2024 MAR. 16 { KOADERNOA } Eskola kirola. Joko garbia Erika LAGOMA POMBAR Kirolak tarte luzeak hartzen ditu hedabideetan, kultur programen gainetik egiten du eta informatiboak laburtzen ditu. Kirolak, erran nahi baita futbolak, hots, gizonezkoen futbolak. Ez da kritika suntsitzaile bat, ebidentzia bat baizik. Ebidentzia bat bada baita ere, emakumezkoen balentriak eta porroten titularrek ere lekutxo bat hartu dutela. Ebidentzia, errugbiari, saskibaloiari, eskubaloiari, azaleko aipamenak egiten zaizkiela, esku-pilotari eta txirrindularitzari sakonagoak. Kirola sofatik kontsumitzeak burua itzaltzen dit niri, egunerokotik, pisuzko kontuetatik aldendu, eta gurpilen jirabiran lo hartzen dut askotan. Pasiora ez da hurbiltzen, baina urduritasuna, alegrantzia eta penatxoa ere barreiatzen zaizkit tarteka Baskoniaren partiduekin. Anestesia, baina badu mamia, kapitalismoaren, patriarkatuaren, erro nabarmenez ari gabe ere. Solastatu nintekeen kirolak zaintza lanei iskin egiteko duen legitimitate sozialaz, baina nago lehiaz ari naizela. Zergatik deitu kirola batez ere lehia bada odola bor-bor jartzen diguna. Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunetik: «...eskola-umeen bilakabide fisiko, psikologiko, intelektual eta sozialen erritmoaren arabera, eskolako kirolaren jarduerek kirolari ekiteko hasierako prozesua bultzatuko dute. Horrekin, haurrak hezkuntza balio positiboak…». «Errendimenduko kirolaren praktika bultzatzen duen ekimen honek haurraren garapen harmoniatsu eta integrala errespetatu beharko du, alegia, haren garapen fisiko, intelektual zein soziala». Norbere sozializazioan eta autoestimuan eragin zuzena du eskola-kirolak, horretan hasi aurretik ere; lagunek egiten ote duten, norberak gustuko duen, aukeran dauden kirolak mainstream-ak diren edo ez… Eta gero dator taldea, entrenamenduak eta partiduak. Eta denak gara berdin, eta ezer ez da berdin. Haur, gaztetxo guztiek jokatu behar dute partiduaren zati bat gutxienez, baina badituzte begiak eta belarriak, eta konturatzen dira izaera, dohain, ezberdinak dituztela, parte hartzearen biribilketa alaia kantatu badiete ere. Begiak, belarriak, eta markagailuak, eta aktak eta sailkapenak, eta appak… eta gurasoak. Irribarrearen atzean, «nireak gutxiago jokatzen du». «Urliak ez du baloia pasatzen», «sandiak ez dela ezertaz enteratzen esan dio semeari», «ea behingoz taldea uzten duen berendiak» pentsatzen dutenak. Pentsamendu itsusiak, baina egiazkoak, parte hartzearen sintoniarekin desafinatu egiten dutenak. Tartean, borondate izugarria, baina oro har taldeen kohesioan eta kudeaketan formakuntza gutxi duten gazteak entrenatzaile, gaztetxoen garapenean hain funtsezkoak diren kezkak, motibazioak eta frustrazioak kudeatzeko. Eskolek, ikastolek, azpimarra egin beharko lukete hemen, hazkuntzarako, hezkuntzarako, eskola orduetan bezain gauza interesgarriak gertatzen baitira eskola kirolean, sarri interesgarriagoak. Tartean, salbuespenak salbuespen, begirada hezitzailea falta zaien arbitroak, azalpenik ematen ez dutenak. Hiru kirol ibilbide ezberdin ezartzen dira: parte hartzekoa, errendimenduari ekitekoa, eta kirol talentuak eta promesak identifikatzekoa. Inork ez die esaten talenturik ez dutenik, promesak ez direnik, baina ikasturte bukaeran liga irabazi duenari saria ematen zaionean, krak txiki bat egiten die bihotzak, parte hartzea eta kontutxo horiek. Eta gustatzen zaizkie sailkapenak eta markagailuak, zergatik ez. Bizitza ez da biribilketa alai bat, baina lehian egoten jakin egin behar da, frustrazioak eta pozak digeritu egin behar dira, eta horretarako begietara begiratu behar zaie. Izan gaitezen zintzoak. • Bizitza ez da biribilketa alai bat, baina lehian egoten jakin behar da, frustrazioak eta pozak digeritu egin behar dira, eta horretarako begietara begiratu behar zaie