2024 URT. 13 Pailazo gehiago, polizia gutxiago Miren AZKARATE BADIOLA Lerroburua Igor Elorzak Twitterren idatzitakoa da eta baimena emango didalakoan jarri dut, ezin hobeto baitatorkit gaurko lerroak titulatzeko. Honezkero jakingo duzue Porrotx eta Ertzaintzari buruz izango direla hurrengo hitzak. Zaila zait hunkitu gabe idaztea gaurkoan, zaila eta ulertezina egiten baitzait 2024an, bizi dugun testuinguru politikoan, horrelakoez hizketan aritzea. Zaila, sortzen didan amorrua hitzetan jartzea. 1987. urtean hasi zen Joxe Mari Agirretxe Porrotx izaten, eta orduz geroztik, besteak beste, 400 abesti oparitu dizkigu gure hizkuntza maitean. Ordura arte pailazo batek ireki ez zigun mundu bat ireki zigun haur ginenoi, koloretako mundu bat, gai ezberdinez ikasi eta hitz egiteko abagune bat (heriotza, minbizia, aniztasuna, giza eskubideen defentsa...). Sentitu, pentsatu, ekin! Hor zegoen eta hor dago guztiaren gakoa! Ordura arteko kaka-puzkerra-pixa umoretik atera gintuzten euskal hiztun ginen haurrok eta hori oso arriskutsua zen. Espainiatik etorri da agindua, baina Euskal Herrian egikarituko da, beti bezala haiek A esan eta hemengoek MEN egiten baitute. Betiko leloaren betiko leloa: kasko gorriak VS sudur gorriak. Nire galdera zuzenean Ertzaintzan sartzen ari diren gazte abertzale -eskuinekoak eta ezkerrekoak- horiei zuzenduta doa: nola sentitzen zarete jaio zinetenetik soinu-banda izan duzuen abestien pailazo hori ikertzen ari zaretela jakinik eta agindua emango balute atxilotzera joanez? Zer eta nola azalduko diezue ikuskizunetara eramaten dituzuen zuen haurrei Porrotxen delitua zein den? Elkartasuna ez da delitua, ezin du izan, ez hemen, ez orain, ez inoiz eta ez inon! Maite zaitut, Porrotx, pila pila pila patata tortilla! •