GAUR8 - mila leiho zabalik
CERRADO ARRISKUAN

Amazonia bezala, Brasilgo sabana deritzona suntsituko du agroindustriak

Cerrado Amazoniako oihan tropikala baino askoz gutxiago ezagutzen da, baina berotze globalaren aurkako borrokan berebiziko garrantzia du. Sabana honetako lur hareatsua oso gutxi ustiatzen zen, baina hamarkada gutxiren buruan Brasilgo nekazaritza gune nagusietako bat bihurtu da.

Carminha Maria Missio Barreiraseko nekazaritza-eremu batean. (Nelson ALMEIDAAFP)

Brasilek 96 milioi hektarea landaredi natibo deforestatu ditu azken 38 urteetan, Alemaniaren tamaina baino 2,5 aldiz handiagoa den eremua, gehiena Amazonian eta Cerradon, planetako biodibertsitate handiena duen sabanan. Landare eta animalia ugaritasunaz gain, herrialde osoko arro hidrografikoak elikatzen dituzten iturburuak daude bertan, baina sabanaren suntsipena bizkortzen ari da bistatik galdu arte.

«Esan ziguten ezin genuela espero ere egin muskerrak ikustea lur hareatsu honetatik ateratzen», esan dio AFP agentziari Carminha Maria Missiok, Brasilgo Forbes aldizkariak nekazaritzaren sektorean eragin handiena duen emakumetzat jotzen duenak. 1979an, bere familiak lurrak erosi zituen Cerradon, Brasilgo hegoaldean etxalde txiki bat saldu ondoren. Gaur arte, Cerradoko fauna, flora eta iturburuak disfrutatu ditu. Baina zerbait aldatzen ari da: Cerradoko landaredi autoktonoaren erdia desagertu da jada, eta belardiak eta zuhaixkak soja, zereal edo kotoizko zelaiekin ordezkatu dituzte. Latinoamerikako herrialderik handiena nekazaritza potentzia handia bihurtu da, eta munduko lehen soja esportatzailea, hein handi batean, sabanari esker.

Sakrifikatutako ekosistema

Lurralde honen bihotzean dagoen Sao Desiderio udalerria, ipar-ekialdeko Bahia estatuan kokatua, deforestazioaren sailkapen nazionalaren buru izan da aurten. Bere paisaia, uzta garaiaren ondoren, mosaiko erraldoi bat da, non sabanako landaretza autoktonoaren orban berde gutxi geratzen diren zelai marroi itzelen erdian. Seinale kezkagarriak dira denak.

Lur hareatsu hauetan zerealak landatzea errentagarria da, baina eskala handian. Gehienak “Cargill” eta “Bunge” bezalako multinazionalek finantzatzen dituzte, eta nekazariek asko inbertitzen dute ureztatze-sistema eta pestizidetan.

Suntsiketaren irudi orokorra (Nelson ALMEIDA / AFP)

Sabana lur langai bihurtzeko, “correntao” teknika erabiltzen dute, bi hondeamakina lotzen dituen eta landaretza guztia inguratzen duen kate handi baten bidez.

Iaz Suitzaren tamainako azalera bat erre zen Cerradon, MapBiomas ikerketa-taldearen arabera, eta adituek ere ohartarazi dute eskualdea lehortzen ari dela lurzoru eta ureztatze-sistemen degradazioaren ondorioz. Natur inguruaren egoerak kezka sortzen du. Cerrado «sakrifikatutako ekosistema» da, dio Leticia Verdi ISPN GKE ekologistako kideak. Oraingoz, Luiz Inacio Lula da Silva presidente ezkertiarrak Amazoniako deforestazioa geldiarazteko hitza bete du: erdira murriztu da urtarrilean boterera itzuli zenetik. Baina sabanan, egoerak okerrera egin du, deforestazioa %27 igo delako.

Lurpeko amazonia

Rodrigo Agostinho, Ibama ingurumen agentzia publikoko presidentea, kategorikoa da: «Cerrado Amazonia bezain garrantzitsua da krisi klimatikoaren aurkako borrokan».

Izan ere, bi ekosistema horiek oso lotuta daude. Sabana oihan tropikaleko prezipitazioez elikatzen da; oihan tropikala, berriz, Cerradoko iturburuen mende dago, bere ur-ibilguak elikatzeko.

Biek dute funtsezko zeregina berotegi-efektuko gasen aurkako borrokan: Amazoniako oihanak, milioika zuhaitzekin, eta sabanak, CO2 xurgatzen duen biomasaz beteriko bere erradio-sistema sakonarekin. Hortik dator «Lurpeko Amazonia» ezizena.

Mario Alberto Dos Santos geografoa Guara ibaiaren haraneko agroekologia proiektuaren lorategian (Nelson LAMEIDA / AFP)

Ispilu-efektu horrek beste alderdi batzuetarako ere balio du. Amazonian, deforestazioaren %95 legez kanpokoa da. Cerradon, %95 legezkoa da, Ibamaren arabera.

GKE ekologisten aburuz, paradoxa hori agronegozioaren lobby boteretsuaren eraginari zor zaio. Amazoniako nekazariek lurren %20 baino ezin dute moztu. Cerradoko sabanako eremu gehienetan, ordea, kontrakoa gertatzen da: okupatzen dituzten lurren %20 bakarrik uzten zaie kontserbatzen.

Landa-indarkeria

Lur-jabe handi batzuek metodo biolentoak erabiltzen dituzte arau horiek saihesteko. Eta Joao da Silvak ordaindu du prezioa. Heriotza-mehatxuak jaso zituen, eta eraso batetik ihes egin zuen, kamioneta batek bere ibilgailua jo zuenean. «Nire lurra utzi behar nuela esan zidaten, jada ez zela nirea esanez», nabarmendu du bost seme-alabaren aitak.

GKEen arabera, abeltzaintza-etxalde erraldoien jabeak nekazari txikiek dituzten eskokatu gabeko lurrak bereganatzen ari dira, beren lurretan sartzeko eta, horrela, zaindutako eremuen kuota betetzeko.

Eskualdeko abeltzaintza-komunitate tradizionaletako liderrei hainbatetan eraso egin diete, eta indarkeria hori ohikoa da Brasilen; 2012az geroztik, ekologisten edo landa-eremukoen lurretan izandako liskarretan 377 hilketa izan dira, Global Witnessen arabera.

Hezkuntza jasangarria

Mario Alberto Dos Santos Mendebaldeko Badiako Unibertsitate Federaleko irakasleak hezkuntzaren bidez egoera aldatu nahi du, Cerradon urruti dauden herrietako gazteei nekazaritza jasangarriari buruzko ikastaroak emanez.

«Bide luzea dugu egiteko», onartzen du, eta, neurri handi batean, produkzio-sistemaren «funtsezko eraldaketa» defendatzen du Dos Santosek.

Sute baten ikuspegia Cerradoko sabanan (Nelson ALMEIDA / AFP)

Apirilean, Europako Parlamentuak deforestazioan oinarritutako nekazaritzako zenbait produkturen inportazioa debekatzen duen araudia onartu zuen. Baina sabana brasildarrean ez du eraginik: bertako landaredia ez da berez «basotzat» hartzen.

Mugimendu ekologistek EB presionatu dute arau hori «beste baso-eremu batzuetara» zabal dezan, hala nola Cerradora. Munduko Natura Funtsaren ustez, ez dago zalantzarik; ziur diote hiru hitz horiek testuan sartzeak «ekoizpen iraunkorrago baterako trantsizioa sustatuko lukeela».