GAUR8 - mila leiho zabalik
BIZIPOZA ESKOLA

Zipriztindu Bizipozaz guztiontzat izanen den mundua, zure eremutik hasita

Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten eta haur eta familien ongizatea helburu duten 38 elkarte biltzen ditu Bizipozak. Laguntza emateaz gain, beren baloreekin aberastu eta hezten da, eta jendartera zabaltzen da. Ekarpen praktiko bezain beharrezko bat dakar orain hezkuntza formal, ez-formal eta herrigintzarentzat: Bizipoza Eskola.

Bizipoza Jaiaren aurkezpena, asteazken honetan Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Denontzako Euskal Herria eraikitzeko bide honetan, premia bati erantzuten dio Bizipoza Eskolak. Bizipoza Elkartearen proiektu berria da. Hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzen du elkarte honek, euskaraz eta sorkuntzatik, auzolanean eta balioak zabalduz.

Eskolan, Bizipozako kideek landutako materiala jarri dute guztion esku, bakoitzak gure eremura eraman dezagun eta bizipozean hezi gaitezen.

Nerea Godoy Fuentes eskolako arduraduna da, baita Bizipozako talde eragileko kidea ere, eta Bizipozak biltzen dituen 38 elkarteetako bateko, Sanfilippo sindromea pairatzen duten haur, senide eta lagunen elkarteko, boluntarioa ere bai. Gogoan du nola Bilboko ikastola batean Bizipoza Kantari egin zuten eskolaz kanpo. «Hori izan zen pilotatzeetan pilotatzeena, 5, 6, 7 urteko haurrekin Bizipozako gaiak landu genituelako naturaltasunez, irriz, kantuan, dantzan, antzerkiarekin eta arte plastikoarekin».

2021ean Danobatgroupen aurkeztu zuten gida didaktikoak egiteko asmoa. Kooperatiba honek bat egin zuen amets horrekin, eta joan den abenduan bizipozaeskola.eus webgunea abiatu zuten.

Aritu eta adituekin osatu dituzte gida didaktikoak, eta hiru norabide hartu ditu proiektuak: hezkuntza formala, ez- formala eta herrigintza. Izan ere, balio hauek «ez dira eskolaren ardura soilik, ezta elkarteena ere; denok eragin behar dugu elkarrekin».

Bizipozan material mordoa zuten sortuta: proiektuak, mikrodokumentalak, Bizipozaren dokumentala, elkarteek euskal kultur sortzaileekin egindako kantu eta bideoklipak, “Irria” aldizkariko komikiak, marrazki bizidunak... «Oinarri sendoa genuen, eta beharra ere bazegoen hezkuntzan. Gure elkarteetako haur eta gazteak gizartearen parte dira: eskolara doaz, aisialdi taldeetara, kirol egokitua egin nahi dute, baina batzuetan bazterrean geratzen dira», azaldu du Godoyk.

Webgunearen atalak

Bizipozaeskola.eus sortu dute, hortaz, elkarlanean. Bertan aurki ditzakegu hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta herrigintzaren atalak, eta nazioarteko egunak biltzen dituen egutegia ere bai, horiek baliatuz gaiak lantzeko. Beste eremu bat elkarteena da. Hor, bakoitzaren materiala jasotzen da, zerbitzuez gain.

Konpartitzeko txokoa dago, azkenik. Asmoa da Euskal Herrian zehar Bizipozaren materialetan oinarrituta izandako bizipenak jasotzea, eredu gisa.

Sartu orduko, “Zipriztindu zure ingurua!” leloa ikusiko dugu koloretako papertxoen artean handitzen. «Gai hauek denonak dira: minbizia, desgaitasunak, gu izan gaitezkeela beste herri batzuetatik etorri garenak... Denok dugu zer emana eta zer jasoa. Bizipoza Eskolak hori islatu nahi du».

Harrera beroa

Hezkuntzako hainbat eremutan ari dira Bizipoza Eskola aurkezten, eta «oso harrera beroa eta esker ona» jasotzen ari dira guztietan. 230 erabiltzailetik gora dituzte jada.

Lantzen dituzten gaiak askotarikoak dira: gaixotasunak; aniztasun funtzionala, gaitasunak eta gabeziak; familia aniztasuna eta sexu orientazioa; identitatea, genero rolak eta transexualitatea; kultura-aniztasuna; heriotza; boluntariotza eta bizipozaren jaia; eta zer da bizipoza?

Norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna ere jorratzen dituzte. Gai kuttun bat du hau Nereak, begiak zabaldu dizkio: «Hirugarren pertsona erabiltzeko joera dugu izaera bereziko gai hauetan: ez gara gu, beste batzuk dira. Ni Nerea naiz eta ez daukat desgaitasun diagnostikorik, baina ez naiz edozer egiteko gai eta askotan laguntza behar izaten dut. Nor naiz ni? Zer daukat emateko eta jasotzeko?».

«Ze desberdin eta ze ondo»

2023ko urtarriletik maiatzera Euskal Herri osoko zortzi ikastetxetan eta EHUn egin zituzten proba pilotuak, baita AEKn, Zirimola aisialdi taldean eta Gipuzkoako Bertsozale elkartean ere. Proiektua horrenbeste leku eta egoeratan martxan jarri izana aberastasun handia izan zen: «Proposamena berdina da, baina errealitatera eramatean emaitzak anitzak dira eta hori da benetako bizipoza: ze desberdin eta ze ondo».

Jendartea aldatu ahala eskola eguneratzea da erronka. Horretarako material eta jarduera berriak igotzen ari dira, webgune bizia izateko.

Koloretako betaurrekoak

Koloretako betaurrekoekin agertzen dira Bizipoza Eskolako kideak. «Mundua bizipozez ikusteko modu bat da, aniztasunari erreparatuz. Antiojoak jantzita eduki beharko genituzke edozein eremutan gaudela ere». Betaurrekoekin ondoan nor duzun ikusten duzu, nolakoa den, zer behar dituen, zer eman eta zer jaso dezakezun. Bizipoza jarrera bat da bizitzaren aurrean.

Bizipoza Eskolak elkarteen begirada jaso eta zabaltzen du, besteak beste Ndank Ndank-ena. Bertako kidea da Eli Dominguez (eskuinetik hasita lehenengoa). Behean, erdian, goxo besarkatuta, Nerea Godoy eskolaren arduraduna. (TAPUNTU KOOPERATIBA)

Baikortasunez so egitea da, irribarrez, baina baita negarrez ere, «tristurak eta pozak partekatuz, biek baitute garrantzi bera». Horregatik asmatu du Porrotxek hitz berri bat: “nebarrez”. Bizipoza “nebar” egiteko leku bat da.

Ndank Ndank

Erran bezala, Bizipoza Elkartean izaera anitzeko 38 elkartek guztiontzat izan beharko lukeen mundua sortzeko lan egiten dute. Horietako bat da Bergarako Ndank Ndank, senegaldar eta euskaldunez osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea. Bi komunitateen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzen du, kulturartekotasunaren balioa goraipatuz. Lankidetzan, Senegalgo Dionewar herrian hainbat proiektu gauzatzen ditu.

“Ndank Ndank” espresioak “pixkanaka-pixkanaka” erran nahi du senegaldarrez. Halaxe bilakatu da zaletasun edo ekintza berri bezala hasi zena bizi proiektu Eli Dominguez eta Mamadou Sarrentzat.

«Lagun giroan hasi ginen», oroitu du Dominguezek. «Elkartrukeak egin nahi genituen euskaldun eta senegaldarren artean, Dionewar herriko baliabideak hobetzeko. 2011ko azaroan sortu genuen elkartea, ezagutzarik gabe. Nik Senegalera bidaiatu nuen, eta esperientziak asko markatu ninduen: nire bizitzan 180 graduko aldaketa gertatu zen. Mamadou eta biok lagun izatetik bikote izatera pasatu ginen. Seme-alabak jaio ziren, eta elkarteak beste garrantzi bat hartu zuen».

Urteetan boluntario bezala ibili dira, eskola eta herrietan sentsibilizazio ekintzak egiten. 2019an, bidaiak antolatzen hasi zirenean, indarra hartu zuen elkarteak. Nahiz eta txiki izaten jarraitzen duen, Ndank Ndank zabaltzen joan da, eta Sarr elkarterako lanean ari da lanaldi erdian.

«Hondarrezko Herria» ipuina

Ekintza ugari proposatu ditu Ndank Ndank-ek Bizipoza Eskolarako. “Hondarrezko Herria” ipuina sortu du Aroa Elortza elkarteko artistak, eta eskolako baliabideen artean dago, denon eskura.

Senegalgo Dionewar herria eta bere bizi filosofia ezagutzeko era bat da. Beste begirada bat proposatzen du, hausnarketak beste puntu batetik eginez: «Euskal Herritik Senegalera zer eramango genukeen galdetu ohi da. Baina guk buelta eman diogu galderari: zer ekarriko genuke handik?».

