2023 ABEN. 23 «PRETENDIAN» KASUA Buffy Sainte-Marie artistari gezurretako nortasun indigena izatea leporatu diote Kanadako telebistak eman berri duen dokumental batek salatu du Buffy Sainte-Marie folk musikari eta amerindiarren eskubideen aldeko ekintzaileak ia 60 urtez bere benetako nortasuna ezkutatu duela. Bere karrera guztia gezurretako identitate indigena batean oinarritu duen pertsona zuri bat dela, alegia. Buffy Sainte-Marie, 2016ko apirilean New Orleansen egindako Jazz & Heritage jaialdian. (ROBBIESAURUS | WIKIMEDIA COMMONS) Urtzi URRUTIKOETXEA Ipar Amerikako indigenen artean erabateko astindua ekarri du Kanadako telebistak eman berri duen dokumental batek. Buffy Sainte-Marie folk musikari eta amerindiarren eskubideen aldeko ekintzaileak ia 60 urtez benetako nortasuna ezkutatu duela dio filmak; hau da, bere karrera guztia gezurretako identitate indigena batean oinarritu duen pertsona zuri bat dela. “Pretendian” bat, alegia, indiarra izatearen itxurakeriak eginez arrakasta lortu duen pertsona bat. Zaila da Buffy Sainte-Marieren garrantzia laburbiltzen: Kanadako ordenako kide egin zuten 2019an (herrialdeko errekonozimendu zibil garrantzitsuena), eta bere irudiarekin zigilu bat ere argitaratu zen 2021ean. Mende erdi baino gehiagoz Ipar Amerikako indigenen eskubideen alde egin duen lanaren eta borrokaren aitortza ugari izan ditu urteotan. Ez alferrik: jatorrizko herrien ahotsa izan da 60ko hamarkadatik, ordura artean beste inor ibili gabeko bideak urratu baititu. Bizitza oso batean eraikitako irudi hori, baina, gezur batean oinarritu du, CBC Kanadako telebistak egindako dokumentalean esandakoaren arabera. Une eta leku egokian egoten asmatu zuen Buffy Sainte-Mariek. Pete Seeger, Johnny Cash eta enparauekin aritu zen New Yorkeko Greenwich Villagen, eta oso bizkor lortu zuen arrakasta: 1964ko “Billboard” aldizkariak Urteko Artista Onena izendatu zuen. Hippy mugimenduen, eskubide zibilen aldeko borrokaren, eta, Black Power (beltzen boterea) aldarrikapenarekin batera, Red Power-aren (gorrien boterea, azal gorri edo indigenak, alegia) garaia zen. Urte guztiotan, indigenen eskaeren bozeramaile izan da Sainte-Marie, San Frantziskoko badiako Alcatraz uharteko okupaziotik. 1983an Oscar bat irabazi zuen; “An Officer and a Gentleman” filmeko “Up Where We Belong” kantagatik, sari hori eskuratu duen lehen indigena gisa ezagutu izan da. Aurretik, “Sesame Street”-en jokatutako rolagatik famatu zen Buffy Sainte-Marie. Lehen aldiz milioika haurri horrela aurkeztu zien kultura indigena: «Cree indigena da nire tribua eta Kanadan bizi gara». Iruzur zantzuak 1941ean jaio zen Massachusetts-en; II. Mundu Gerra izanik, familiak italierazko “Santamaria” “Sainte-Marie” bihurtu omen zuen. Hogeitaka urterekin, Piapot herria ezagutu eta bertako familia bateko kide bihurtu zen. Kantariaren hitzetan, Piapot erreserban jaio zen, baina amak adopzioan eman zion haurra inguruko estatubatuar familia bati; hala, Kanada erdialdetik milaka kilometrotara hazi zen, Estatu Batuetan. “Sixties Scoop” politiken biktima ere bazela salatu zuen; Kanadan milaka familia indigenetako haurrak hartu zituzten zerbitzu sozialek umezurztegietara eramateko eta han familia zuriek adoptatzeko. Politika horiek, baina, 50eko hamarkadan hasi ziren, eta Sainte-Marie 1941ean jaio zen. Jacqueline Keeler kazetari indigena izan zen Sainte-Marieren kontakizunean hutsuneak sumatu zituen lehenengoetakoa, artistari