2024 MAR. 09 IHESA ZILEGI BALITZ Migrazioari aurpegia jarri diote Gari Garaialde eta Javi Julio fotokazetariek Donostiako Bulebarrean hiritarrek tupust egingo dute hain begi bistan izan ohi ez dugun errealitatearekin. Talde bezala ikusten dugun horren atzean dauden pertsonak izen-abizenez erakutsi nahi izan dituzte Gari Garaialdek eta Javi Juliok. «Istorio potenteak bizi izan dituzte, bidaia bera bizi-proiektua da askotan», diote. Muga mendiz mendi ezkutuan pasatzeko ahaleginean, iratze artean dago Oumar. 2021eko maiatza da, Biriatu. Aden, Abdoulaye eta Ibrahima aurrerago ditu zain. (Gari GARAIALDE | BOSTOK PHOTO) Xole Aramendi Hondar azpian ehortzitako gorpu baten ondoan zulo sakona zain. Nor iritsiko. Chamseddine Marzoug arrantzalea eta taxilaria hondartzan agertutako hilotzak lurperatzen aurkitu zuen Javi Juliok Tunisian. «Hilean bitan hondeamakina bat uzten didate eta behar ditudanak baino zulo gehiago egiten ditut. Denak beteko dira», izan ziren bere hitzak. GARA egunkariak azaleko argazkia eskaini zion 2017ko urriko irudiari. Hauxe da Donostiako Bulebarrean apirilaren 7ra arte ikusgai dagoen “Ihesa zilegi balitz. Huir es un derecho. Ce sont des personnes” erakusketan bisitariak aurkituko duen argazkietako bat. «Arrantzalea da eta zoritxarrez bere sareetan ez du aspaldi arrainik harrapatzen, bizitza hobearen bila datorren jendearen hilotzak baizik», adierazi du Juliok. Tunisiako eta Greziako argazkiak aukeratu ditu erakusketarako. Aita Mariren lehen misiokoak tartean. Aita Mari ontziak 79 lagun erreskatatu zituen bere lehen operazioan. 2019ko azaroa zen. Poza eta itxaropena irudikatzen du Julioren argazkiak. Bizipena 2021ean estreinatutako dokumentalean jaso zuen. Bertan zihoan migratzaile baten testigantza irakur daiteke irudiaren azpian. Bere izena emateko beldur zen. «Sei emakume zeuden txalupan, horietako bat haurdun, eta haur bat. Itsasoan bi egun eman genituen. Erreskatearen ondoren, sei egunez egon ginen itsasoan, ekaitzaren azpian, porturatzen uzteko zain. Libia izan zen makurrena. Han, beltza izateagatik hiltzen zaituzte; atxilotu egiten zaituzte, dena kentzen dizute eta kalean oinez ibiltzeagatik bakarrik kolpatzen zaituzte (…)». Zorigaiztoko errealitatea ere begi aurrean. Lesboseko hondartza batera 2015ean iritsitako gorpua. Javi Julio (Donostia, 1978) eta Gari Garaialde (Irun, 1972) dira “Ihesa zilegi balitz” proiektuaren sustatzaileak. Euren irudiekin batera Mikel Oibar (Bilbo, 1987) eta Santi Donaireren (Jaen, 1988) argazkiak ere bildu ditu erakusketak. Aita Mari ontziak 79 lagun erreskatatu zituen bere lehen operazioan. 2019ko azaroa zen. Pozari eta esperantzari tartea egin zien eguna. (Javi JULIO) Xabier Leteren poesiak eman dio izenburua. «Leteren poema izugarria da eta erakusketaren izpiritua oso ondo adierazten du. Ihesa zilegi balitz, gure Estatuek onartuko balute beraiek gure herritik ateratzeko duten eskubidea, batez ere gure herrira sartzeko eskubidea, erakusketa alferrikakoa litzateke», adierazi du Garaialdek. Emakumearen gorputza beti da gerra-arma. Farhia Abdulwahad Somaliatik iritsi zen Irunera. Ez du bidaiaren xehetasunik eman nahi. Isiltasunak zenbat esaten duen... Muturrekoa. Edo urdailean emandako ukabilkada sentituko du bat baino gehiagok irudiok ikustean. Munduan 110 milioi pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dute euren etxea. Berlingo Harresia erori zenean, 1989ko azaroaren 9an, hamabost harresi zeuden mundu osoan. Gaur egun ia bost aldiz gehiago dira. Denera 46 argazki jarri dira. Sei egituratan banatuta, olan handietan kokatu dira argazkiak. Egitura bakoitzak harresi bat irudikatzen du. Bidasoatik abiatuta, Melilla eta Ceutara, hortik Greziara. Kristina Berasainen testuek eman die testuingurua irudiei. Euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuez eta mapez lagundu dira argazkiak. Bidasoako harresia du abiapuntu. «Migrazioak asko kezkatu izan nau beti. Etxean askotan hitz egin izan dugu gaiaz. Nire aitita Ondarroatik etorri zen Hondarribira. Migratzailea al zen? Migrazio irregularrari dagokionean, garai batean Calaisera joatekotan egon nintzen, baina deseroso sentitzen nintzen ideiarekin. Ez nuen sakontzeko denborarik, batez ere hain egoera zaurgarrian dagoen jendearekin gaiak eskatzen duen indarrarekin egoteko. Irunen, konturatu ginenean migratzaileak pasatu ezinik zebiltzala -aurretik ere gertatzen zen-, ‘hau da nirea’, pentsatu nuen. Hemen badago beste modu batera egiteko zerbait», gogoratu du Garaialdek. 