2024 OTS. 03 ILUSTRAZIO ETA IPUINAK Haur eta gaztetxoen irakurzaletasuna eta sormena zirikatu nahi ditu Elkarrek Martxan da Elkarren Ipuin eta Ilustrazio lehiaketa. Hamaseigarren edizioan hiru aukera izango dira: Jon Ander Urkiagak idatzitako ipuinari ilustrazio bat atontzea; Raquel Samitierrek egindako ilustrazioari ipuin bat jostea eta Samitierrek berak hasitako komikiari jarraipena ematea edota gaiari helduz komikia hasieratik sortzea. Raquel Samitierren ilustrazioa. ((R.S.)) Amagoia Mujika Martxan da 16. Elkar Ilustrazio eta Ipuin lehiaketa. Lanak aurkezteko epea zabalik da eta martxoaren 22an jarri dute azken eguna. Lehiaketaren helburua haurren eta gaztetxoen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea da, eta horretarako hiru modalitate antolatu dituzte: ipuina ilustratu, ilustrazioa ipuin bilakatu eta komikia osatu edo hasieratik sortu. Lehen aukera Haur Hezkuntzako 4. mailatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitarteko haurrei zuzendua dago. Jon Ander Urkiagak idatzitako “Azeri ase ezina” ipuina abiapuntu hartuta, ilustrazioa egin beharko diote. Lerro hauen alboan ikus daiteke ipuinaren hasiera. Ilustrazioak A3 edo A4 formatudun orrian egin beharko dira eta margo mota eta teknika guztiak onartuko dira. Oinarrietan zehazten denez, haur bakoitzak ilustrazio bakarra aurkeztuko du eta marrazkiaren atzeko aldean zehaztu beharko ditu haurraren izen-abizenak, jaiotza-data, telefonoa, helbidea eta ikastetxearen izena. Bigarren aukera LH 5 eta DBH 2 bitartean (biak barne) dauden haurrei zuzendua dago. Kasu horretan Raquel Samitierrek egindako ilustraziotik abiatuta osatu beharko dute ipuina. Lerro hauen alboan ikus daiteke ilustrazioa. Ipuinak euskaraz idatziak behar dira, lan guztiak ordenagailuz idatzitakoak izan behar dira eta orrialde bakarrekoak. Kasu honetan ere beharrezkoa da haurraren datu guztiak zehaztea. Hirugarren aukera komikiarena da eta DBH 3 eta DBH 4 mailetako gazteei zuzendua dago. Kasu honetan, abiapuntua komiki bat da, Raquel Samitierrek hasitakoa. Komiki horri jarraipena ematea da aukeretako bat. Beste aukera bat ere badago, komikia hasieratik sortzea gai berari jarraituz: mezutxo bat botilan. Kasu honetan, komikiak eskuz zein ordenagailuz sortu daitezke eta euskaraz idatzi behar dira. Oinarrietan jaso denez, teknika eta materiala guztiz libreak izango dira, baina lana A4 tamainako orrialde bakar batean entregatu beharko da. Lehiaketaren zehaztapen guztiak ondorengo webgunean daude: postdata.elkar.eus/ilustrazio_eta_ipuin_lehiaketa/oinarriak. Raquel Samitierren komikiaren hasiera. AZERI ASE EZINA Orain kontatuko dizudan hau, aspaldi-aspaldi gertatu zen, animaliek bertsotan hitz egiten zuten urrutiko garaietan. Orduan ere, udazkena bukatzearekin batera heltzen zen negua, eta urte hartakoa gerturatzen zebilen. Hori zela eta, Azerik udazkeneko azken egun haiek ondo erabili nahi zituen sabela bete-bete egiteko. Izan ere, batek jakin elurra heltzerakoan otordu oparorik egiteko moduan egongo ote zen... Egun hartan, goizean goiz abiatu zen Azeri ehizara. Behe-lainoa nagusi bazen ere, etxetik irten eta lasterrera luzatu zion begirada sagu txiki eta jolasti bati. Ihes egiten uzteko batere asmorik gabe, Azerik korrika bizian igaro zituen iratzeak, sasiak, zuhaixkak... eta sagutxoa ohartu baino lehen heldu zion buztanetik. -Oh, ene Sagu maite! Jan egin behar zaitut, eta tripa bete. Negua bertan da, eta hobe harrapatzen banau behar beste janda. Heldu da zeure txanda! -Et, et, et... Nirekin tripa bete? Aska nazazu derrepente, eta jar itzazu belarriak tente-tente! Sagutxoak basoa amaitzen zen lekutik harago begira jarri zuen Azeri... (ipuinak jarraitzen du)