buruzko “Take it on” dokumentala ikusi zuenean iaz. «Semearekin batera eseri nintzenean, nik ez nuen espero aurkitzea Kanadako emakume indigenarik ospetsuena, Buffy Sainte-Marie, ez zela ez indigena ez kanadarra. Semeak musikari natibo arrakastatsu bati buruz ikastea espero nuen». Baina saioa aurrera joan ahala, aurreko iruzur-kasu batzuetan ikusitako alarma gorriak piztu zitzaizkion Keeler-i. Zantzu argiena izan zen Sainte-Marie «ez zela itzuli bere familia aurkitzeko, eta ez zuela dokumentaziorik eman adopzioaren historia frogatzeko». Garaiko paperak galdu izana ez omen da sinesgarria. «Erroldako datuen arabera, Buffy jaio zen urtean 400 lagun bizi ziren Piapoteko erreserban. Erditu ziren neska guztiak hil izan balira ere, Sainte-Marie-k bazuen aukera kasu bakoitza ikertzeko eta familiak ezagutzeko. DNA proba batekin erraz aurkituko zituzkeen ahaideak». Buffy Sainte-Marie folk musikaria Riddu Riddu jaialdian, 2019ko uztailean (Kimberli MAKARAINEN / WIKIMEDIA COMMONS) Hurrena, Massachusetts-eko jaiotza-agiriak begiratzea izan zen. Eta hantxe ageri da Beverly Jean Santamaria, 1941ean Stoneham herrian jaioa. Dokumentalean Heidi Sainte-Marie artistaren iloba elkarrizketatu dute (haren aita, Alan, Buffyren neba zen). Familiako bat gehiago zela dio, jatorri ingeles eta italiarreko estatubatuar bat. «Buffy ez zen adoptatua. Nire aitonaren eta amonaren alaba zen. Ez dakit noiz edo zergatik sortu zuen bere kontakizun hori». “Sesame Street”-eko ekoizleak deitu zion Alan Sainte-Marieri 70eko hamarkadan, eta horrek berretsi zion berezko neba-arrebak zirela eta guraso berberak zituztela. Handik gutxira, baina, artistaren Hollywood-eko abokatuek idatzi zioten berriz horrelakorik esan ez zezan. Artistak berak, berriz, gutuna erantsi zuen abokatuen oharrean, aurrera jarraituz gero haurtzaroan sexu-erasoak egin izana leporatuko ziola jakinarazteko, Heidi Sainte-Mariek negarrez dokumentalean kamera aurrean erakutsi legez. Erreakzioak Dokumentalak sekulako oihartzuna izan du aste gutxian. Indigenous Women’s Collective-ek (Emakume Indigenen Kolektiboak) «iruzur handi bat» egin izana leporatu zion, «berariazko narratiba faltsu batez aprobetxatuz engainatu ditu milaka indigena gazte eta heldu, eta, denetan tragikoena dena, kalte kolonialetik bizirik irten diren indigenei iruzur egin die». Euskal Herritik begiratuta ez da beti ulertzen gaiaren benetako larria. Hizkuntzaren bidez nortasun ahalik eta inklusiboena landu izan da gurean, Antton Lukuk laburbildu bezala: «Euskara ikasten duzu, ziup, automatikoki euskaldun zira, ongi etorri klubera eta puntu». Kanadan eta Estatu Batuetan, alabaina, gutxiengo etnikoari dagokion errolda berezia dago, eta sarritan, iraganean sufritutako zapalkuntzaren ondorengo erreparazio-neurria edo kalte-ordaina dagokie. Artista indigenentzat antolatutako Juno sariak itzultzeko eskatu diote. Saririk gabe geratu zirenetako batzuek etsipena adierazi dute. «Juno sariaren irabazleek Kanadan eta munduan zehar jotzen dute, eta finalistek inguruko pubetan eta tarteka udako jaialdiren batean», salatu du Billy Joe Green anishinaabe musikariak, 2009an finalista geratu zen Buffyk disko onenaren saria irabazi zuenean. Karmen Odiseoo Team Rezofficial taldeko hip-hop artistak ere antzera dio: «Engainatu egin nautela sentitzen dut. Zerbait kendu balidate bezala. Beste artista horiei guztiei zerbait kendu diete. Saria etxera eraman niezaiokeen