2024 MAR. 09 ENBRIOI SAKRATUAK Abortua debekatu ostean, «in vitro» ernalkuntzaren kontra Alabaman Abortu-eskubide konstituzionala kendu eta ia bi urtera, hura ahalbidetu zuen argudioaren beste ondorio bat iritsi da: ernaldutako obuluak pertsonak direla oinarri hartuta, enbrioi horiek kaltetzea zuhurtziagabeko homizidiotzat har daitekeela ebatzi du Alabamako Auzitegi Gorenak. Ondorioak itzelak dira: «in vitro» ernalketan diharduten klinika batzuek jarduera eten dute. Abortuaren aurkako kontserbadore sutsuenetako asko ere aztoratu ditu ebazpenak, eta estatu horretako Kongresuan arazoa konpontzeko urratsak egiten hasi dira. Julie Cohenek, «in vitro» ernalkuntzako pazienteak, bere seme-alaben argazki bat erakusten du paziente eta osasun profesionalekin otsailaren 27an Birminghamen egindako mahai inguru batean. (Elijah NOUVELAGE | GETTY IMAGES) Urtzi URRUTIKOETXEA Otsailaren 16an eman zuen Alabamako Auzitegi Gorenak ebazpena; horren arabera, eta estatu horretako legedian oinarrituta, in vitro ernalketa bidez sortutako enbrioiak «jaio gabeko haurtzat» hartu behar dira. Klinikak, abokatuak, medikuak eta osasun-zerbitzuetako langileak, oro har, eta, batez ere, guraso izan nahi duten pertsonak erabateko ziurgabetasunean geratu dira. Estatuko Ganberak urratsak egiten hasi dira in vitro ernalketari legezko babesa emateko. Oraingoz, baina, 2022ko ekainean Dobbs epaia kaleratu zenean (aborturako eskubidea ezabatzen zuena) askok egindako iragarpenaren urratsa dela dirudi: 1973an lortutako eskubide hori kendu eta, fetua haurtzat hartzearen atea irekita, une hartan asmatu ezin ziren ondorioak gerta zitezkeela, alegia. Alabamako kasuan, hiru bikotek abiarazitako kasua dago. Hiruretan, umetokitik kanpo -in vitro- ernalketa lortu eta haurdun geratzea lortu zuten, baita ume osasuntsuez erditzea ere. Halakoetan ohi denez, enbrioi bat baino gehiago izan ziren (obulu bakarra baino gehiago ernaldu ziren), eta erabili gabekoak, izoztu eta ernalkuntza klinika batean gorde ziren. Ospitaleko paziente batek, baina, enbrioien gordailu horretara sartzea lortu zuen 2020ko abenduan, eta haiek oso tenperatura baxuetan zeuden edukiontzi kriogenikoa ireki zuen. Bertan eskua sartzerakoan, hotzez, erre egin zitzaion; une horretan zenbait enbrioi jausi eta galdu/suntsitu ziren. Hala, hiru bikotek auzibidea ireki zuten klinikaren aurka, Alabamako legearen arabera, «zuhurtziagabeko homizidioa» leporatuta. 2018an bozkatu zuen Hegoaldeko estatu horrek Konstituzioaren aldaketa, bizitza ernalkuntzan hasten dela ezarri zezaten Konstituzioan. Hurrengo urtean, lege zehatza onartu zuten, abortua kasu guztietan debekatuz, baita bortxaketetan ere, aurreko argudioari jarraika. Garai hartan indarrean zegoen Roe, 1973tik abortu-eskubidea babesten zuen aurrekari judiziala; estatuek abortua debekatzeko neurriak onartzean, babes Konstituzional horrek indargabetu egiten zituen. Hasiera batean, epaileek ez zuten onartu salaketa, era kriogenikoan kontserbatutako enbrioiak «pertsona» definiziotik kanpo geratzen direla argudiatuta. Salatzaileen helegitea Alabamako Gorenera iritsi zen, ordea. Duela bi aste, ezusteko ebazpena hartu zuen; horren arabera, «garai hartan umetoki biologikotik kanpo zeuden haur gabeko haurrak» dira, Eliza