2024 MAR. 09 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Zein da istilu guztietan egon den talde antolatua? Iñaki Altuna Datuak kezkagarriak dira. Azkenekoa ostegunean ezagutu genuen. Emakume bat ospitaleratu zuten Real-PSG partidaren aurrekoan izandako Ertzaintzaren kargetan zaurituta. Familiak baieztatu du foam jaurtigai batek eragin ziola kaltea, «lokira zuzenean jaurtia». Istilu horietan, bigarren emakume gazte bat ere zauritu zutela jakin genuen. Zerrenda luzeegi baten azken berriak izan dira: aurretik, Tolosako ihauterietan egindako karga, gazte bat larriki zauritu zuena; segidan, Real-Mallorca Kopako finalaurrekoan izandako istiluak; biharamunean, beste finalaurrekoan San Mamesen inguruan izandakoak, eta, azken asteburuan, Gasteizen Martxoaren 3ko manifestazioan gertatutakoa. Asteazkenean jakin genuen Gasteizen pertsona bat ospitaleratuta zegoela, ebakuntzaren zain, masailezurra bi lekutan hautsita zeukalako. Eta beste batek perone-haustura izan zezakeela, polizia furgoi batek harrapatu ondoren. Egoera honen aurrean, deigarriak izan dira Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren hitzak. Gertaera denak lotu zituelako, horiek denak «norbaitek» antolatzen dituelakoan. Eta horien atzean alderdiren bat egon daitekeela iradoki zuelako. EH Bildu jarri nahi izan zuen jomugan. Istilu guztiak lotzea ariketa tranpatia izan daiteke halako arduradun politiko baten ahotan; berez, horietako bakoitzean egon ahal izan diren motibazioak arras ezberdinak izan daitezkeelako eta, are garrantzitsuagoa dena, bere ardurapean aritu direnen jokabidea kasuz kasu aztertzea galarazi dezakeelako. Denak zaku berean sartuta, badirudi interbentzio bakoitzean Ertzaintzak izan duen jokabide eta erantzukizun zehatzak aztertzea saihestu nahi dela. Auzi orokor bat jarri nahi du Erkorekak: istiluak sortzea norbaitek bideratu duen estrategia bat dela iradokiz, gertaera bakoitzean Sailak eta Ertzaintzak izan ditzaketen ardurak zuritzeko. Izan ere, polizia jardunean hartutako erabakien egokitasuna eta egindakoaren proportzionaltasuna dira neurtu beharrekoak, eta horren arabera egin behar diote aurre arduradun politikoek beren erantzukizunari, nahaste-borrasteak sortu gabe. Edonola ere, istilu horietan guztietan egon den subjektu bakarra Ertzaintza dela esan beharko litzaioke Erkorekari, eta auzi orokor bat egotekotan, Poliziaren izaerari eta jardunari buruzkoa izan beharko lukeela. Iñigo Cabacasen heriotzak argi eta garbi mahairatu zuen polizia ereduak hausnarketa eta eztabaida sakona behar duela. Zenbaitetan, ahapeka, Segurtasun Saileko (Estefanía Beltran de Herediaren garaian) arduradun batzuek hori egiteko zailtasunak ere onartu izan dituzte, ertzainen artean errotutako joera ultren ondorioz. Urkulluren Gobernuak, ordea, ez dio gaiari heldu nahi izan; akaso, autokritika gehitxo egin beharko lukeelako. Pradales hautagaiak ere «istiluak sortzen» dituztenen gain jarri nahi izan du ardura. Jakina, mundu guztian bezalaxe, hemen ere jendea biltzen denean arazoak egon daitezke. Eta izan daitezke talde txiki antolatuak ere horrelakoetan. Alabaina, auziari zer betaurrekorekin begiratzen diogun da gakoa. Atutxaren garaikoak, hauteskunde giroan sortzen diren alderdikeriarenak (EH Bilduren kontra oraingoan) edota munduko polizietan indartzen ari den joera errepresiboarenak ez dira, inondik ere, egokiak. • De haber una causa general, debería referirse a la actuación de la Policía. Lo de Cabacas mahairó claramente que hay que cambiar el modelo