2024 URT. 13 Lur-hargune diren emakumeak Amagoia Mujika Elektrizitatean, oso garrantzitsua omen da lur-hargunea. Segurtasuna ematen du, elektrizitateari eutsi egiten dio eta bidea erakutsi, ez dadin hor zehar alferrik galdu. Tira, badakit ez dela oso azalpen fina... Askotan pentsatu izan dut hainbat gizonezko sonaturen lur-harguneak alboan dituzten emakumeak direla. Esaten da Eduardo Chillida ez litzatekeela iritsi zen tokira iritsiko alboan Pilar Belzunce emaztea izan ez balu. Are gehiago, haien seme bati irakurri diodanez, amak esaten zuen ez zituela zortzi seme-alaba, bederatzi baizik, eta lan gehiena bederatzigarren horrek ematen ziola, senarrak. Gogora etorri zaizkit Gorriti eta Txaro, Xabier eta Lourdes, Mikel eta Marisol... Niretzat sekulako deskubrimendua izan da emakume horietako batzuk gertutik ezagutzea. Senarraren itzalean egon diren arren, azkar konturatu naiz berezko argitasuna duten emakumeak direla, langileak, azkarrak, talentudunak. Eta itzalean egonagatik, haien argirik gabe gizonezko horien ibilbidea ez litzateke hain distiratsua izango. Bigarren lerroan egon dira lehen lerroko erabakiak hartzen. Sorkuntzak askotan berekin dakarren askatasun desordenatuan -sortzeko beharrezkoa-, lasaigarria izan behar du lur-hargunea gertu izatea; lurrera tira egiten dizuna tarteka, lokatzetako kontuekin arduratzen dena, dentistaren hitzorduaz akordatzen dena. Emakume horien kemena eta pazientzia ezagutu ondoren errazago uler daiteke gizonezko askoren arrakasta. Akaso horregatik daude emakume gutxiago lehen lerroan, izan sortzaile edo politikari, batek lasai eta aske hegan egiteko beste batek sokari heldu behar diolako lurretik, bigarren lerrotik. Aurrekoan eliteko emakume kirolari bati entzun nion puntara iritsi dela etxekoek “lagundu” diotelako. Ama ere bada eta amatasun horretan bidaide izan duenaren bultzada nabarmentzen zuen. Orain albistea hori da; emakume batek urrun hegan egiteko lurraren paretik sokari eusten dioten gizonezkoak badaude. Eta albiste da oraindik salbuespena delako. Baina lur-hargune diren emakumeak betidanik existitu dira, eta lanbide eta alor guztietan, gainera. •