2024 URT. 20 UDALATX, URA ETA ATXA Abenduan estreinatu zuten Udalatx mendia balioan jarri nahi duen filma Udalatx mendiak Arrasate eta inguruko herrientzat historikoki izan duen garrantzia nabarmendu eta gaur egun behar duen babesa aldarrikatzeko abiatu zuen Besaide Mendizale Elkarteak dokumental hau grabatzeko proiektua. Xumetik hasi ziren, baina MendiFilm jaialdiaren sail ofizialean sartzea ere lortu dute. Iban Ayesa, errealizadorea eta bi zuzendarietako bat, grabazio bat egiten Udalatxen, atzean Anboto duela. (BESAIDE MENDIZALE ELKARTEA) Asier Aiestaran Abenduaren 16an estreinatu zuten "Udalatx, ura eta atxa", Besaide Mendizale Elkartearen bultzadaz Udalatx mendia balioan jartzeko sortutako dokumentala. Lehen aurkezpena MendiFilm jaialdian egin zen, Bilbon, baina egun berean mendi horrekin oso lotura estua izan duen Arrasaten erakutsi zuten. Proiektuak pertsona askoren arteko elkarlanari esker egin du aurrera, baina Eñaut Iturbe izan da bultzatzaile nagusienetako bat, ekoizlea eta bi zuzendarietako bat izateaz gain, Iban Ayesarekin batera. Arrasaten elkartu gara Iturberekin dokumentalaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko. «Ni Besaide Mendizale Elkarteko lehendakari moduan nengoenean sortu zen proiektua», ekin dio azalpenari Eñautek. «Kargua hartu baino apur bat lehenago, urte bat lehenago oker ez banago, "Aralar, mundua leku den lurra" filma eskaini genuen hemen, Amaia antzokian, Aralar balioan jartzeko helburuarekin egindako filma. Eta film hori ikusten ari ginela pentsatu genuen guk ere egin genezakeela antzeko zerbait Udalatx balioan jartzeko». Hala ere, askotan gertatzen den moduan, gertaera bereziren bat behar izaten da sua pizteko, eta hori pandemia izan zen. «Nik uste Besaide Mendizale Elkarteko zuzendaritzan beti egon dela nahia eta asmoa Udalatx nolabait balioan jartzeko, baina ideia bere horretan gelditu zen. Pandemia iritsi zenean, ordea, eta mugikortasun mugak ezarri zirenean, ezin genuenez bidaiarik egin ez Piriniotara, ez Alpeetara, pentsatu genuen horixe zela momentua. 2021. urtea zen eta orduan hasi ginen ideiari forma ematen», gogoratu du Iturbek. Dokumentalaren grabaketan garrantzi handia izan duen Iban Ayesa proiektura gehitzeak ere eman zion behar zuen bultzada filmari. Ayesak zine eta bideo ikasketak egin zituen Andoainen, eta esperientzia zabala du ikus-entzunezkoen munduan. «Proiektua norekin egin pentsatzen hasi ginenean Iban Ayesarekin egin genuen topo. Kasualitatez, Ibanek ideia oso antzekoa zuen buruan. Bera afizioz ibiltzen da bere denbora librean inguruko animaliak, txoriak eta abar grabatzen, eta berak ere gogoa zeukan Udalatxi buruzko dokumental bat egiteko. Kasualitate oso pozgarria izan zen guretzat, eta horrela hasi ginen proiektuari forma ematen». Proiektua handitzen Bide horretan, pixkanaka-pixkanaka jende gehiago gehitzen joan zen proiektura. «Bidean joan gara erabakiak hartzen. Gidoiarekin ere antzeko gertatu zen. Guk buruan geneukan ideia zen Udalatxek berak lehen pertsonan kontatzea bere historia eta ideia horrekin Oihan Zubizarretarengana joan nintzen. Bera antzerkian ibiltzen da, denbora librean hori ere, eta berari galdetu nion ea horrelako gidoi bat nork egin zezakeen. Eta hor beste kasualitate pozgarri bat izan genuen, Oihanek esan zigulako bera animatzen zela egitera», eskertu du Eñaut Iturbek. «Soinuarekin ere antzera. Peru Altube Arrasatekoa da eta komentatu genion dokumental bat egiteko asmoarekin genbiltzala, eta berak esan zigun animatzen zela soinuaz arduratzera. Lehendik antzeko beste lantxoren batzuk eginak zituen eta azkenean bera eta Xabi Agirrezabala bere lankidea arduratu ziren soinuaz. Grabazioak Iruñean egin zituzten, adibidez». Emaitza goi-mailako film bat izan da, profesionalek egin ez arren ekoizpen erabat profesionalaren itxura duena, harrigarria herri bateko mendizale elkarte batek sortua izateko. «Gu xumetik hasi ginen, eta lasai. 