GAUR8 - mila leiho zabalik

«Arabako bertsogintza elkarrekin doa aurrera, eta hori, kantatzeko unean, eskertzekoa da»


Iñaki Viñasprek (1984, Abetxuko) esperientzia handia du oholtzan, gogotsu dago, eta finaleko seikoteak «ibilbide amankomun bat» izateak lagunduko duela uste du.

Zein aldarterekin zaude arratsaldeko saioari begira?

Egia esan, gogotsu; sarrera asko saldu dira, uste dut oholtza gainean egongo den taldea polita dela, eta, beraz, gogotsu.

Helburu zehatzik ba al duzu?

Postuari dagokionean ez behintzat, helburua da ahal dela gozatzea, bai oholtza gainean, bai azpian daudenekin, eta ahalik eta ondoen egitea.

2004az geroztik final guztietan egon zara, txapeldun ere izan zara. Horrek ba al du pisurik zugan?

Pentsatzen dut denontzat duela pisu pixka bat txapelketan zehar, baina aldi berean badakigu finalera denok nahiko berdin goazela, edozer gertatu daitekeela, eta finalari begira, pisua pentsatzen dut denok berdina dugula.

Aurtengo txapelketa nola joan dela esango zenuke?

Oso polita joan da, kanpoan gelditu dira maila handiko bertsolariak, ez bakarrik finaletik kanpo justu xamar geratu direnak, uste dut txapelketa osoan zehar, adibidez, Ekaitz Samaniego batek, finalerdietan puntuazio altua ez duen arren, oso saio politak egin dituela; Izar Mendigurenek freskotasun handia eman die saioei; Eli Zalduak uste dut oso maila polita duela; jakina da Xabi Igoa kanpoan gelditzea denontzat sorpresa bat izan dela, baina denok genekien bazegoela aukera hori ere. Aitor Ugarte, Unai Anda… bertsolari pila bat daude oso ondo ibili direnak eta agian momenturen batean ez direnak hain fin ibili; baina oso maila altua eman dute.

Bertsozalea zer moduz sumatu duzu?

Jendea bero etorri da saioetara eta, beste urteetako datuak zehazki ez dakizkit, baina sentsazioa dut aurten beteago zeudela aretoak eta bertso gose handiz etorri dela jendea saioetara.

Urte luzeko ibilbidea duzu . Izan al da aldaketarik?

Ikusi nuen lehen Arabako finala, garaian Prudentzio sariketa zena, kultur etxe bateko areto batean egiten zen; bertsolari kopurua eta maila aldatzeaz gain, bertsozale kopurua eta gogoa ere urteekin gora joan da. Txapelketari aitortu egin behar zaio ibilbide honetan bertsoari egindako ekarpena, bertsoak asko ematen dio txapelketari, baina txapelketak ere bai bertsoari; momentu honetan jende mordo bat dago txapelketa prestatzen duena eta hari begira dagoena.

Horrek hauspotzen al du bertsogintza?

Pentsatzen dut zenbat eta zabalagoa eta anitzagoa izan bertso mundua, aukera handiagoa dagoela mota ezberdinetako ekitaldiak edota harremanak sortzeko. Araban gero eta bertsolari gehiago gara, gero eta bertsolari ezberdinagoak hurbiltzen dira bertsotara, maila hobearekin, eta uste dut horrek ekarpen bat egiten duela gauza ezberdinak sortzeko unean.

Nola ikusten duzu finaleko taldea?

Seikotea fina da, badakigu Peru dela azkeneko txapelduna eta oso ondo prestatu duela aurtengoa; Manexek urtero prestatzen du ondo eta beti goian egotea ez da sorpresa bat inorentzat; Asier pare bat urte egon da txapelketan parte hartu gabe, baina ez dugu ahaztu behar momentu honetan Araban txapel gehien dituena dela; Aroak badauka gaztetasuna baina demostratu du oso maila txukuna duela, eta gaztea izanagatik esperientzia handiko bertsolaria da, eta nik uste dut egurra ematera joango dela; eta Paulak nik uste dut aportatzen diola freskotasuna, ez dut zalantzarik egurra ematera joango dela, baina, horrez gain, badauka bertsotan egiteko beste modu bat, jendeak gustuko izaten duen estilo bat duela uste dut.

Zu non kokatuko zinateke?

Egia esan gure arteko harremana aspaldikoa da, esango nuke seiek ondo ezagutzen dugula elkar, badaukagu ibilbide bat amankomuna dena, beti esaten dugu Arabako bertsogintza elkarrekin doala aurrera, eta nik uste dut hori kantatzerako momentuan eskertzen dela, denok dakigulako nortzuk ditugun alboan. Nik nire burua kokatzen dut saio batean non badakidan ondokoekin eroso egongo naizela, non saiatuko naizen ahal dudan onena ematen.

Finala Gasteizen izateak badu garrantzirik?

Araban uste dut orain dela urteak demostratu dugula leku “ez hain euskaldunetan” badagoela euskal mundu bat bizirik eta euskarak badaukala bere esparrua.