GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Paradoxa haurdun dago, dilema dakar sabelean


Hori dauka buruaren biribiltasunak: behin kontu bat sartuta ezin atera ibiltzen garela, autoak biribilgunean bezala, bueltaka eta bueltaka, argi-keinukariei eman gabe. Bazkari ederra izan genuen minkideekin, onddo nahaskia, Beizamako txerrikumea eta Hernaniko hostopila, zintzurrak ondo busti, historia zaharrak eta etorkizun berri bat aletu, marabilla. Bizi dugun garaia, gazteekin arazo bat dagoela, aipatu zen; beste sintonia batean daudela; edo gaudela. Ordutik bueltaka, gaur atera eta bota nahi ditut burutazio batzuk, sikiera minkideekin hurrengoan gaiari beste buelta bat emateko.

Paradoxaren sabel oparoan beti dago galdekatzen gaituen dilema. Beti antolatzen dugulako mundua alde kontrajarrietan, bi alde dauzkagulako, ezkerra eta eskuina, gure organo bital asko bikoitzak eta simetrikoak direlako. Harpeetan bizi ginenetik zeri hurbildu eta nondik urrundu ikasiak gaude, desira dugun horri atentzioa eta ahalegina bideratu eta desio ez duguna ekiditeko. Paradoxikoki, bi gauzok lotuta daude. Maitatzeko uko egiten jakin behar da, eta alderantziz.

Eta (euskal) politika egoera berdintsuan dago, bestela egon ezin daitekeelako. Eta bere dilema hori da: ezaguna baina biziatua dugun dispositibo (politiko) ziurgabea premiazkoa den baten ordez aldatzeak dauzkan ondorioena. Eta, gero, betikoa: errutina sostengatzen duten aldamioen aldaketa orok sortzen du bertigoa. Eta, betidanik, lehen erreakzioa hori izan ohi da: parapetatu eta ehiza-eremua gordetzea.

Agian politikaren balioa defendatzeak kontserbadore egin gaitu. Eta egian aterpetzeak, antipopular. Akaso, gure ideiekin kontsekuente izateak hauteskundeak galtzera eramango gaitu. Eta, beharbada, gure historia aldarrikatzeak anakronismora kondenatuko gaitu. Banpiroak uxatzeko aukeratu genituen gurutzeekin tronpatu ginen, apika. Eta aurrerabide sozialak munduaren gure irakurketari dibortzioa eskatu zionean, kiroltasunik gabekoa izan zen, guztiz toxikoa; baliteke, bai. Ez genuen asmatu, zorte txarra izan genuen, agian. Eta horrela zabalduko da, segur aski, gure aukera: beharrei loturik, egia errebelaturik gabe. Beldurra ematen duela? Okerragoa da, agian, arrazoia izatea.

Bizi dugun garaia ez da denbora soil bat, beste bat. Zenbat eta gehiago kostatu hori ulertzen orduan eta zailago garaiarekin sinkronizatzen. Ez dago arrazoirik, adibidez, pentsatzeko egunkariek izan dezaketen arrisku edo patu bera ez dutela unibertsitateek, sindikatuek edo alderdi politikoek izango. Garaikidetasuna gero eta gehiago zabaltzen da, begiramenik gabe. Eta kontuan hartzen ez duena, ez da bakarrik anakroniko geratuko, jokoz kanpo ere geratuko da.

Aurreiritzien kontra, gazteak ez dira politikarekiko uzkurrak. “Non demontre daude?” galdetuko dute bostek baino gehiagok. Hori ikusteko, beste era batera begiratu behar da. Tradizionalki borrokatu diren espazioetan ez daude, beren helburuetan ez dago neguko jauregirik. Historian parekorik ez duen elkartzeko modua eman die garaiak (digitala), askotarikoa eta urrutikoa batuz, kontuan hartzekoa den lurraldean: planetan. Hala ere, gure neska-mutilak euskaldun dira. Eta izango badira, euskalduntasun hori nola, zein printzipiorekin pentsatzen eta baieztatzen dugun gure zoria da, gure zailtasuna. Gure paradoxa propioa. •