2023 ABEN. 09 { DATORRENA } Desberdintasunen erregaia da etxebizitzaren krisia Maite Ubiria Cecile Duflot Etxebizitza eta Lurraldeen arteko Berdintasunaren ministro ohiaren esaldiak txapela ematen dio gogoeta honi. Egun, Osfam-eko lehendakariaren gisa mintzaz, etxebizitzaren auzia gizarte krisiaren lehergailu bilakatzeko arriskua dagoela ohartarazi du. Alarma jakina zen, eta gobernuz kanpoko erakundeak sirena zaratatsua piztu du. Azkeneko bi hamarkadatan haien lan esfortzua saltzen duten herritarren diru-sarrerak baino lau aldiz gehiago igo da etxebizitzaren prezioa Ipar Euskal Herria barne den frantses Estatuan. Joan zen mendeko 60ko hamarkadan familiek haien diru-iturrien %9 baliatzen zuten alokairua eta, oro har, jabego sozialeko etxebizitza politika lehenetsi izan duen Estatuan. Gaur egun, %23 behar dute erabili egoera ekonomiko osasuntsua duten herritarrek; %32, ordea, hilabete bukaera zailagoak dituztenek. Zer aldatu da bilakaera hori azaltzeko ? Faktore ezberdinak ahal dira, dudarik gabe, aletu. Alta, eskubideen galera orokorra estaltzeko agintari neoliberalek sarri aipatzen duten «kultura aldaketa» argudio gisa hartzeari uko eginez, Oxfamek faktore nagusia ezarri du mahai gainean. Bere txostenean jaso duenez, «sektore pribatuari ateak zabalduz, eskaera eta eskaintzaren arteko oreka hautsi du Estatuak, etxebizitza finantza-inbertitzaileen jopuntuan emanez». Heldu den udaran iraganen diren Joko Olinpikoen harira, Crous izeneko ikasleentzako egoitza publikoak bere gain hartuko ditu Parisko hiriak, mundu mailako topaketa horrek sortzen duen jendea aterpetzeko erronkari erantzuteko. Aipaturiko egoitzetan bizi dira beka bati esker ikasketak egiten dituzten gazteak. Frantses estatuan, goi ikasketak egiten dituzten ikasleen %40k lan egiten du, ez bere formazioa osatzeko asmoz, baizik eta alokairua, garraioa eta janaria ordaintzeko. Crous egoitzetako eskaintza handitzera jokatu ordez, ikasleak merkatuaren gurpil zoroan laga ditu Gobernuak. Airbnb-ko parketik etxebizitzak zurgatu beharrean, pobreziari buruzko txosten gehienetan atal berezia merezi duten ikasleak behin-behinean kanporatuko dituzte. Ez kexa. Ikasleentzako egoitza pribatuen sektoreak haizea alde du Hexagonoan, baita goi ikastetxe pribatuena ere. Litekeena da ordurako baten bat ohartu izana Paris ez dagoela, finean, uste bezain urrun? Etxebizitzaren krisia ezberdintasunen erregaia dela ohartzeko, adinaren eskailera igotzea bezalakorik ez dago. Ikasleen egoitzak soilik ez, adineko jendea bizitzeko egitura pribatuak ere azkarki hedatu baitira, «gizartean dagoen premiari» erantzuteko. Izan ere, botere eragin-gunetik at mamituriko azterketak nolako emaitza eskainiko luke gizarte kudeaketa publiko-pribatuari buruz? Jangela kolektiboak, zahar-etxeak eta lan osasuna bezalako zerbitzuen kudeaketa dirua egitea xede duten enpresa-taldeen esku uzteak gizartearen babes sistema sendotu du, edo alderantziz, lan bat dutenen etxeko atariraino hedatu du ziurgabetasunaren mehatxua? Europarzale distiratsua zelakoan Emmanuel Macronen ispiluan begiratu zen Iñigo Urkullu lehendakari (kasik) ohiari auditoria soziala sinesgarria egitea gehiegi eskatzea da, seguruenik. Promo-despedida-maratoia hasia baita. • De las residencias de estudiantes a las residencias de ancianos, la política pública que ha dejado la vivienda a merced del hambre de los inversores financieros es el principal origen de la crisis