2021ean hasi ginen, baina gure denbora librean. Guztiok gure beste lanak dauzkagu eta lan boluntarioa izan da. Helburu batzuk jarri genituen hasi aurretik. Adibidez, 40 minututik ez pasatzea, ikusleentzat aspergarria ez izateko. Baina bai, gero proiektua handitzen joan da. Droneekin, adibidez, hasieran gure inguruko bi zaleturi eskatu genien laguntza, baina ikusten genuen oraindik irudi potenteagoak falta zirela, eta Julen Elorzak lagundu zigun drone irudi gehiago lortzen». «Handitze horretan, adibidez, guk buruan geneukan MendiFilm jaialdian aurkeztea. Urtero ekartzen dugu herrira MendiTour zirkuitua eta harreman apur bat badaukagu beraiekin. Gure asmoa komentatu genien, ahalegintxoa egin genuen, eta azkenean sartu egin zen, sail ofizialean, gainera. Bilboko Euskalduna Jauregian aurkeztu genuen filma abenduaren 16an, eta ondoren, egun berean, Arrasateko Amaia antzokian». Eñaut Iturbek onartzen duenez, bi aurkezpen desberdin izan ziren Bilbokoa eta Arrasatekoa. «Bilbon aurkezpena eguerdiko 12etan izan zen, eta han nahiko lasai geunden. Ez genuen jendea horrenbeste ezagutzen, beste ingurune bat da. Baina gero arratsaldeko 18.00etan geneukan hitzordua Arrasaten. Hasieran bi ikustaldi zeuden aurreikusita, 18.00etan eta 19.00etan, eta azkenean gonbidapen denak agortu zirela ikusita hirugarren bat jarri genuen 20.00etan. Eta hor egia da urduriago geundela. Bai Arrasaten eta bai inguruetan oso mendi kuttuna da Udalatx eta alde horretatik ardura bat bageneukan ea egindako lanak jendearen ikusmina aseko ote zuen». Zorionez, dokumentalak oso pozik utzi ditu herritarrak. «Denetik egongo da, noski, baina egia esan jende asko etorri zaigu zoriontzera, esanez benetan emozionatu egin dela filma ikusterakoan. Urtarrilaren 6an beste bi saio egin ziren filma erakusteko, eta hor ere gonbidapenak agortu egin ziren. Guztira esan daiteke 2.000 pertsona inguru pasa direla Amaia antzokitik dokumentala ikustera». Ikuspegi osatua Irudi ikusgarriekin batera, dokumentalak Udalatx mendiaren (1.120 metro, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan kokatua) garrantzia nabarmentzen du ikuspegi eta arlo desberdinetatik. Nahikoa da lanean parte hartu duten adituen zerrenda ikustea horretaz konturatzeko: Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa; Alvaro Arrizabalaga, UPV/EHUko pre-historialaria eta arkeologoa; Ana isabel Ugalde, UPV/EHU-ko historialaria; Markel Arriolabengoa, Errez kooperatibako baso ingeniari teknikoa; Ugutz Basauri, geologoa eta dibulgatzailea; Martin Arriolabengoa, UPV/EHU-ko Geologia Saileko irakaslea; Ekaitz Aranburuzabala, Besaide Mendizale Elkarteko kidea; Mikel Velasco, artzaina; eta Naiara Corcuera, Udalako Ingurumen Eskolako kidea. «Arrasate ezin da ulertu Udalatx barik. Gauza asko egongo ziren atzetik Arrasatek daukan oparotasuna ulertzeko, baina bat zalantzarik gabe Udalatx izan da. Arrasate bera hiribildu moduan sortu zenean, arrazoietako bat Udalatxeko burdin ustiaketa izan zen. Orduan, guk erakutsi nahi izan duguna da mendeetan zehar asko eman digula, eta lehenengo gizakiak jada Udalatxeko magaletan ibili zirela, horren erakusle da Lezetxikiko aztarnategia. Hori ezin genuen kendu», dio Eñaut Iturbek, Udalatxek Arrasate eta inguruko herrientzat historikoki izan duen garrantziaz. Era berean, ekonomikoki neurtu ezin diren beste hainbat aberastasun ere azpimarratzen ditu. «Badakigu Udalatxek asko eman digula eta inguru honetako herritarren izaera markatzen duela. Eta hori balioan jarri nahi izan