2024 OTS. 24 SEKUOIAK GIPUZKOAN? Basogintza ereduei begirada bat, sektorea inflexio puntu batean dagoenean Datua deigarria egin zaigu: 2022-2023 denboraldian Gipuzkoan gehien landatutako zuhaitza sekuoia izan da. Nahigabe ere, pentsamendua Kaliforniako parke nazionalera eta bertako zuhaitz erraldoietara joan zaigu. Baina anekdotatik haratago, argi dago basogintza ereduen inguruko hausnarketa gero eta beharrezkoagoa dela. Arrasateko Monterron parkean dagoen sekuoia ikusgarria. (Aritz LOIOLA | FOKU) Asier Aiestaran Euskadiko Basogintza Konfederazioak argitaratu ohi duen aldizkarian aurkitu dugu arreta piztu digun datua: 2022-2023 denboraldian Gipuzkoan gehien landatutako zuhaitza sekuoia izan da (Sequoia sempervirens). Alde handiarekin, gainera: sekuoia basoek 424 hektarea hartu dituzte, bigarren postuan ageri den Cryptomeria japonica espeziearen aurretik (139 hektarea). Nahigabe ere, basogintzan aditu ez garenoi, sekuoia entzuteak Kaliforniako parke nazionala eta bertako zuhaitz erraldoiak ekartzen dizkigu gogora. Baina interesa ezjakinoi bakarrik piztu ez digun seinale da Basogintza Konfederazioaren aldizkari horretan espezie honi eta bere ezaugarriei erreportaje zabal bat eskaini izana. Erreportaje horretan nabarmentzen denez, sekuoia Euskal Herriko klimara ongi egokitu daiteke, suteekiko erresistentzia handia erakusten du eta ustiaketarako ere ezaugarri interesgarriak ditu. Bere zur gorria oso kotizatua omen da merkatuan, egur asko sortzen du eta mantentzeko ez du elementu kimikorik behar. Aldiz, papergintzarako ez da egokia, egungo makineria bere azal lodi eta gogorrarentzat ez dagoelako prestatuta. Gainera, aipamen berezia egiten zaio Zeelanda Berrian sekuoiak landatzeko egin den apustuari, bere zura oso estimatua delako eta, diotenez, karbono xurgatze handia egiten duelako. Insignis pinuaren gainbehera Euskal Herriko basoetan kanpoko espezieen aldeko apustua egiteak, ordea, zalantzak sortzen ditu, eta ikusi besterik ez dago eukaliptoarekin azken urteotan sortu den eztabaida. Horregatik, eta egoeraren erradiografia zehatz bat egiten saiatzeko, Markel Arriolabengoa baso ingeniariarekin hitz egin nahi izan dugu. Arriolabengoa Tantai Baso jabe kooperatibako kidea da, basogintza eredu jasangarria lantzen duen kooperatibakoa, eta aipatu digunez, sekuoiaren aldeko apustua Insignis pinuaren (Pinus radiata) gainbeherarekin lotuta dago, xingola marroia (“banda” gaztelaniaz) izeneko gaitzaren eraginez. «2018an izan zen gaitzaren une gorena, urte horretatik aurrera izan du eraginik nabarmenena. Eta ordutik hona pinudi asko moztu dira. Horrekin batera belaunaldi aldaketa bat ere egon da. Basoak jende gazteagoaren edo hurrengo belaunaldiaren eskuetan geratzen ari dira, eta belaunaldi horrek behar eta ikuspuntu desberdinak ditu. Inflexio puntu bat egon dela esan daiteke, eta kasu askotan hurrengo urteetan zer egingo dugun erabakitzen ari gara, hurrengo zikloa zein izango den. Landaketa berriak egiten ari gara, alegia», ekin dio bere azalpenari Arriolabengoak. Eta landaketa berri horiek egiterakoan sortu da sekuoia eta beste kanpoko espezie batzuk probatzeko aukera. «Basogintza intentsiboak eskaintzen dituen aukeren artean daude itsas-pinua, insignis pinuaren antzekotasun handiak dituena “txandan” (erdarazko "turno", zenbat urtera mozten den), 35-40 urtera mozten delako, eta erabileran; eukaliptoak, kostatik gertu sartzen denak batez ere, ziklo askoz motzagoa du, 15 bat urtekoa, eta erabilera batez ere papera egitera bideratuta dago, celulosa-ra. Gero, beste bi espezie daude, agian jendearentzat deigarrienak direnak, Cryptomeria japonica eta Sequoia sempervivens. Bi espezie horiek “txanda” luzeak dituzte, 70 urte ingurukoak, eta ur asko eskatzen duten espezieak dira. Bi espezie horiek iparraldeko magaletan sartu ohi dira bereziki, hezeak diren lekuetan, eta pinua magal lehor eta elkorrenetan sartzen da». Arraseko mozketaren kalteak Baina Arriolabengoaren ustez, basogintza eredua da errotik aldatu behar dena, eta ez horrenbeste espezie bat edo beste aukeratzearena, arazoak