2023 ABEN. 09 Elkarrizketa Frez TEAME Diasporan bizi den tigraytarra «Tigrayko egoera beste gatazka batzuk baino larriagoa da, baina munduak ez ikusiarena egiten dio» Urtebete da Etiopiako Gobernuak, Eritreakoaren laguntzarekin, Tigrayko matxino independentistekin zeukan gerra amaitzeko su-etena sinatu zuela Hego Afrikan. Gatazkaren zati odoltsuenari amaiera eman bazitzaion ere, Tigrayko herritarrek eta diasporan dauzkaten ordezkariek diote egoera ez dela konpondu. Oraindik ere erasoak gertatzen direla salatzen dute, eta Tigray bi urtez setiatuta eta erasopean egon ostean, goseteari eta gaixotasunei aurre egiteko agindutako laguntzarik ia ez dela iritsi kexu dira. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Urtzi URRUTIKOETXEA Su-etenaren hitzarmenetik urtebetera, zein da Tigrayn egun dagoen egoera? Armak isildu dira, orain jendea ez doa ihesi bizia salbatzeko. Baina beste gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu. Gosetea, medikamentuen falta, Tigrayko lurraldea oraindik okupaziopean egotea. Jendea izugarrikerien biktima da oraindik ere, Eritreako gobernuaren eta Etiopiakoaren aldeko Amhara etniako milizien mende. Era berean, AEBetako Gobernuak eta nazioarteko komunitateak, Munduko Elikagaien Programak eta abar, bertan behera utzi dute laguntza. Beraz, alde horretatik, herrialdean bertan ez dago aldaketarik. Tigraytarrak biktimak gara. Badakigu zer den gerra, eta zer dakarren. Bakearen alde gaude, ongi etorria ematen diogu bake honi, itxaropena daukagu bake iraunkorra iritsiko dela. Horretarako, espero dugu nazioarteko komunitateak, AEBetako Gobernuak, presio egingo diola Etiopiako gobernuari, bake-akordioa bete dezan, normaltasunera itzultzeko. Gaur, gauzak bestelakoak dira guretzat. Azaroan gogoan dugu gerra duela hiru urte hasi zela, 2020ko azaroaren 20an. Egun hartan gure bizitzak betiko aldatu ziren. Ordura arte herririk baketsuena ginen, jende atsegina, etxe ederrak genituen, ingurune baketsua, baina egun hartatik gure bizitza miserablea da, negarra da, beldurra da, basamortua da. Azaroaren 4a Tigrayko genozidioaren egun bezala aitortzea nahi dugu. XXI. mendean genozidioa egon delako, eta munduak ez ikusiarena egin diolako. Beste gatazka batzuek duten arretarekin alderatuta, estandar bikoitza ikusten duzue? Etengabe ari gara hori esaten. Arrazismoak leku handia izan du, ehunka mila tigraytar errugabek galdu dute bizia gerran. Tigrayko genozidioa Gazakoa baino okerragoa da, Ukrainakoa baino okerragoa, Siriakoa baino okerragoa, beste edonongo krisia baino okerragoa da, baina nazioarteko komunitateak eta AEBetako Gobernuak ez ikusi egin diote, beltzen krisi bat delako, Afrikako krisi bat delako. Beraz, nazioarteko komunitatearen estandar bikoitza agerian geratu da, arrazismoak rol garrantzitsua dauka genozidio honi ez ikusi egiteko garaian. Bake akordioaren arabera, Eritreako tropek Etiopiako lurraldea abandonatu behar zuten, baina oraindik ere Tigrayn daude. Horregatik esaten dugu akordioa ez duela betearazi Etiopiako aldeak, nazioartean onartutako Etiopiako Gobernuak lan egin beharko luke Eritreako tropak eta Eritreako Gobernua bera Tigraytik irten daitezen. Ez daude tropak bakarrik, Gobernua ere Tigray iparraldea eta mendebaldea eta bertako bizilagunak gobernatzen hasi da. Etiopiako Gobernuak eta nazioarteko komunitateak Eritreako Gobernuari presio egin eta erantzukizunak eskatu beharko lizkiokete. Zigor gogorrak ezarri beharko litzaizkioke Eritreari, akordioa betetzen duen arte. Tamalez ez da hala gertatu. Akordioa gerrako une gogor batean gertatu zen. Nola bizi dira biztanleak gaur egun? Izugarria da. Egiaz, genozidioa, sarraskia, ez zen amaitu duela urtebete sinatutako akordioarekin. 