2018ko uda zen. Lehen gosari solidarioa egin zen eguna. Irungo Harrera Sarea orduantxe eratu zen, eta 20.000 lagunetik gora artatu ditu. Urruñan eta Baionan ere badira taldeak. Javi Julio eta Gari Garaialde, Donostiako Bulebarrean jarri duten erakusketan. (Gotzon ARANBURU / FOKU) Hasieran denbora gehiago ematen zuten Irunen migratzaileek, eta hainbat harreman egin ditu Garaialdek. Dozenaka testigantza entzun ditu. «Neska batek 21 egun pasa zituen pateran. Bidaia hasi zuten 25 pertsonetatik bera eta beste neska bat bakarrik zeuden bizirik. Autobusetik jaitsi eta berehala kontatu zidan. Egun batzuk gogorrak izan dira. Bost urte daramatzat gaia lantzen eta lotu egin nau», aitortu du. Amdik koadernoan jasotzen ditu bidaiako marrazkiak eta pasarteak. Irunen 2018ko irailean atera zuen bere kameraz Garaialdek. Coyahn (Ginea) zuen etxea ikus daiteke marrazkian. «Tarteka sare sozialen bidez jarraitu nuen harremana izaten. Parisen zen. Halako batean desagertu egin zen», esan du. Harremana izatetik -ordu gutxi baina intentsoak-, etenera. Beste kasu batzuetan, tarteka Whatsapp bidezko mezu bat. Bizirik dago. Poza. Urteetan «kaixo» esan ezinik «Farhia Abdulwahad-ekin harremana dut herrian. Haurra izan du. Orandik ez du prozesua egin eta ez du gertatutakoa kontatu nahi. Betiko markatzen du esperientziak. Ibrahima Balde ere -Amets Arzallusen “Miñan” liburuko protagonista- ezagutu dut. Baimena lortu eta lehenengo gauza amarengana joatea izan da. Bost urte zeramatzan amari ‘kaixo’ esan ezinik. Joanez gero, ezin itzuli. Paperak lortu zain egoten dira senitartekoei ‘bizirik nago’ esateko. Izan ere, familiako batzuek ez dakite bizirik dauden ala ez», esan du. Orain ofizioa desberdin ikusten duen galdetu diogu. «Nire lanari buruz asko pentsarazi dit. Noiz pasatzen da bat multzotik pertsona izatera? Zer egin dezakegu beraien identitatea babesteko? Poliziak gure argazkiak mugak pasatzea debekatzeko erabiliko dituen beldur dira. Bizkarrez edo multzoan aterata deshumanizatu egiten dituzu... Gauez egindako argazkiek klandestinitatearen iruditeriarekin lotzen dute. Baina hori ere erakutsi behar da. Nola egin?». Galdera airean. Frantziar Estatuak egunero kanporatzen ditu muga zeharkatzea lortu duten pertsonak. Irunen uzten dituzte batzuetan mugatik kilometro batzuetara harrapatutakoak. «Kontrolak iraunkorrak, selektiboak eta diskriminatzaileak dira. Gauez eta egunez daude hor», irakur daiteke erakusketan. Yaya Karamoko 2021eko maiatzaren 22an ito zen Bidasoan. Egun hura ez zen salbuespena izan. Guztira bost lagun hil dira ibaia zeharkatzeko ahaleginean. Harresi zeharkaezina bilakatu da muga iheslarientzat. Bide berriak bilatu; besterik ez dute. Muga mendiz mendi ezkutuan pasatzeko ahaleginean, iratze artean, ikus dezakegu Oumar. 2021eko maiatza da, Biriatu. Aden, Abdoulaye eta Ibrahima aurrerago ditu zain. Aden, Guinea Conakryn jaioa, muga Endarlatsa auzotik pasa nahian, Beran ageri da beste argazki batean. 2021eko maiatzean egina da irudia. Lurrezko harresiak. Ceuta eta Melillakoak izan ziren migrazioa geldiarazteko lehen hesiak. Hegoaldeko harresiak dira, Afrikan daude, baina Europako lehen mugak dira. Gero eta ohikoagoa da mugak kanpoan jartzea, kanporatzea. «Milaka lagunen bizitza arriskuan jartzen duen estrategia da», diote. Reny Nguila zortzi ordutik gora egon zen kale-argi batera igota, Melillako hesitik salto egin ostean. Azkenik, Espainiako aldean geratzea lortu zuen. Mikel Oibarrena da irudia. Eskuan zein hankan Melillako alanbre-hesiak eragindako zauri odoltsuak ikus daitezke migratzaileen azalean. Betiko izango diren orbainak. Itsasoko harresiak. Mediterraneoa hobi komun bihurtu da, munduko handiena. