2024 MAR. 16 «Landu dudana erakutsi nahi dut, horrekin nahiko triste geratu nintzelako aurreko finalean» Aramaion jaioa, 1994an. 2013an aurkeztu zen lehenbizikoz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bigarren finala izango du. Lanetik lagun baten etxera bidean harrapatu dugu, motxila arropaz beteta, finalerako konjuntoa osatzeko, inportantea delako eroso janztea gustura kantatzeko. Entzungo dugu... eta ikusi. Zer moduz zaude? Nahiko lanari begira nabil (institutu bateko irakaslea da), baina igartzen dut urduri jartzen hasi naizela, oraindik burua finalean eduki barik. Lehenengo saioan “super” urduri egon nintzen, eta hanka-sartze dezente egin nituen. Bigarrenean akaso lasaiegi egon nintzen. Nahiago nuke tarteko zerbait finalean. Ea eguneko gorputzaldiak zer dioen... Duela bi urteko finalean lasaiegi egon nintzen; kontziente nintzen ez nengoela batere urduri eta horrek urduritzen ninduen. Aurten inoiz baino lehenago hasi naiz prestatzen, irailean, gogotsu, astero kantuan. Lehen saiora iritsi nintzen prestatuta, baina zimendu guztiek kale egin zidaten eta bat-batean oso berde ikusi nuen nire burua. Bigarren saiorako lasaiago nengoen, arantza kentzeko asmoz joan nintzen, ez nuen espero finalera pasatzea. Ondo amaitu nuen, damurik gabe behintzat. Oso exijentea zara? Orokorrean gure buruarekin exijenteak gara bertsolariok. Duela bi urte ez nuen oso ondo pasa finalean, lehen aldiz oholtza horretara igotzea beste mundu batera pasatzea da, eta aurpegiz eutsi nion arren, barrutik ez nuen batere ondo eraman. Aurten nire lana da behintzat ondo egitea, lasai egotea eta kontzentratuta kantatzea. Landu dudan zerbait erakutsi ahal izatea behintzat, horrekin nahiko triste geratu nintzelako aurreko finalean. Ez dakizu zer espero. Aurreko txapelketa osoa oso gustura neraman, zentratuta, eta finalean bat-batean bukaerak ahazten zitzaizkidan. Nire buruari eutsi nahian, ahal nuena egin nuen. Normalean gogoratzen dugu zer kantatu dugun, baina ordukoa ez dut oso ondo gogoratzen. Nahiko deskontrol izaten da lasai ez gaudenean. Esperientziak lagunduko dizu aurten. Hori espero dut. Europa jauregian izan zen aurrekoan, eta Printzipalera itzuliko da orain. Printzipala berria izango dut oholtzan, baina ezagunagoa egiten zaigu guztioi, oholtzapean askotan egon naiz. Zerbait landu duzu bereziki? Bakarkako ariketa gehienbat. Bi bertso ikusi eta horri aurre egitea kostatu izan zait, baina aurten hartu diot martxa. Pauso bat eman dut: kontrolatuago dut bi bertsoen eraketa eta estruktura. Nola ikusi duzu txapelketa oro har? Lehen saioan kantatzea tokatu zitzaidan eta guztiok sorpresa hartu genuen sarrera guztiak momentuan saldu zirenean. Normalean final laurdenak ez dira hain jendetsuak. Denok poztu ginen, agian presioa ere eragin zigun. Ikusi dudana da gure artean dugun giro polita, beti bezala, eta maila igo dugula orokorrean guztiok. Saioak oso ondo joan dira. Aramaiokoa, adibidez, oso polita izan zen, hor ere sarrera denak salduta. Daukagun maila erakutsi dugu, ez dugu ezer demostratu beharrik. Finaleko seikoteaz zer diozu? Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre mantendu dira. Manex bertso eskolako kidea dut, eta oso ondo egiten du bertsotan. Viñaspre oso azkar erantzutekoa da, eta umorea ere aportatzeko klabe bat izan daiteke. Peru Abarrategiren hirugarren finala da, txapelarekin dator, eta, elkarrekin kantatu dugunean ikusi dudanez, egurra ematera joango da seguru. Asier Otamendi bueltatu da, ondo kantatzen du, kide ona da. Aroa Arrizubieta eta biok bigarrenez kantatuko dugu eta dena ematera goaz gu ere. Bazabiltza plazetan? Pandemia ostetik plaza kopurua jaitsi da Euskal Herri osoan. Nik ez dut saio askotan kantatzen, ez naute asko deitu, zorionez badago nori deitu gehiago, pozgarri ikusten dut, ez penaz. Hala ere, noizbehinka jasotzen ditut gonbidapenak, eta oso pozik hartzen dut datorrena. Nola ikusten duzu Arabako bertsolaritzaren mugimendua, bereziki gazteen segida? Orokorrean fuerte ikusten dut. Bertsolari gazteak ez dira nire garaian beste. Gu pila bat ginen, nahiz eta bidea jarraitu dugunak ez hainbeste izan. Baina erreleborik ez da falta, atzetik jendea gogotsu dator. Gazteekin kointziditzen dut eta maila polita dago. Ez garenez hainbeste, gure artean giroa sortzen dugu eta gauzak egiten ditugu elkarrekin. Etorkizuna badago, eta horrekin pozik nago.