2024 OTS. 03 Burutazioak Asier AIESTARAN Amaitu berri dut Jon Artanoren “Juana” liburua, eta, irakurketa interesgarriekin gertatzen den legez, azken lerroa bukatu ondorengo orduetan buruari etengabe bueltaka nabil. Indarkeriak gizakion bizitzetan duen presentziaz hausnartzera eraman nau, esaterako, munduko bazter guztietan eta belaunaldi desberdinetan. 1936-1937an Euskal Herrian gertatutakoa ezagutzen dugu gutxi-asko, AEBtako armadaren base bat Afganistanen irudika dezaket, baina Kolonbiako kostaldean kokatutako eremu basati eta ia birjin batean armek har dezaketen pisu itogarriak gehiago harritu nau, herrialdea ongi ezagutzen ez dudan seinale. Azken horrekin lotuta, kontakizuna interesgarria iruditu zait Estatuaren boterea eta indarkeriaren monopolioa iristen ez den eremuetan gizakiok hartzen dugun jokabidea ulertzeko. Eta burua Siziliako mafiaren sorrerari buruzko nobela eta filmetara joan zait, non herritar txiroek familia boteretsuen babesa bilatzen duten errealitate arriskutsu eta kaotiko baten aurrean. Eta azken txiribuelta batean, beste gogoeta bat ere sortu zait. Estatuaren “ausentziak” herri xumea armak hartzera eraman/behartu badezake, nolatan ez ditu hartuko, Estatu horrek zuzenean eraso egiten diola sentitzen badu? Eta hau ulertzeko ez dago Euskal Herritik oso urrutira joan beharrik. Palestinara begiratu besterik ez dago munduan indarkeria akabatzetik oso urrun gaudela frogatzeko. Ukraina, Yemen, Afrikako hainbat eta hainbat herrialde... Eta baita eskala baxuagoan beste hainbat indarkeria mota desberdin ere. «Zer da gerra?», galdetzen dit autoan irratia entzuteko zaletasuna hartu duen semeak. «Zer da Israel?». «Eta Palestina?». «Gure etxea bonbardatuko al dute?» Espero dut ezetz, baina ez naiz ozenegi esatera ausartu. •