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak salatu du 59.000 pertsona hil direla mundu osoan migrazio-bideetan, 2014. urtean heriotzak dokumentatzen hasi zirenetik. Baina heriotza gehienak ez dira erregistratzen. Estatuek portuak itxi dizkiete arrazoi humanitarioengatik itsasoratzen diren erreskate-ontziei. Aita Marik 1.500 lagunetik gora erreskatatu ditu 2019. urtetik. Ezin ulertu 2023an 55.000 migratzaile baino gehiago iritsi dira Kanariar Uharteetara. Garai batean, Libiara eta Tunisiara ailegatzen ziren. Ondo ezagutzen du ingurua Juliok. «2015ean, Austrian, adineko pertsonak jo egiten zituztela ikusi nuen trenbidean. Alemaniara joan nahi zuten. Giza Eskubideen Nobelaren herrian ezin nuen ulertu gudatik ihesi zihoazen pertsonak nola jipoitzen zituzten. Lesbosera eta Kiosera joan nintzen neure begiekin ikusi nahi nuelako bertan gertatzen zena. Fotokazetaria naiz eta ikusitakoa kontatu nahi dut». Hamar urte beranduago, deigarria zaio errefuxiatuak lehen mailako eta bigarren mailako bezala nola sailkatzen diren ikustea. «Edo ikusezin bezala. Bidasoa ibaia igaro nahi dutenak dira horren adibidea, inork ez die galdetzen zein gerratatik ihesi datozen. Errusiak Ukraina inbaditu ondoren gertatu denak erakusten du ze desberdintasun egiten den. Perspektiban jarrita, garbi ikusten da Siriako, Irakeko eta Afganistango gerren -lehenengo munduak finantzatuak- eta Ukrainakoaren arteko aldea. Atentzioa ematen dit. Muga zeharkatzen laguntzen zutenen kriminalizazioa bilatu izan da, nahiz gurean gutxiago gertatu. Zergatik? Migratzaile txiroak eta beltzak zirelako. Kutsu arrazista du. Aldiz, egunkariek euren lehenengo orrian atera dituzte Poloniako mugara hiritarrak jasotzera zihoazen taxilariak. Heroiak izan ziren. Amorrua ematen dit erakunde publikoetatik egiten duten desberdintasunak. Ze ‘agravio comparativo’ den saharar edo palestinar batentzat... », egin du hausnarketa. «Argazkietakoak gure auzoetako bizilagunak dira. Sistemak lastima sentiarazten digu Titanic ontziaren arrastoen atzetik batiskafoan joan zirenengatik. Nik ere sentitzen dut haien heriotza, noski. Baina gure bizilagunak izan zitezkeen 600 pertsona ontzian hiltzen direnean, eta berria bi albistegitara mugatzen denean, amorrazioa sentitzen dut». Betidanik piztu dio interesa pertsonen mugimenduak. «Ez dut ulertu izan zergatik kriminalizatzen den jatorriarengatik». Lana eta mundua ulertzeko duen moduari lotuta dago jarduna. «Exotikoagoa da istorioak Jordanian edo Iraken bilatzea. Baina, orain, bertan dugu. Gariri esan diot, ‘zuk ez duzu urrutira joateko beharrik izan istorioak kontatzeko’». Badu zalantzarik. «Gaia aurrez landu arren, izan gaitezen zintzoak, bertara iristean paraxut bat zara. Hedabideek zergatik erosten dizkigute artikuluak kazetari zurioi? Zeinek dio nik prestigio handiagoa dudala? Zalantza asko ditut. Fokua non jartzen duzun eta zer kontatu nahi duzun garbi izan behar duzu. Edonon aurkituko dituzu argiak eta itzalak. Zerekin geratu nahi duzu? Nik garbi dut, argiarekin», esanez amaitu du. «Migrazioak asko kezkatu izan nau beti. Etxean askotan hitz egin izan dugu gaiaz. Nire aitita Ondarroatik etorri zen Hondarribira. Migratzailea al zen?» «Nire lanari buruz asko pentsarazi dit. Noiz pasatzen da bat multzotik pertsona izatera? Zer egin dezakegu beraien identitatea babesteko?», kontatu du Gari Garaialdek «Perspektiban jarrita, garbi ikusten da Siriako, Irakeko eta Afganistango gerren -lehenengo munduak finantzatuak- eta Ukrainakoaren arteko aldea» «Hedabideek zergatik erosten dizkigute artikuluak kazetari zurioi? Zeinek dio nik prestigio handiagoa dudala? Zalantza asko ditut», aitortu du Javi Juliok