2023 ABEN. 30 IKUSMIRA Kultura, mugak apurtzen Asier Aiestaran Asko kostatzen zaigu komunikabideoi kultur gaiak lehen orrira edo titular handietara eramatea. Ustez garrantzitsuagoak diren etengabeko albisteen zaparradaren erdian, beste begirada eta patxada bat eskatzen duten gertakariak bigarren lerroan geratzen dira sarri askotan. Baina, era berean, sakon hausnartuz gero, nekez aurkituko ditugu inguruan etorkizuneko erronkak gure sortzaileek bezain egoki planteatzen dituzten pertsonak. Hemen behean begiratu besterik ez duzu: Estibaliz Urresola, Jaione Camborda, Julio Soto, Nerea Ibarzabal... Askoz zabalagoa den talde bateko lagin txikia besterik ez da, baina garenaren eta izan nahi genukeenaren arteko zubiak eraikitzen laguntzen digute beren lanarekin. > 20.000 especies de abejas Estibaliz Urresolak zuzendutako “20.000 especies de abejas” izan da zalantzarik gabe urteko fenomeno nagusia zinema munduan. Urtea indartsu hasi zuen Berlingo jaialdian, Sofia Oterok aktore onenaren saria jaso zuelako, eta gero beste hainbat errekonozimendu jaso ditu, Forque sarietan edo Malagako jaialdian, esaterako. Apirilean estreinatu zen aretoetan arrakasta handiz. (Gorka RUBIO | FOKU) > Jaione Camborda 2023a euskal emakume zuzendarien urtea izan dela esatea gehiegizkotzat joko du agian norbaitek, baina, Estibaliz Urresolak lortutako sari guztiez gain, Zinemaldian Jaione Camborda donostiarraren “O corno” filmak irabazi zuen Urrezko Maskorra. Isabel Hergueraren “El sueño de la sultana” filmak euskal zineari eskaintzen zaion Irizar saria ere irabazi zuen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) > Nerea Ibarzabal Abenduaren 16an heldu zen Bizkaiko Txapelketako finala, Miribillako Bilbao Arenan. Nerea Ibarzabal izan zen txapelduna bigarrenez jarraian, aurrez aurrekoan Jone Uriarekin saio aparta borobildu ondoren. Lau mila pertsona bildu ziren finala ikusi eta entzuteko. Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxaustik osatu zuten zortzikotea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) > Julio Soto Ohi denez, urte amaieran iritsi dira bertsolaritzan ekitaldi sonatuenak. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 2an jokatu zen Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, eta txapela Julio Sotok jantzi zuen seigarren aldiz. Eneko Lazkoz eta biak iritsi ziren aurrez aurreko lehiara, eta, puntuetan tarte txikia egon bazen ere, garaipena Gorritikoak lortu zuen. 2.350 bertsozale eta giro paregabea. (Aitor KARASATORRE | FOKU) > Guggenheim Urdaibain Hasiera batean astakeria hutsa zirudien ideia, Urdaibain Guggenheim museo bat irekitzearena, errealitate bilakatzeko bidean da. Bertako biztanleen iritziari jaramonik egin gabe eta proiektuaren aurkako protesta jendetsuei entzungor eginez -irudian, urriaren 28koa-, EAJ eta PSE asmoa gauzatzeko beharrezkoak diren urratsak egiten ari dira apurka-apurka. (Gorka RUBIO | FOKU) > Euskadi Literatura Sariak Ez dute erakusten euskal literaturaren osotasuna, baina Euskadi Literatura Sariek sorkuntza lan horren zati bat goraipatzeko balio dute gutxienez. 2023an Arantxa Urretabizkaia, Alejandro Morellon, Patxi Zubizarreta, Maialen eta Joxe Mari Berasategi, Joseba Larratxe, Miren Billelabeitia eta Ander Izagirre izan dira irabazleak kontuan hartzen diren maila desberdinetan. (Aritz LOIOLA | FOKU) > Itxaro Borda 2022ko azaroan euskaltzain oso izendatu zuten Itxaro Borda eta, ia urtebete beranduago, sarrera-hitzaldia irakurri zuen idazle baionarrak bere jaioterrian. Mugaren kontzeptuaz, euskararekin duen harremanaz eta euskal idazle gisa izan dituen zenbait bizipenez aritu zen lapurtarra, bere ibilbide luzeari omenaldia egiteko balio izan zuen ekitaldi hunkigarrian. (Patxi BELTZAIZ) > Zumetaren murala Jose Luis Zumetaren Usurbilgo mural famatuak 50 urte bete ditu 2023an. Udalak eta Zumeta Arte Estudioak urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte urtean zehar. Bi erakusketa izan dira ikusgai, bat sortze-prozesuari buruzkoa eta bestea Zumetak Usurbilekin izan zuen harremanaren ingurukoa, eta jai nagusia irailaren 23an egin zen. Irudia egun horretakoa da. (Maialen ANDRES | FOKU)