amari, aitari, amonari, umeei». Askoren gogora Kelly Fraser inuk musikari gaztea etorri da. 2019an bere buruaz beste egin zuen, 26 urterekin. Aurreko urtean Juno sarietako finalista geratu zen, Buffy Sainte-Marieren atzetik. «Ez kexatzen saiatzen naiz, eta gero pentsatzen dut, baldin eta… badakit ezin dudala nire ahizpatxoa bueltan ekarri, baina sariak bizitza aldatuko zion eta bihotza berriz apurtzen zait», idatzi du Issiqut Anguk haren ahizpak. «Hainbeste sentitzen dut haren hutsunea. Hainbesteko errespetua zion Buffyri, eta min ematen du jakiteak, agian, Kellyren bizitza aldatuko zela saria berak irabazi balu, eta ez Buffyk». Angukek azpimarratu du ez diola leporatzen Sainte-Marieri ahizparen heriotza. Baina gogora dakar Kelly Fraser 40 mila euro inguru biltzen saiatu zela hurrengo diskorako, eta bi mila baino ez zituela lortu. «Bizitza aldatuko zitzaion urteko disko indigena onenaren sari hura irabazi izan balu». Zer da «pretendian» bat? Buffy Sainte-Marieren kasuak sekulako zalaparta sortu duen arren, ez da inolaz ere azken urteotan agerian geratu den iruzur bakarra. Hainbeste izan dira nortasun indigena faltsu bat aldarrikatu dutenak, ezen izena ere eman zaien: “pretendian”. Ingelesezko “pretend” (itxurak egin) eta “indian” hitzen nahastea da, hau da, indiar-itxurak egitea. Joseph Boyden idazlearen kasuan, 2016an harrapatu zioten gezurra, eta barkamena eskatu zuen. 2021ean Carrie Bourassa osasun ikertzaile ospetsua indigena ez zela frogatu zenean, iruzurraren zantzuak atzemateko ardura eman zioten Jean Teillet métis irakasleari (Kanadak onartuta daukan nortasun etnikoa da métis, europarren eta indigenen loturatik sortutako herri gisa). «Zein kalte egiten duen? Gezurra da, iruzurra da. Benetako pertsona indigena bati kentzen diote aukera hori. Onura bat lortzen dute, batzuetan onura handi bat. Bestela sekula lortuko ez luketen prestigioa da, dirua, bekak, sariak, lanpostuak eta lanak». Kim TallBear Albertako unibertsitateko irakasleak dio antzeko joera dagoela “pretendian” gehienetan: «Dokumentuak galdu zirela esaten dute. Baina indigenak oso ondo dokumentatuta gaude. Ondo dokumentatu behar gaituzte kolonoen estatuak, Auzi Indiarren Bulegoak, gobernatu gaitzan, lurrak banatzeko, barnetegi-eskolak kudeatzeko. Gogoratu, gu kontrolatzea zuten helburu, ganadua bezala biltzea, erakundeen mende jartzea eta asimilatzea». Urte asko daramatza Sainte-Mariek musika munduan. Goiko irudia 1968koa da, Amsterdamen egindako Grand Gala du Disque jaialdian ateratakoa (Jack DE NIJS - ANEFO / WIKIMEDIA COMMONS) Horri guztiari gehitzen zaio, legean jasotako nortasuna izanik, indigena nor den definitu eta zehaztu beharra. Genetika ez da beti lagungarri; batetik, ez dagoelako “DNA indigenarik”, gehienez ere, beste pertsona batekiko lotura argi dezake (horregatik eskatu diote Buffy Sainte-Marieri proba egin dezala, Piapot herria txikia izanik, erraza litzatekeelako lotura adieraztea; eta era berean, Massachusetts-eko senideak biologikoki ere hala diren argituko lukeelako). Baina horrekin batera, “blood quantum” kontzeptuak (odol-kopurua) nortasun etnikoa zehaztea ere salatu dute indigena askok, agintari kolonialek inposatutako identifikazio-mota bat delako. Hala, aitona-amona indigenaren bat izatea da ofizialki aitortutako herri indigena bateko kide izateko ezarri ohi den baldintza. Eta horrek jende askok nola-halako familia-loturak “aurkitzea” ekarri du, sekula inolako harremanik