«Bidaian joaten direnak beti doaz laguntzeko ideiarekin. Elkartasunezko bidaia bat egiteko asmoarekin, seme-alabek Euskal Herrian duguna baloratu dezaten. Baina azkenean kontrakoa gertatzen da, eta gogoetak beste alde batera egiten dira, ohartuz zer gabezia ditugun gizarte bezala eta zenbat gauza galdu ditugun. Hori ere polita da».

“Hondarrezko Herria” ipuinaren irakurketarekin berdina gertatzen da. Maiz, helduok eskola eta ospitaleetako baliabide faltan jartzen dugu fokua; haur eta gazteek bestelako ikuspegia dute, ordea, eta nolako lekua den ikusten dute. Zoragarria: hondartza, zaldi ibilaldiak, arrantza, izurdeak...

Gauza pila bat ekarriko lituzkete: hango pertsonak, familia sentimendua, elkar laguntza, lasaitasuna eta poztasuna...

Paternalismorik gabe

Zer da kulturartekotasuna? «Aurreiritziak apurtu beharrean, indartu egiten ditugu batzuetan», hausnartu du bergararrak. «Askotan, asmo onez, kultura edo herri bat landu nahi dugunean, Google bilatzailera jotzen dugu eta estereotipoetan jausten gara. Halako ekintzekin motz gelditzen garela uste dut. Folklorea eta janaria lantzen dira, ez hainbeste bizi balioak eta filosofia. Elkartruke aberats batetik baino, paternalismo ikuspegi batetik».

Ndank Ndank-en hori puskatu nahi dute. «Egiten ditugun bidaietan eta sortzen ditugun materialetan beti saiatzen gara elkarrekikotasuna transmititzen, zer eman eta zer jaso dezakegun; hori da gure filosofia. Beste bizimodu edo kultura batzuetatik ezagutu eta ekarri ahal ditugun baloreak asko dira».

Ndank Ndank elkartekoak, Senegalgo paraje zoragarrietan bidaian. (NDANK NDANK)

Bizipoza Eskolan eta Elkartean ere filosofia bera dute, eta emateaz gain, pila bat jasotzen dute Ndank Ndank-tarrek ere: mikrodokumentalak eta material politak sortzeko aukera, baita beste hainbat errealitate ezagutzeko zortea ere. «Familia horren parte izatea oso aberatsa da. Kontziente izateko gizartean zenbat behar eta errealitate dauden, eta denon artean lan egiteko mundu hobe baten alde».

Bidaiak

Senegalekiko ikuspegia, jatorri ezberdineko pertsonenganako begirada aldaketa eta migrazio fenomenoa lantzen ari dira Ndank Ndanken. Kulturartekotasuna transmititzen eta arrazakeriaren kontra borrokatzen, ahalik eta esparru gehienetan.

Hiru ume dituzte Eli Dominguezek eta Mamadou Sarrek, 9, 7 eta 2 urtekoak, eta beraiengatik dabiltza batez ere elkartean. «Gure seme-alabek beren jatorria ezagutu behar dute, eta jaso izan dituzten mezuak ez dira beti onak izan. Gaur da eguna oso harro daudena beren jatorriaz. Gustura bidaiatzen dute, eta baliabide faltari baino, bizitzari eta baloreei erreparatzen diete. Bidaietan herriko enbaxadore izatea eta Bergarako beste familia batzuekin esperientzia partekatzea ere pozik bizi dute».

Bidaien erantzuna, izan ere, itzela izan da. Martxoaren 19 batean bururatu zitzaion Eliri ideia, eta apirilaren 4rako aurkezpena egiten ari ziren. 15 pertsonarentzako eskaintzarekin joan ziren arren, egun hartan bertan ia 26k eman zuten izena, eta azkenean 30 lagunek bidaiatu zuten uda horretan. Ederki pasatu zuten.

Oso eskertuta daude Bergarako herriari, beti jaso izan dutelako babesa.

Bi bidaia mota egiten dituzte: alde batetik, elkarbizitzakoa. Dionewar irlan egoten dira batik bat, etxetxo batzuetan, familiekin batera, eta bertako jabeek kudeatzen dute dena. Bertako janaria jaten dute, ohituretan parte hartu, auzolanetan, zineforumean... Uda inguruan, opor garaian izaten denez, jende gaztea eta familiak erakartzen dituzte batez ere. Horregatik, urtean beste formatu bat eskaintzen hasi dira, eta jubilatuak ere animatzen ari dira. Ibilbide txiki bat egiten dute Senegalen barrena. Turistikoagoa da, baina oinarri bera du: bertako bizimodua ezagutzea.

