2024 MAR. 02 11.000 dolar Koldo SAGASTI Urtarrilaren 26an Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebazpen historikoa kaleratu zuen Hego Afrikak Israelen kontra jarritako genozidioaren inguruko salaketaren harira. Epaimahaiaren arabera, akusazioak aurkeztutako zantzuak nahikoak ziren deliberatzeko «litekeena dela Israelek Gazako zerrendan burututako ekintzak genozidio-krimen batekin bateragarriak izatea». Litekeena da. Erakundearen epelkeriak ase gabe utzi zituen adierazpen irmoagoa espero zuten asko, eta kezka bat utzi zuen airean: zenbat palestinar ote dira gutxieneko eraildakoen kopurua, genozidioaz hitz egiteko? Zenbat balio du palestinar baten bizitzak? Duela urte batzuk elkarrizketa egin nion Manu Pinedari, Europar Parlamentuak Palestinarekiko Harremanetarako duen Ordezkaritzako Presidenteari. Oraingo eurodiputatua brigadista zen orduan, Gazako Zerrendan, eta giza ezkutu lanetan zebilen nekazari gazatarrei babes fisikoa ematen, uzta garaian frankotiratzaile israeldarrek akabatu ez zitzaten. Berak aitortzen zidan «palestinarren haragiak hutsaren hurrengoa balio duela okelaren nazioarteko merkatuetan», eta injustizia horretaz baliatzen zirela ekintzaileak euren gorputz europarrak ezkutu gisa erabiltzeko. Horrek erakusten du palestinar baten bizitzak munduko beste edozein herritarrenak baino gutxiago balio duela, baina ez du argitzen: zenbat balio ote du? Aste honetan eskaera ezohikoa bezain desesperatua jaso dut. Estatuan bizi den gazatar batek dirua biltzeko kanpaina abian jarri duela jakinarazi dit, Rafahko ghettoan duen familia ateratzen saiatzeko. Galdezka deskubritu dut azken aldian zenbait enpresa sortu direla bitartekaritza lanak egiten dituztenak zerrenda barruko palestinarrak ateratzeko izapideetan, palestinar horiek ateratzeko eskumena dutenen aurrean, eta nago bi eragile baino ez daudela hori egiteko gai direnak: Egiptorekiko mugako Al Sisiren erregimeneko mugazainak eta Israelgo armadako soldaduak berak. Dena oso legala. Giza bizitzetako merkatari gupidagabe horiek, gainera, prezioa jarri diete palestinarrei: 11.000 dolar pertsonako. Horixe omen da gizaki bat Gazatik ateratzeak balio duena. Horixe da palestinar baten prezioa okelaren nazioarteko merkatuetan. •