errepikatu daitezkeelako. «Espezie bat sartzen duzunean bere eremutik kanpo, hasierako urteetan abantaila batzuk izaten ditu nolabait esateko, ez dituelako bere eremuko gaitz eta gaixotasunak ekartzen eta laguntza asko izaten dituelako. Baina gerora oso logikoa izaten da espezie zaurgarriak izatea, ez daudelako inguru horretara egokituta. Aipatu ditugun espezie hauek hezetasun handia behar dute eta “txanda” oso luzea dute. Beraz, gaur sartzen duzun sekuoiak hemendik 70 urtera hor egon behar du. Horren urrunetik ekarri duzun espezie bat horren inguru desberdinera moldatzea ez da erraza», dio kanpoko espezieen alde egiteari buruz. Aritz Arriolabengoa baso ingeniaria (Aritz LOIOLA / FOKU) «Adibidez, itsas pinuaren aldeko apustu handiak egin dira, baina badago pinuaren ‘nematodo’ esaten zaion gaitz bat, eta hori datozen urteetan Euskal Herrira iristeko probabilitatea oso handia da. Europan zehar eginiko hainbat ikerketek diote probabilitatea %100ekoa dela. Kasurik okerrenean, hiru astetan hiltzen ditu pinuak. Gaixotasun eta izurriteen gorakada oso nabarmena da eta monolaborantzek askoz zaurgarritasun handiagoa daukate horiei aurre egiteko orduan», gaineratu du. Eta horrekin batera, arraseko mozketak berekin ekartzen dituen arazoak daude, espeziea edozein delarik ere. «Arraseko mozketaren bidezko kudeaketak galera handiak sortzen ditu lurretan, asko pobretzen ditu lurrak, eta zaila izaten da ziklo asko errepikatzea emankortasun tasak mantenduz. Orain arte hiru pinu ziklo egin dira batez beste, eta asko nabaritzen da galera». Horren aurrean, Tantai kooperatibak beste basogintza eredu bat proposatzen du, kanpoko espezieak baztertuz eta arraseko mozketekin amaituz. «Gure oinarria ekosistema egonkorrak sortzean datza. Hau da, leku bakoitzera ongien egokitutako espeziez osatutako baso egonkorrak sortu eta, behin hori lortuta, eta baso hori gai denean erresilientea izateko eta aldaketetara moldatzeko, mozketak oso modu hautakorrean egin. Adibidez, hamar urtetik behin sartzen gara baso batean eta mozten ditugu zuhaitz konkretu batzuk (bakantze sistema gisa ezaguna). Emankortasuna oso handia da eta oso gastu gutxi eskatzen du baso horrek behin eratuta dagoenean. Egonkorragoa da ekologikoki zein ekonomikoki», dio. Haritza eta pagoa Bertako baso konplexu horietan haritza eta pagoa omen dira bi espezie nagusiak, kokalekuaren arabera. «Euskal Herri atlantikoan, non klima hezeagoa den eta udak ez diren horren lehorrak, asko jotzen dugu haritzera lekuak ahalbidetzen baldin badu. Beste espezie batzuetara ere bai. Isurialde mediterraneoan, Araban eta Nafarroan, pagoa da batez ere nagusi. Beste konifero espezie batzuk ere bai, pinu gorria edo bertako beste pinu espezie batzuk. Azken batean, helburua da leku bakoitzean bertako baldintzetara ongien egokituta dauden espezieak aukeratzea. Isurialde atlantikoan nagusi izango da haritza, eta mediterraneoan, lurraldea handiagoa eta anitzagoa denez, aukera gehiago egon daitezke». Eukalipto landaketa batzuk Mungia inguruan (Monika DEL VALLE / FOKU) Ekoizpenik gabeko kontserbazioaren alde egitea litzateke beste aukera bat, baina ez da Tantairen kasua. Dituzten helburu desberdinen artean ekoiztea ere sartzen da, eta hori kontuan izaten dute beren baso kudeaketan. «Jendarte moduan erabilera anitzeko egurra behar dugu. Egur oso ona behar dugu, baina egur txarra ere bai. Eraikuntzak egiteko egurra behar dugu, baina enbalajerako ere bai. Eta gure basoek bermatu behar dute lehengai horiek guztiak ematea. Horretarako, kalitate handiko arbolak bilatzen ditugu, arbola horiek lehen metroetan oso material ona eskaintzen dizutelako, gero txarragoa, eta azkenik erabilera eskasenekoa. Maila guztiak eskaintzen dizkizu eta edozein erabileratarako materiala lortzen dugu. Papera egiteko, enbalajeak egiteko, eraikuntzarako...», zerrendatu du. Eta Arriolabengoak dioenez, basogintza eredu horrek ekologikoki bakarrik ez, ekonomikoki ere emaitza hobeak eskaini ditzake epe luzera begiratzen badugu. «Europa mailako erreferentziak kontuan