Bigarren formatuan, apirilaren 27tik maiatzaren 6ra joateko taldetxoa osatua dute, baina nahi duenarentzat oraindik bada lekua. Udan beste elkarbizitza bidaia bat egingo dute; plazak beteta daude, ordea.

Moda bilduma

Bidaiez gain, hitzaldiak eta zineforumak antolatzen dituzte “Teranga” dokumentalaren inguruan. Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduko Maider Bernad, Ainhoa Imaz eta Mikel Agirrek Ndank Ndank elkartearekin elkarlanean ekoitzitako lana da hau.

Urtean behin, moda bilduma ere ateratzen dute. Honek indarra hartu du. «Dionewarren kultur eremu bat sortu dugu, eta bertan artisau tailer bat eraikitzen ari gara, josteko makina batzuk bidali ditugu, eta asmoa da aurrerantzean jantziak eta osagarriak handik eginda ekartzea».

Eskolako eta anbulatorioko azpiegiturak hobetzeko proiektuak eraman ditu aurrera Ndank Ndank-ek. Horrez gain, bertako emakumeei lan aukerak eskaintzen saiatzen da. Iaz emakumeen kooperatiban ostatu txiki bat eraiki zuen, beste diru iturri bat izan dezaten. Bestalde, Dakar hiriburuan ikasle pisu bat du alokatuta 15 pertsonarentzat.

«Asmoa da bertako gazteek ez izatea buruan Europara etortzea bakarrik. Ez da bidaia erraza, bide irregularrak dira aukera bakarra». Aldarrikapen bat egiten du elkarteak: «Edozein gaztek bezala, eskubidea izan beharko lukete beren etorkizuna erabakitzeko. Autoerrealizaziorako, beren ekintzak antolatzeko. Gogorra da beraientzat, nahiz eta ikasi, aukera askorik ez ikustea».

Bitxikeria bat kontatu digu Dominguezek, gauzatzen ari diren elkarrekintza hobeki ulertu dezagun. «Garai batean, Dionewar herrian estropadak egiten zituzten, eta euskaldunek han izan ziren bidaia batean berreskuratu zituzten. Bada, orain, antolatzen jarraitzen dute. Borroka senegaldarra da bertako kirolik ezagunena, eta borroka bat ikusteko aukera izango dugu apirileko bidaian».

Ndank Ndank-en beste proiektu bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan migrazioaren gaia beste era batean lantzea da. «Neokolonialismoa ikusarazten saiatzen gara, azalduz gaur egun enpresek aurrera eramaten duten baliabide ustiaketaren ondorioz, Kongon, Senegalen eta beste toki batzuetan gatazkak sortzen direla eta horrek migrazioan eragina duela. Gaia beste erpin batzuetatik aztertzen saiatzen gara, ikuspegi eurozentristatik aldenduz eta zabalago begiratuz».

Mikroarrazakeriak erakutsiko dituzten hainbat bideo labur sortuko dituzte apirilean, eta maiatzean, 21a Kultura-aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, kontzertua, moda desfilea, eta dantza eta musika ikuskizunak eskainiko dituzte Bergaran, bertze ekintza batzuen artean.

 

HERNANIKO HERRIAK PLAZA ESKAINIKO DIE ELKARTEEI, APIRILAREN 27KO JAIAN

Bizipoza Jaia urtero egiten da herri desberdin batean, eta aurtengoa Hernanin ospatuko da, apirilaren 27an. Jendartean aurkezteko, prentsaurrekoan bildu dira asteon Hernaniko Udaleko ordezkariak, Xabier Lertxundi alkatea eta Axier Mingo Euskara zinegotzia; Bizipoza elkarteko ordezkariak, Leire Elizegi eta Markel Oiarzabal; Pausoka Elkarteko Amaia Irazusta eta Super H-ko Joseba Labaka.

Oiarzabalek GAUR8ri azaldu dionez, egun hori aitzakia bat da elkarteak protagonista bihurtzeko eta herriko plaza eurei eskaintzeko. Egun osoko egitarau betea ari dira osatzen, baina garrantzitsuena da elkarteek postua jartzeko aukera izanen dutela materiala banatzeko eta zenbaitetan sare sozialen bidez ikusten ditugun pertsonak aurrez aurre ezagutzeko. Lekua eta bozgorailua eskainiko die jaiak.

Bizipoza Jaiaren aurkezpena, asteazken honetan Hernanin. (Jon URBE / FOKU)

Hernanik ere ekarpena eginen dio jaialdiari. Hernaniarra da Markel, eta koordinatzaile dabil, jaiaren eta herriaren arteko lotura eginez. «Bizipozaren jaia hernaniarron jaia ere bada. Asmoa da herri eta norbanako bezala inplikatu eta jaia gure sentitzea», adierazi du. Kulturako eta jendarteko eragileen partetik jasotzen ari diren erantzuna «oso-oso positiboa» da. San Juan konpartsa, erraldoi eta buruhandiak, dantza eta aisialdi taldeak... Lehen unetik baiezkoa eman diete parte hartzea proposatu dietenean.