dugu, mendeetan zehar asko eman digula baina gaur egun ere oraindik bizirik dagoela. Biodibertsitate asko gordetzen duela oraindik. Asko eman digu eta guk ere babes bat zor diogu. Biodibertsitate hori gordetzen lagundu egin behar diogu. Aisialdia ere ahaztu gabe, noski, aisialdirako ere oso gune aproposa delako. Aisialdi mota oso desberdinak praktikatzen ditugu Udalatxen, gainera. Baina kontuan izanda gizakiok aisialdirako erabiltzen dugun arren Udalatxen beste hainbat animalia bizi direla eta animalia horiei guztiei begirune bat zor diegula». Eñaut Iturbe, dokumentalaren zuzendarietako bat. (Andoni CANELLADA / FOKU) Udalatx aipatuta, adibidez, mendizale askori harrobia etorriko zaio burura, mendiaren magalean bertan dagoelako Kanpazarko harrobia. Gizakiak egin duen ustiaketaren adibidea da, eta Iturberen hitzetan agian iritsi da mendiari atseden bat emateko garaia. «Udalatxen bat ez, bi harrobi daude. Bat da gehien ikusten dena, Kanpazarrekoa, baina Garagartzan dagoen Kobatekoa ere Udalatxen kokatzen da. Arrasaten hiru harrobi handi egon dira. Bat jada itxita dago. Harri asko atera da hemendik, eta harri asko erabili da. Beharrak sortuta harrobiak egin dira, harririk gabe ezin dugulako bizi. Meategiak ere asko egon dira, AHTko hiru tunel ere bertatik igarotzen dira... Uste dugu nahikoa dela, gauza asko eman dizkigu, baina agian momentua dugu ˝nahikoa da" esateko». Are gehiago mendizaletasuna horren zabalduta dagoen herri (Arrasate) eta eskualde (Debagoiena) batean. «Hemen joera asko dago mendira joateko: nahiko zuloan bizi gara eta begiek urrutira begiratu ahal izateko gora igo beharra daukazu», dio barrez Iturbek. «Aurkezpenetan esan izan dut: leku paregabean bizi gara. Paraje ederretan. Anbototik hasi, Elorretako Atxak, Aloña, Aizkorri... Inguru paregabean bizi gara. Eta denek dute babesa, baina Udalatxek ez. Eta hortik ere badoa dokumentala», gehitu du serioago jarriz. Herriz herri erakutsi nahian Irakurleren bati filma ikusteko irrika piztu baldin badiogu, MendiTour zirkuituari edo bere herriko agendari adi egoteko gomendatuko genioke, oraingoz horiek izango baitira lana erakusteko bide nagusiak. «MendiFilm jaialdiko sail ofizialean sartu denez, MendiTour zirkuituan ere ikusteko aukera izango da. MendiTour 50 bat herritara iristen da, baina bakoitzak aukeraketa bat egiten du, beraz, gerta liteke herri batzuetan gure filma ikusteko aukera izatea eta beste batzuetan ez. Horrez gain, Besaide Mendizale Elkarteak gonbita egingo die Euskal Herriko beste mendizale elkarteei beraien herrietan filmaren emanaldiak egiteko. Asmoa da aurten zinema edo antzokietan herriz herri emanaldiak egitea. Aurrera begira, ideia litzateke filma atari edo plataformaren batean eskuragarri jartzea, interesa duenak ikusi ahal izateko», aurreratu digu Iturbek. Eta dokumentala ikusi ala ez, lanaren aurkezpen testuan aipatzen den mezua behintzat lau haizeetara zabaldu dadila: «Bizi izandakoen, bizi diren eta biziko direnengatik, Udalatx babesteko deiadarra luzatzen zaio gizarteari». «Aralar, mundua leku den lurra» dokumentala ikustean piztu zitzaien Besaide Mendizale Elkarteko kideei antzeko zerbait egiteko nahia. Bultzada erabakigarria pandemiak eman zuen Proiektuaren berri izandakoan, herriko jende asko animatu da parte hartzera, lan talde zabala osatuz. Lan boluntarioa izan da erabat, baina emaitzak itxura oso profesionala du Gaur egun mendia batez ere aisialdiarekin lotzen dugun arren, dokumentalak ikuspegi desberdin asko aztertzen ditu: geologia, historia, arkeologia, biologia... Filma MendiTour zirkuituaren bidez zabalduko da eta Besaide herriz herri emanaldiak antolatzeko lanean ari da. Aurrera begira jendeak eskuragarri izatea nahiko lukete