gobernantza globala ziurtatzeko eratu ziren hainbat erakunde krisi sakonean egotea, eta ezkerrak oro har noraez izugarria erakustea. Bebe Sendic Tupamaroen sortzailearen hitzak datozkit burura, militatzeko filosofiaren garrantzia agerian uzten dutenak: «Gure arteko desadostasunetan tematzen bagara, bizitza osoa igaroko dugu gure arteko liskarretan. Baina gure adostasunetan oinarritzen bagara, bizitza osoa elkarrekin lanean pasatuko dugu». Eta egia da ezkerrak baduela joera fokua desadostasunetan jartzeko, banatzen gaituen horretan eta ez horrenbeste elkartzen gaituzten kontuetan, elkartzen gaituena banatzen gaituena baino askoz gehiago denean. Argentinan, Amerika Latinan, Euskal Herrian, Europan, Afrikan eta mundu zabalean oro har fronte zabal demokratiko eta ezkertiar indartsuak behar ditugu, tokian tokiko erronka kolosalak ezinbesteko indar eta aukerekin garatu ahal izateko. Ez dago aitzakiarik, ez dago arrazoirik Leninek ederki deskribatu zuen “izquierdismo” horretan tematzeko. Ez da momentua horrelakoetarako. Ñabarduraz beterik dago beti edozein jarrera, edozein irakurketa eta edozein proposamen. Ez dago kontraesanik gabeko biderik. Nire lagun batek dioen bezala, bost kontraesan baino gutxiago duenak sektarismoan murgiltzea beste biderik ez. Joseba Sarrionandiak idatzi bezala, iraultza egin edo iraultzaile bezala bizitzearen artean aukeratzea dagokigu. Iritsi zaigu tenorea. Gutako bakoitzari eta guzti-guztioi, kolektibo eta herri bezala. Bi aukera daude: munduko gatazkak etxeko sofatik jarraitzea inolako kontraesanik gabe eta egoera aldatzeko ezer egin gabe, edo lokatzetan sartzea, batzuekin eta besteekin bustitzea, elkarrekin gehiengo zabalak eraikitzeko. Gehiengoak ez direlako sekula eraikiko ñabarduretan tematuta. Aurrean ditugun erronkak izugarriak dira. Has gaitezen bihar bertan bide horretan. Argentinan, zergatik ez? •