GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Joan daitezela?

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Orain hamarkada bete bisitatu genuen Palestina. Bi gauzak harritu gintuen gehien. Batetik, israeldarren artean zegoen erabateko ezjakintasuna, batez ere Israelen sorrerari buruzkoa. 1948an palestinarrak haien etxeetatik kaleratu eta haien kontrako sarraskiak burutu zirenekoa ez dago haien mentalitatean, historialari israeldarrek ere hori azpimarratu duten arren. Hau da, Palestinarren Hondamendia (nakba), existitu existitu zela. Milioika palestinar errefuxiatu eta horien ondorengoak bai Gazan eta bai Zisjordanian, baina baita inguruko herrialdeetan ere bizi direla ez jakiteak, izugarri zailtzen du gatazkaren erro historikoak identifikatzea. Israeldar gehienek herrialde sionista europar bezala ikusten dute: hondartza, saskibaloi estadioak, musika festibalak, turismoa, unibertsitatea... Gazte europar bezala ikusten dute haien burua israeldar gazte judutar askok. Horrela, terrorismoaren eztandak larritzen ditu noizean behin, Madrilen martxoaren 11ko atentatuek gizartea asaldatu zuten eran. Baina esaterako Espainian gertakari hark herritarrak Aznarren gobernuan eta haren gezurretan erantzuleak ikusi zituzten bitartean, israeldar gehienak ez dira harridura eta asaldaduratik ateratzen. Ezin dute ulertu nola den posible haiei halakorik gertatzea.

Interpretazio horretan, aldiz, barne-barneraino sinistu duten gezurra dago. Izan ere, israeldarrek egin egin dute soldadutza eta ezagutu ezagutu dute palestinarren egunerokoa. Esan daiteke zerbitzu militarrak israeldarrak intsentsibilizatzen dituela, joko eta ariketa militar bezala aurkeztuz palestinarren zapalketa sistematikoa. Gaztetan ezagutu beharreko zerbait da, heldutasunera iristeko tramitea, unibertsitateko lehen urteko hasiberrien txantxa gustu txarrekoa bailitzan. Behin zerbitzu militarra pasatuta, haien subkontzientean giltzapetuta uzten dute palestinarren bizimodua eta berriro hasierako idealizazio sionistara bueltatzen dira.

Harritu eta larritu gintuen bigarren gauza kolonoen pentsamendua izan zen, mesianismo arrazistaz erabat bustia. Lurra gurea da, jainkoak eman zigun. Arabiarrak joan daitezela hemendik. Ez al dituzte inguruan herrialde arabiarrak? Joan daitezela Gazakoak Egiptora eta Zisjordaniakoak Jordaniara. Eta listo. Non dago arazoa? Estatuak eta nazioarteko harremanak ulertzeko modu berezia, jakin baitakigu zer nolako ondorioak dakartzan pentsatzeak Estatu baten mugek muga etnikoekin bat etorri behar dutela. Lebensraum delakoaren ondorioak, alemaniarrek bizi espazioa behar zutela ziotenean zer gertatu zen? Edo zer gertatu zen Jugoslaviako aniztasuna muga eta etnia homogeneoekin ordezkatzeko aukera lehenetsi zenean? Edo neokolonialismoaren testuinguruan Ruandan eztanda egin zuenean garbiketa etnikoak?

Jakitun gara orokortzera jo dugula, mahai gainean ezberdintasun argia jarri behar da, sionismoak ez ikusiarena egin arren. Gauza oso ezberdina da judaismoa (norberak eduki dezakeen erlijioa eta horren errespetua) eta Israelen existentzia, bere muinean baitarama garbiketa etnikoa. Historiaren ironia litzateke egungo israeldar agintariak Nurembergeko epaiketen errepikapen batean zigortzea, baina badirudi bide horretan doazela buruz behera. •