eta estatua bereizita dauden zantzurik gabeko epaian irakur daitekeenez (zortzi epailek sinatzen dute alde, eta bakar batek aurka). Hala, kasua «adingabe baten zuhurtziagabeko heriotzaren» legearen babespean dago. «Alabamako herriak adierazi du estatu honetako politika publikoa dela jaio gabeko gizakien bizia sakratutzat hartzea- dio Tom Parker epaileak ebazpenean-. Gizaki oro, sorkundearen unearen, Jainkoaren gisan egina dela, Hark sortua Haren itxura islatzeko». Xavier Becerra AEBetako Osasun eta Giza Zerbitzuetako idazkariak otsailaren 27an Birminghamen egindako mahai inguru batean parte hartu zuen «in vitro» ernalkuntzako paziente eta osasun arloko profesionalekin (Elijah NOUVELAGE / GETTY IMAGES - AFP) Alabamako Auzitegi Gorenak ez du, berez, in vitro ernalkuntza debekatzen, baina lehen aldiz Estatu Batuetan, enbrioiak umetzat hartzen dira. Greg Cook epailea da ebazpenean gehiengoaren aurka sinatzen duen bakarra: «Mediku-zerbitzu arrazional batek ere ez luke enbrioiak sortzen eta gordetzen jarraituko, enbrioi horiek betiko mantendu behar dituztela jakinik, eta zuhurtziagabeko homizidioa leporatzeko arriskua daukatelarik». Epaileak erantsi zuenez, «guraso izan nahi duten Alabamako herritar askok ez dute aurrerantzean aukera hori izango». Klinikak itxi Estatuko Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondorioak berehalakoak izan dira. Hiru klinikak gutxienez -horietako bat Montgomery hiriburuko ospitale handi batean- zerbitzuak eten dituzte, eta euren paziente batzuek estatutik kanpora jo dute ernalkuntza-prozesuarekin jarraitzeko. Ohikoa da enbrioi bat baino gehiago sortzea, haurdun geratzeko zailtasunak dituzten familien kasuan. Gerta liteke, halaber, bikoteko kideetako batek gaitz genetikoren bat izatea; gaitza seme-alabei ez pasatzeko, enbrioian bertan detektatu liteke zenbait kasutan ondare genetiko hori ba ote dagoen, gaitzik gabekoarekin egiteko aurrera. «In vitro prozesuen erdietan, gutxi gorabehera, enbrioiak inplantatu/paratu/ezarri aurretik proba genetikoak egiten dira. Izan ere, bikote askoren kasuan bietako bat gaixotasun edo egoera larri batekin lotutako mutazio genetiko ezagun baten eramailea da -dio Joan Rosen osasun-politiken irakasleak John Hopkins ospitalearen podcastean-. Horregatik, bikote horiek proba genetikoak egiten dituzte, eta mutazioaren genea aurkituz gero, enbrioia baztertu egiten da». Alabamako epaiaren arabera, ez dago enbrioiak baztertzerik, eta beraz, ez dago azterketa genetikorik egiterik umetokian inplantatu aurretik. Beste kasu bat, haurra izateko zailtasunak izan, haurdun geratu eta erditu direnena da. Aurrerago bigarren ume bat nahi izatekotan, eta berriz prozedura guztia hutsetik ez hasteko, ohikoa da enbrioiak gordetzea. Milioi eta erdi enbrioi izoztu daude Estatu Batuetan. Alabamako arauaren arabera, betiko gorde beharko lirateke. Antiabortistak, aztoratuta Epaiaren erreakzioak sektore antiabortista asko aztoratu ditu. Errepublikano sutsuetako batzuek Alabamako epaitik urrundu nahi izan dute, gertatutakoa haien jarreren eta politiken ondorio dela onartu gabe. Donald Trump babestu zuten talde ultrakristau horien presiopean izendatu ziren honelako epaiak ahalbidetu dituzten epaileak. Mike Pence presidenteorde