hartuta, ekonomikoki errentagarriagoa izan daiteke basogintza eredu hau basogintza eredu intentsiboa baino. Herrialde horietako esperientzia bere horretan Euskal Herrira ekartzea ez da zintzoa, baldintza orokorrak desberdinak direlako. Euskal Herrian kudeatzen ditugu baso helduak ere, 70-100 urteko harizti eta pagadiak, eta hor bideragarritasun eta errentagarritasun ekonomikoa inguruko konifero basoetan baino hobea izan da, gure esperientziaren arabera. Oraindik esperientzia gutxi dira, baina baso jabeentzako errentagarritasun ekonomikoaren aldetik aukera ona dela uste dugu». TANTAI BASO JABE KOOPERATIBA, INPAKTU BAXUKO BASOGINTZA EUSKAL HERRIRA EGOKITZEN Berarekin izan dugun elkarrizketa aprobetxatuz, Tantai Baso Jabe kooperatiba sortzeko arrazoiak eta egiten duten lana azaltzeko eskatu diogu Markel Arriolabengoari. «Tantai orain dela urtebete sortu zen, baso jabe publiko nahiz pribatuei gidaritza bat eta aholkularitza bat emateko. Aurretik beste bost urte egin genituen Errez kooperatibarekin, beste basogintza eredu bat lantzen. Guk inpaktu baxuko basogintza lantzen dugu. Gure helburua ekoiztea da, baina beste eredu bat landuz. Nekazaritzan agroekologiaren mugimendua eman den bezala, basogintzan ere beste eredu bat sortu nahi dugu, ekosistema zerbitzu guztiekin bateragarria izango dena». “Ustiaketa” eta “jasangarri” kontzeptuak kontrajarriak direla pentsa dezake norbaitek, baina Tantai kooperatibak ezetz frogatu nahi du. «Uste dugu bateragarria dela, eta beharrezkoa. Orain arte dikotomia bat gailendu da, ustiaketa intentsiboaren edo ez ustiatzearen artean. Azken hori ustiaketa intentsiboaren aurrean sortutako erreakzio bat izan da, batez ere. Bien arteko talka bat gailendu da eztabaiden eszenatokian. Guk proposatzen duguna da beste basogintza eredu bat martxan jartzea, ustiatuko dituena basoak Euskal Herriak behar dituen lehengaiak lortzeko, baina bermatuko dituena beste ekosistema zerbitzu guztiak. Hau da, bertako basoak sortu, erresilienteak izango direnak etorkizuneko aldaketen aurrean, bermatuko dutenak aisialdirako espazio egoki bat, bermatuko dituena jakiak, perretxikoak, fruitu bilketak eta abar, bermatuko dutenak karbono xurgapen egoki bat, eta baita behar adinako zur eta egur ekoizpena ere». Eta Arriolabengoak esan digunez, esperientzia oso aberasgarria izaten ari da orain artean: «Urtebeteko ibilbidea dauka Tantaik. Ibilbide laburra da, baina oparotasun handikoa. Jende asko batu da kooperatibara, profil anitzeko pertsonak, naturarekiko sentsibilizazio handia dutenak, eta baita orain arte pinuarekin, eukaliptoarekin edo beste edozein espezierekin ekoiztu dutenak eta nolabait eredu aldaketa bat bilatzen dutenak ere. Tantai kooperatiban hiru bazkide mota gaude: langileak, erabiltzaileak eta laguntzaileak. Erabiltzaileak baso jabeak dira, eta laguntzaileak norbanakoak zein enpresak izan daitezke, eta ekarpen ekonomiko bat egiten dute proiektu hau bultzatzeko. Gaur-gaurkoz Tantai Baso Jabe kooperatibak mila hektareatik gora kudeatzen ditu. Denak ez dira bertako basoak, denak ez dira baso konplexuak, baina horra heltzeko bidean daude. Tantai kooperatibara sartzen den baso jabeak konpromisoa hartzen du pixkanaka bere baso hori bertako baso bilakatzeko eta pixkanaka ustiaketa eredua aldatzeko». Izan ere, egituratzeko modu horrek Euskal Herrian ohikoak diren azalera txikiko basoak hobeto kudeatzeko aukera ematen die. «Euskal Herrian basoek azalera nahiko txikia izaten dute eta oso sakabanatuta egoten dira. Inpaktu baxuko basogintza erabilita, zaila da azalera txikiko basoak kudeatzea. Baso jabe kooperatibaren bitartez lortzen duguna taldekatze bat da. Baso bakoitza bere jabearena da, noski, baina kudeatzerakoan osotasuna hartzen dugu kontuan». Sekuoiaren aldeko apustua Insignis pinuaren («Pinus radiata») gainbeherarekin lotuta dago, xingola marroia («banda marron» gaztelaniaz) izeneko gaitzaren eraginez Markel Arriolabengoa baso ingeniariaren esanetan, basogintza inflexio puntu batean dago: «Kasu askotan hurrengo urteetan zer egingo dugun erabakitzen ari gara»