3.000 tigraytar baino gehiago hil dituzte Eritreako gobernuak eta Amharako gobernu erregionalak. Beraz, genozidio sistematikoak jarraitzen du Tigrayn. Munduak dio Bake Akordioa edo su-etena sinatu zelako dena ondo dagoela Tigrayn, baina ez dago ondo. Jendea hiltzen ari da. Oraindik ere eraso hilgarriak egiten dituzte bi gobernuek. Horrez gain, hiltzaile indartsuena dago, gosea, lau milioi tigraytarrek sufritzen dute gosetea. Jendea gosez hiltzen ari da. Jendea botika faltagatik hiltzen ari da; akordioen arabera, munduak aktuatu beharra zeukan, eremu humanitarioan batez ere. Tonaka eta tonaka laguntza iritsi behar omen ziren, janaria, eta hornidura eta larrialdi-funtsak. Ez da halakorik gertatu. Zertan lagunduko dio papereko sinadurak Tigrayko jendeari? Ezertan ez. Tigrayko Gobernua eta haren agindupeko indar armatuekiko zein jarrera duzue? Akordioaren alde gaude, gure (Tigrayko) gobernuaren eta gure herriaren alde eta akordioaren arabera jokatzea nahi dugu. Baina akordioak Tigrayko jendea babestu behar du, orain ez baitaukate ezer: TDF (Tigrayko Defentsa Indarrak) desegin egin zen akordioaren ostean, eta Tigrayko jendeak ez dauka babesik. Diasporatik, nazioarteko komunitateari presio egiten diogu gure jendea babes dezan. Gure herrikideak arriskuan daude oraindik, ez dugu babesik. Etsai beldurgarria dugu iparraldean, Eritrea, baita mendebaldean eta hegoaldean ere, Amhara Gobernu erregionalarekin oraindik arriskuan gaude, ez dakigu zer egongo den biharko egunean. Horregatik dago diaspora munduari aldarrika, akordioa erabat bete dadin. Era berean, kriminalek erantzukizunei aurre egin beharko liekete, genozidioaren kriminalak ez lirateke libre egon beharko. Tigray mendebaldean gatazka larriago dago. Zer gertatzen da? Lurralde-gatazka bat dago Amhara gobernuarekin luzaroan. Historikoki, gure lurraldea izan da, mendeetan bertan bizi izan den herria tigraytarra izan da. Tamalez, Eritreak ere gutizia du, eta nekazaritzarako lur emankorra da, horregatik Amhara Gobernuak Tigrayri kendu eta amharei eman nahi die. Historian, aurreko gobernuan, Haile Selassieren agindupean gobernu erregionala eratu zen, monarkiak lur gehiago eta jende gehiago gobernatzeko. Beraz, auzia garai hartatik dator, eta konpondu beharko litzateke. Lur guztiek tigraytar toponimia daukate, biztanleen % 80 tigraytarrak dira, nola demontre esango duzu amhara lurraldea dela? Nola ikusten duzu etorkizuna, Tigray independente bat, Etiopia barruan... Guri, diasporan, justizia eta erantzukizuna eskatzea dagokigu. Tigrayko herritarrek erabakiko dute Etiopiako sistema federalean jarraitu nahi duten ala euren eremu independentea eratu nahi duten. Ez dagokigu guri esatea. Diasporan, justizia eta erantzukizuna eskatzea dagokigu. Diasporan Etiopiako komunitate ugari daude, Washington inguruan esaterako. Gerra egon zenean, izan zen tentsiorik. Nola dago giroa? Etiopian krisi ugari daude, Tigraykoa hor dago, Oromiakoa ere bai. Guk edonorekin lan egin dezakegu, baina aitortza nahi dugu, aitortzea genozidioa egin zela, barkamena-eskatzea, gizatasun apur bat, eta gero, elkarrekin lan egin dezakegu. Besterik erantsi nahi duzu? Munduari esan nahi diot krisi hau, genozidio hau, ezkutatu egin zaiola munduari, nazioarteko komunitateari. Etiopiak genozidioa egin zuenean, Tigray mundutik deskonektatu zuen, ilunpean utzi zuen. AEBetako hauteskundeak ziren egun horietan, 2020ko azaroan, mundu osoa adi zegoen horretara, eta Etiopiak berariaz egin zuen hori, krimena ezkutatzeko. Munduak jakin behar du genozidioa gertatu zela XXI. mendean. «Egiaz, genozidioa, sarraskia, ez zen amaitu duela urtebete sinatutako akordioarekin. 3.000 tigraytar baino gehiago hil dituzte Eritreako gobernuak eta Amharako gobernu erregionalak. Beraz, genozidio sistematikoak jarraitzen du Tigrayn»