2023 ABEN. 16 { KOADERNOA } Jaio. Plateruena. Hil Erika LAGOMA POMBAR Durangoko Azokaren betekadak hutsuneak ere uzten ditu agerian, bat nabarmena, Plateruena. Ahotseneak makilatzen dio aurpegia eraikinari, betetzen du mukuru, baina Plateruena ezagutu duenak presente du hutsa. 2004ko urriaren 28an ireki zituen ateak 900 bazkideko kooperatiba bati esker, herritik sortua Durangorentzat, Durangon Euskal Herriarentzat. Euskaraz, konplexurik gabe. Durangoko Plateruena eraikitzeko eta azpiegiturak mantentzeko, 1.405.000 euro behar izan ziren, %87 autofinantzatua, %13 dirulaguntzetatik. Guztira 2.139 bertso-saio, kontzertu, aurkezpen, eztabaida, antzezkizun. 2020ko abenduaren 31n zarratu zituen ate ber horiek. Irribarretsu ageri gara argazkian, harro parte izanagatik, baina begirada triste batekin. Ez dago hesi lasterketa infinitu bat korritu dezakeenik. “Plateruena eta gero zer” plataforma sortu zuten gizarte mugimenduetan eta kulturan ibilitako, zebiltzan, Durangoko hainbat gaztek. Parte hartze prozesua abiatu zuten. Udalak ere bai, geroxeago, Emun enpresak gidatutako prozesu herritarra. Baten faltan, bi. Ondorioetan eredu ezberdinak aurkeztu bazituzten ere, zutabeak komunak ziren: eredu publiko-komunitarioa, Plateruena erakusleiho eta sorkuntzarako espazio, herriko kulturgile eta artistez osatutako Kultur mahaia gidari. Hauteskundeak ate joka zirela berpiztu zen Plateruena, 2023ko martxoaren 3an. Kultur aterpe bihurtuta. Ostalaritza zerbitzurik gabea, lizentziaren kudeaketa martxan, baina gauzatu gabe. Proiektua guztiz definitzeke; berau garatuko zuen Kultur mahaia osatuta, aldiz. Kudeaketa publiko-komunitarioa, 316.550 euroko aurrekontuarekin. PPk sostengatuta udal gobernua osatu dute EAJk eta PSEk. Plateruenaren afera zintzilik ikusi dugu askok, galdetu diogu elkarri zer gertatuko den, ikusteko dago. Amaia Ereñagak bildu ditu Naizen Durangoko kultur zinegotzi Jon Sergio Atxotegiren hitzak: «Durangoko Udalak bere aginte programan zehaztutako proiektu estrategikoen artean dago Durango euskal kulturaren egoitza bihurtzea… Une honetan elementu guztien hausnarketa egiten ari gara, Durangok merezi duen proiektu aproposena garatzeko, eta argi daukagu proiektu honetan Plateruenak paper garrantzitsua izango duela. Kultur Mahaiak ere zeresana eta zeregina izango du. Denbora apur bat behar dugu behar bezalako proiektua garatzeko. Ziur gaude azken emaitzak mereziko duela». Udal gobernuak bidean zegoen ostalaritzako lizentziaren prozesua eten du, eta berau berrikusten ari da. 2024an zehar, enpresa baten bidez, Plateruenarako planteamendu egokiena zein den aztertuko du. Aurreko bien faltan, hiru. Abenduan burutuko da programatutako azken emanaldia, urtarriletik aurrera ez da aurreikusten Plateruena zabaltzerik, ez bada udalarentzat garrantzitsuak diren ekitaldi txikiak gauzatzeko. 2024ko aurrekontuan murrizketa esanguratsuak datoz, eraikinaren mantenuari eta parte hartze prozesu berriari lotuta. Ez da aktibitaterik aurreikusten. Aurreko guztia hala omen. Eredu publiko komunitarioari eutsiko al zaio? Euskarak ardatz izaten jarraituko al du? Denboraren joan geldoak higatuko al du Kultur Mahaia? Sorkuntzarako gune ere bai, ala erakusleiho huts? Izango al da?... Jaiotzen den oro eraldatu egiten omen da, edo bere horretan hil. Badabil haizean herio usainik. Erratu nadin. • Eredu publiko komunitarioari eutsiko al zaio? Euskarak ardatz izaten jarraituko al du? Denboraren joan geldoak higatuko al du Kultur Mahaia? Sorkuntzarako gune ere bai, ala erakusleiho huts? Izango al da?