ohia kristau ebanjeliko sutsua eta antiabortista amorratua da, baina berak ere in vitro ernalkuntzaren bidez izan zituen haurrak. «Ugalkortasun tratamenduen alde nago erabat, eta uste dut legearen babesa merezi dutela -esan zuen Pencek duela urtebete-. Babes handia eman ziguten antzutasunari aurre egin genion urte luze eta zail horietan». Elizabeth Goldman bere alabaren argazki batekin, Birminghamen egindako mahai inguruan. (Elijah NOUVELAGE | GETTY IMAGES - AFP) Donald Trumpez gain, Nikki Haley ere -errepublikanoen primarioetarako lehian geratu den azken hautagaia asteon erretiratu aurretik- bete-betean harrapatu du polemikak. Oro har sektore kontserbadoreenek baino jarrera anbiguoagoa izan ohi du abortuari dagokionez, baina Alabamako epaia bete-betean errespetatzen zuela esan zuen duela astebete, «enbrioiak haurrak dira niretzat». Handik ordubetera, ñabarduren ordua heldu zen, eta in vitro ernalkuntzaren aldekoa zela esan zuen, enbrioiak «jaio gabeko haurrak» direla esanez. Kontserbadoreen kontraesana begi bistakoa da: abortua haurdunaldia eteteko erabiltzen den bitartean, in vitro ernalkuntzak haurdunaldia -eta, ondo bidean- haurra sortzen du. Baina horretarako bidean, balizko haurdunaldi bat baino gehiago sortzen dira. Goreneko epaiaren aurka, berez, ez dago helegiterik. Alabamako legea interpretatu du azken batean Auzitegiak, eta hor AEBetako Gorenak ez dauka askorik esaterik. Arazoa, agerian geratu denez, legean bertan dago. Horregatik, Alabamako errepublikanoak berehala hasi dira mugitzen, epaiak ekarri duen aztoramena ikusita. Estatuko legebiltzarkideek in vitro ernalkuntzan diharduten klinikentzako bermeak onartu dituzte, eta gobernadoreak berehala sinatu du lege berria. Urrats horrekin, baliteke epaiak ekarritako nahasmena eta pertsona askoren aztoramena lasaitzea. Baina lobby ebanjelikoek, eta haien eraginez Donald Trumpek, hartutako erabakien ondorioak laster ager litezke beste leku askotan. Louisiana, Missouri eta Texasko estatuetako legebiltzarkideak -orain arte arrakastarik gabe- neurriak hartzen saiatu dira zenbait neurri antikontzeptibo galarazi nahian, hala nola, umetoki barneko gailuak edo biharamuneko pilula; hau da, enbrioia umetokian kokatzea eragozten dutenak. Oraingoz ez dute aurrera egiterik izan, baina begi-bistakoa da joera: Alabamaz gain, gutxienez beste 10 estatutako legeek pertsona-izaera ernalkuntzaren unean definitzen dute. Abortuaren aurkako ekintzaileek dagoeneko Alabamako epaia «aurrekaria» dela salatzen dute beste estatu batzuetan, «jaio gabeko bizitza fase guztietan babestu behar dela» argudiatzeko. «Alabamako herriak adierazi du estatu honetako politika publikoa dela jaio gabeko gizakien bizia sakratutzat hartzea», dio Tom Parker epaileak ebazpenean Alabamako Auzitegi Gorenak ez du, berez, «in vitro» ernalkuntza debekatzen, baina lehen aldiz Amerikako Estatu Batuetan, enbrioiak umetzat hartzen dira Mike Pence presidenteorde ohia kristau ebanjeliko sutsua eta antiabortista amorratua da, baina berak ere ‘in vitro’ ernalkuntzaren bidez izan zituen haurrak Abortuaren aurkako ekintzaileek dagoeneko Alabamako epaia «aurrekaria» dela salatzen dute, beste estatu batzuetan «jaio gabeko bizitza fase guztietan babestu behar dela» argudiatzeko