GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Gabonetako zuhaitza

Gabonetako zuhaitzetan asko zaintzen da bola bakoitza non jarri. (GETTY)

Boris Johnson berriro ere goiburuetan daukagu. Covid pandemia garaian orduko gobernuak egin zuen kudeaketa eskasaren inguruko ikerketa egiten ari dira, Gobernuko hainbat lekuko adierazpenak egitera gonbidatuak izan direlarik. Helen MacNamara, Boris Johnsonen Gobernu idazkaria zenaren txanda izan da duela egun batzuk, eta Gobernuko giro toxikoa nabarmentzen zuten hainbat gertakariren berri eman du. Gobernuaren inkonpetentzia salatu du eta emakumeak gutxiesten dituzten hainbat gertaera argitara eman ditu. Besteak beste, Dominic Cumminsek, Johnsonen aholkularia zenak, bidalitako Whatsapp mezu misoginoak erakutsi ditu. Cumminsen erantzuna adierazgarria izan da; onartu du mezuetan ez zuela hizkuntzaren erabilerarik hoberena egin, baina mezuak gizonezkoei zuzendutakoak zirela esan du. Bejondeiola, arazoa onartu beharrean, lotsagabekeria nartzisista eta destainaz beterikoa erakutsi baitu, bi negatibok emaitza positiboa emango dutelakoan edo.

Auto-errekonozimendu ahuleko pertsonak, azkenean, beste errealitate bat ikusi eta sinestera iristen dira, eta beraiena izan ezik, haien inguruko beste guztiena da errua. Downing Streeteko prentsaurreko guztietan, batean izan ezik, gizonezkoak bakarrik zeuden lehenengo ilaran. Egoera kontrolpean zegoela esanez, behin eta berriro diskriminazio positibozko diskurtsoak egiten zituzten alpha male boteretsuak ziren.

Antzeko sentsazioa izan nuen aste honetan. Genero berdintasuna lortzeko egiten ari garen ekimenen laburpena geneukan esku artean. Emaitzak, esanguratsuak: erdi-mailako postuetan %21 dira emakumezkoak; zuzendaritza postuetan, %9 eta zuzendaritzan dauden 43 gizonezkoetatik, bi bakarrik joan dira azken ekitaldira.

«Aurrera egin aurretik, adostu dezagun zein den benetan konpondu nahi dugun arazoa», bota zuen gizonezko batek. «Bestela Groundog Day dirudi honek», hori esateko ausardia izan zuen. Kontua da, esaldi horrek sortzen zidan frustrazioari buruz ideia izpirik ere ez zeukala. Cumminsen moduan. Ironikoki, gizonezko hori, gure jendearen garapen planen arduraduna da, enpresako etorkizuna definitzen ari denetako bat. Gizonezkoz betetako lekua, gizonezkoentzat diseinatutako etorkizuna definitzen. Hortxe dago arazoa.

Gabonetako zuhaitzaren analogia kontatu zidan lagun batek atzo. Gabonetako zuhaitzetan argiak kontu handiz jartzen ditugu, modu perfektu batean sakabanatuta egon daitezen, pazientziaz banaka banaka. Egunen batean, norbaitek botoia sakatuko du eta argi guztiak piztuko dira. Baina denak perfekzioan egon arte, banaka banaka jartzen jarraitu behar dugu.

Aurrean daukadan zuhaitz erraldoi honetan oraindik lan asko dago egiteko. •