2024 OTS. 10 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Zer ote du oraintxe Urkulluk buruan? Iñaki Altuna Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarra hautatzeko hauteskundeak badatozela gauza jakina da. Nahitaez, legealdia amaitzekotan baitago. Legeak hala dio. 2020ko uztailean izan ziren aurrekoak, uda betean, koronabirusaren pandemiak eragindako atzerapenak behartuta. Lau urteko epea amaitzera doa, beraz. Begi-bistako kontua da, baina hala izan arren, joko politikoaren erdian dugu kontua. Zehaztasunak edo zehaztasunaren beharrak harrapatu gaitu espekulazioaren zepoan, gezurra badirudi ere hain tarte txikia egonda. Honezkero jakin beharko baikenuke zerbait. Horren arrazoia Urkullu lehendakaria da. Normalean, edozein gobernu presidentek data dantzara jokatu ohi du; batzuetan aurrerapena egongo dela ukatuz eta segidan deialdia eginez; beste batzuetan, denak ustekabean hartuz inork espero ez zuen iragarpena eginez. Gogoratzea besterik ez dago iaz Pedro Sanchez espainiar presidenteak udal hauteskundeen ostetik, biharamunean, Espainiako hauteskunde nagusiak konbokatu zituela. Harri eta zur utzi zuen mundu guztia, etxekoak eta, are gehiago, arerioak. Oraingo honetan, ordea, badago kontuan hartzeko beste faktore bat, edo agian faktore bikoitza dela esan beharko genuke: nola gertatu den EAJren lehendakari hautagaiaren izendapena eta Iñigo Urkulluren beraren izaera berezi samarra. Albistea ezagutu zen unean, nonahi ahapeka ibili zen “sekretua” izan zen Urkulluk beste legealdi baterako bere burua aurkeztu nahi zuela eta ustekabean harrapatu zuela hautagaia aldatzeko EBBk egindako mugimenduak. Horrela, filtrazio bidez, Ortuzarri operazioa abiatu orduko lehertu zitzaion esku artean. Urkulluk, ordea, ez du horri buruz ezer esango jendaurrean. Oraingoz, bederen. Nork daki etorkizunean, lehenago ere esanak baititu esan behar ez zirenak: Ibarretxe lehendakariaren ondoan egotea zenbat kostatzen zitzaion aitortu zuen ordukoa, esate baterako. Hauteskundeei begirako lehen urratsetan, alderdiak eta Pradales hautagai berriak hartu dute hitza, normala denez; baina, hauteskunde deialdiari dagokionez, legez ere lehendakariaren ahalmena delako, badirudi Urkulluk bere iritziari balioa eman nahi diola. Bere legealdia lehenetsi nahi duela, alegia. Ez dira egun asko oraindik lanak egiteko daudela esan zuela. Beharbada, hitzak baino ez dira; baina, akaso, Ajuria Eneko egungo maizterraren pertsonalitatearen adierazle ere badira adierazpenok, askotan azaldu baita temati eta besteen kritikei zein iritziei entzungor eginez. Armagabetzean “artisauen” ekimena oztopatzen saiatu zen eta Pandemiako, Osakidetzako, Zaldibarreko... krisietan lekuz kanpokoak egin eta esan ditu, adibide batzuk jartzearren. Halere, seguru asko, hitzak baino ez dira, ez baita Euskal Herrian pertsona bat bera ere politikoki honi amaiera eman behar zaiola ez dakienik. • Quizás solo sean palabras; pero... también son indicadores de la personalidad de Urkullu, que se ha explicado muchas veces escuchando a los tematis y a las críticas.