2024 MAR. 23 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Bezeroek gaina hartu diote Sabin Etxeari, denon kaltean Ramon Sola Pare bat aldiz aztertu ditugu lerrootan Nafarroan 2015ean UPNk alderdi hegemoniko gisa hartu zuen kolpea eta EAEn 2024an EAJk jaso lezakeenaren zantzuak. Tesia berresteko ordua da, hilabeteak pasatu ahala antzekotasun berriak daudelako. Esaterako, Yolanda Barcina azken momentuan ordezkatu zuen bere alderdiak, nafar presidentearen nahiaren kontra, duda izpirik gabe «erreta» zegoela onartuz, eta bere ordez hautagai gazteagoa, itxuraz jatorragoa eta gaztetan kirolari gisa zertxobait ezaguna zena kokatu zuen: Javier Esparza. Ezaguna egingo zaizue istorioa… UPNren porrot hark ezkutuko errealitatea utzi zuen agerian. «Bunkerra» deitzen genuen Nafarroako botere egituran; zuhaitz hartan, adar batzuk usteldurik zeuden, beste batzuk zaharregi, hainbat arinegiak ziren, eta zenbait kasutan beren kabuz ari ziren hazten, norabide berrietan… EAJri dagokionez, apirilaren 21era heldu aurretik jada ezohiko irudia antzematen zaio: alderdi ahularena. Ertzaintzaren jokabidea da adierazpen argiena, baina ez bakarra. Atzera luze jo beharko genuke ulertzeko aginte politikoari nola oldartu zaion 8.000 poliziakide armatu biltzen dituen erakundea, eta azaltzeko honetan Sabin Etxearen erantzukizuna noraino heltzen den. Baina azken asteotako astakeria guztiei buruz egin diren irakurketa ezberdinen artean, sinesgarriena ertzainek beraiek iragarritakoari deritzot: «Japoniar erako greba»-rena, hain zuzen, zeinetan nahi dutena egingo duten, nahi dutenean, nahi duten eran. Gatibu dirudi Josu Erkorekak, Tolosakoaz, Anoetakoaz, Gasteizkoaz azalpenik eman ezinean, eta aldi berean, justifikatu beharrean. Ez dirudi hau EAJri hauteskundeetarako mesedegarria izango zaionik. Etxebizitza Legearekin egindakoa, gutxiago. Gazteen bozak eskuratzeko arazo larria duten une honetan, gazteen arazo nagusiari aurre egiten dion araua zapuzteari ekin dio. Eskumenak urratu izana argudiatuz Espainiako Entzutegi Konstituzionalera jotzea marka da, gero. EAJk gobernatutako zenbait udalerri tentsio eremu gisa izendatzeko aukera trabatzea ere, ikustekoa. Imanol Pradalesek aitortu du egia, etxebizitza erosteko onuradun fiskalen alde egin dutenean: salneurriak jaistea ez da jelkideen helburua, jabego dirudunak lasai egon daitezke. Hezkuntza Legea desitxuratu izanak ere ahulezia erakusten du. PSEko Eneko Anduezak harro aldarrikatu du sabotajea, «gure tinkotasuna erabakigarria izan da». Belaunaldi baterako egitasmoa hutsean gelditu da, eta egun inork ezin izango luke esan EAJk eta PSEk onartutako legearekin zerbait aldatuko den -segregazioaren alorrean, hizkuntza mailan, publiko-pribatuaren arteko banaketan…- edo denak berdin-berdin jarraituko duen. Oso adierazgarria deritzot pasarteari, negoziazioetan ziren alderdi guzti-guztiak presiopean ari zirelako prozesu honetan (zer esanik ez Pello Otxandianok, EH Bilduren posizioa ordezkatzen zuen neurrian), eta EAJ izan da azkenean men egin duena. Klientelismoa izan da EAJren gobernagarritasun ereduaren ezaugarria. Eta, nonbait, «bezeroak beti du arrazoia» paradigma gailendu da. Bezeroek gaina hartu diote, alderdiari lehenik eta gobernuari gero, edo alderantziz. Lakuako aginteari eutsita ere, ahultasun honetatik ezin izango du EAJk ezer sendorik eraiki. • Dominan... grandes propiedades en materia de vivienda, PSE en educación... Nada sólido de esta debilidad