izan ez arren herri indigenekin. Joy Harjo poetak salatzen duenez, «kulturalki indigena izan gabe norbanakoak natibotzat identifikatzen direnean, eta beren tribuaren nazioaren historia ulertzen ez badute edo beren nazioaren gizartean parte hartzen ez badute, nori egiten zaio mesede? Aldarrikatzen duten nortasun horretako jendeari edo komunitateari ez behintzat. Hau indibiduo baten aldarrikapen kapitalista baino ez da, hau da, irain kolonialaren beste bertsio bat besterik ez». Dokumentalaren ostean, Buffy Sainte-Mariek oharra argitaratu zuen, gogoraraziz hark beti esan izan duela ez dakiela zehazki zein duen jatorria. 60ko hamarkadan artista adoptatu zuen familia ere bere alde agertu da CBCra bidalitako mezuan: «Buffy gure familia da. Hautatu genuen eta hautatu gintuen. Gure praktika izpiritualek, gure aitona-amonek transmititu ziguten historiak eta cree-en tradizioek gezurtatu egiten dute esaten duzuena, hau da, izeba Buffy ez dela indigena edo gure komunitateko kide». Baina komunitatean onartzea eta cree jatorria izatea ez dira gauza bera, beste zenbaiten ustez. «Zeremonialki adoptatzeak ez zaitu cree edo indigena bihurtzen, senide bihurtzen zaitu», dio TallBear-ek. Jacqueline Keeler kazetariak beste “pretendian” iruzur ezagun baten berri eman zuen iaz, Sacheen Littlefeather-en kasua zehazki. 1973an Marlon Brandoren ordez Oscarra jaso zuen aktibista izan zen, eta bizitza osoa eman zuen indigenen eskubideen alde. 2022an hil eta gero, bere bi ahizpek argitu zuten Littlefeather-ek aitaren aldetik aldarrikatutako (amak europar jatorria zeukan) apatxe eta yaqui sustraiak gezurra zirela, hura mexikar jatorriko kaliforniarra baitzen (Manuel Ybarra Cruz zuen izena). Gaiak sortu zuen zalaparta ikusita, Buffy Sainte-Marieren kasua telebista-saio baten bidez bideratzea ebatzi zuen navajo herriko kazetariak. «PRETENDIAN» EZAGUNAK Elizabeth Warren: AEBetako senatari demokrata eta presidentegai ohiak txeroki eta delaware herrietako jatorria aldarrikatu izan zuen, eta DNA test bat ere aurkeztu zuen horretarako. DNA probekin ez dago halakorik frogatzerik, eta gogor kritikatu zuten Warren. 2019an barkamena eskatu zion txeroki herriari. Johnny Depp: Creek eta txeroki jatorria aldarrikatu izan ditu, baina herri horietako agintariek ez dute aitortzen. “The Lone Ranger” 2013ko western-ean Tonto indiar ezagunaren rola jokatu zuen. Cher: Bi gurasoak “zuri” gisa ageri dira erroldetan; aita armeniarra zuen eta ama Europako hainbat jatorritakoa, baina txeroki jatorria ere baduela aipatu izan du. Txeroki nazioak ukatu egin du haien herrikidea dela. Kelsey Asbille Chow: Yellowstone telesailean indigena rola dauka, eta Ipar Carolinako txeroki herrikoa dela esan izan du, baina bertako agintariek gezurra dela diote. Kanadan eta Estatu Batuetan gutxiengo etnikoari dagokion errolda berezia dago, eta sarritan, sufritutako zapalkuntzarengatik erreparazio edo kalte-ordaina dagokie Jacqueline Keeler kazetari indigena izan zen Sainte-Marieren kontakizunean hutsuneak sumatu zituen aurrenetakoa, artistari buruzko «Take it on» dokumentala ikusi zuenean iaz Buffy Sainte-Marie Kanadako ordenako kide egin zuten 2019an. Mende erdi baino gehiagoz Ipar Amerikako indigenen eskubideen alde egin duen lanaren aitortza ugari izan ditu Sainte-Mariek ohar batean gogoratu du beti esan izan duela ez dakiela zehazki zein duen jatorria. 60ko hamarkadan artista adoptatu zuen familia ere bere alde agertu da