Nerea Godoy Bizipoza Eskolako arduraduna herriko ikastetxe guztietan izan da proiektua azaltzen, «jaiari ekarpena egin nahi diote ezagutza bat edukitzeko». Haurrei egokitutako aurkezpenak ere egin dituzte, pailazoekin eta koloreekin.

«Sentsazio oso positiboa dugu», erran digu Oiarzabalek. Interprete zerbitzua egonen dela iragarri du eta familia guztiak gonbidatu ditu etortzera. Bi gunetan banatuko da jaia: Atsegindegi plaza elkarte eta ikuskizunentzat izanen da, eta Urbieta kalea, tailer eta erakustaldientzat.

Bizipozako 38 elkarteetatik 25 inguru hurbiltzea espero dute. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere dantzaldi handi bat eginen dute. Ikusten ez den lan handia dagoenez atzean, boluntario bila dabiltza. Ekarpena egin nahi duenak markel@bizipoza.eus-era idatzi bertzerik ez du. Edozein laguntza anitz eskertuko dute.

 

PILOTATZEA EGIN DUTEN IKASLEAK, ESKERTUTA

Ainhoa Gana Dañobeitiak Haur Hezkuntza Gradua atera zuen EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultatean, eta gaur egun bertan dabil lanean, etorkizuneko irakasleak prestatzen. Toki aproposa izan da, hortaz, Bizipoza Eskola frogatzeko.

«Bi ikasgaitan egin genuen pilotatzea: didaktika orokorrean eta hezkuntza inklusiboaren oinarrietan. Diseinatutako unitate didaktikoen egokitasuna aztertzeaz gain, praktikan jarri genuen. Ezin denak hartu, eta gai bakoitzeko bat probatu genuen gutxienez, taldeka: familia aniztasuna, heriotza eta dolua, kulturartekotasuna... Gero, hobekuntza proposamenak bidali genituen Bizipoza Eskolara, eta kontuan hartu zituzten», agertu du lezamarrak.

Ainhoa Gana eta Idoia Legorburu, pilotatze baten partaideak. (TAPUNTU)

Gradu hauetan sarri beste herrietako proposamenetatik abiatzen direnez, ikasleek biziki eskertu zuten Euskal Herrian bertan sortutako unitate didaktikoak baliatzea. «Beti ari gara sortzen, baina zergatik ez ondo daudenak aprobetxatu eta egokitu?». Hain ohituta ez dauden gai batzuk lantzea ere estimatu zuten, adibidez dolua eta heriotza, familia aniztasuna eta LGTBI kolektiboa. Libre aukeratzen utzi zieten, eta gehienek horiek hartu zituzten.

Orain, Hezkuntza Fakultateak eta Bizipoza Eskolak elkarlanean jarraitzea da asmoa, ez dadin gela horietan bakarrik gelditu, material hau baliagarria baita graduko lau mailetarako.

Ainhoak Gizarte eta Hezkuntza Eremuko Ikerketa Masterra egin zuen, eta amaierako lana Takolo, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen pailazogintzaz egin zuen. Horren harira ezagutu zuen Bizipoza, eta ordutik beti jarraitu izan du. «Oso urte gutxitan gauza oso aberasgarriak egiten ari dira gizartearentzat. Mundua (bizi)pozten ari dira. Hurbiltzen zaren bakoitzean jasotzen duzu ematen duzuna baino askoz gehiago. Boluntariotzatik datoz, auzolanetik, eta nabari da hori», adierazi du.

Haur Hezkuntza ikasi zuenetik bi kezka ditu barruan Lezamakoak, euskara eta baloreak; eta horiek biak zutabe, bere ibilbide pertsonala eta profesionala elikatzen saiatzen da. Futbolean ere aritu zen; Derioko Emakumeen futbol taldeko jokalaria izan zen, eta Euskal Ligara igotzea lortu zuten. «Polita da talde kirola orokorrean, elkar animatzeak zer garrantzia duen ikustea; norbaitek momentu txar bat badu beste bat ondoan egotea. Hezkuntza ere talde lana da», egin du gogoeta.

Datorren ikasturtean orientatzaile izateko masterra egiteko asmoa du, lan horretan euskara eta baloreekin lotuta zeregin handia dagoela ikusten duelako.