2024 API. 13 { DATORRENA } Apirilaren 8an joan da Ardanza lehendakaria Maite Ubiria Parisetik etxeratu berritan, egun batzuetan bueltaka izan ditut buruan ETAren bukaera aroari buruz han entzundakoak. Mundu paraleloak irudikatzen dira epaiketetan. Honetan ere, eztabaida juridikoak hala aginduta, izan zezakeenaren eta, finean, gertatu zenaren arteko ñabardurak mahaigainean jarri zituzten Auzitegi Korrekzionalean hitza hartu zutenek. Hala ere, armak alboratzeko Luhuso eszena bilakatu zuten lagunak zigortzeko auzi eskaerak luzatzeko orduan pasarela gurutzatu zuen fiskalak: berdin edozein erpinetatik begiratuta, apirilaren 8koa bere xedea bete zuen plana izan zela aintzat hartuz. Hala aitortu zuen, zeharka bada ere, Txetx Etxeberrik, erabateko armagabetzea gauzatu zedin eginiko lana aringarri gisa ezaugarritu zuenean. 2017ko apirilaren 8an jendez gainezka zegoen Paul Bert plazan baieztatu zen ETAren armagabetzea egina zela. Mende erdiz iraun zuen jarduera armatuaren ibilbidea zigilatu zen Baionan. Euskal gizarteak aspalditik espero zuen eguna iritsi zen. Inork gutxik irudikatu zezakeen forman, baina heldu zen. Bost urtez ETAk onarturiko armagabetze eskema homologatuari hamaika traba ezarri zizkioten batzuek bakegileek jorratutako moldea balioztatu dute, ondoren bada ere, emaitza ekarri zuelako. Ildo horretan, adierazgarria izan zen epaiketan bi estatu ordezkarien testigantzak entzutea. Baita PSko kideen aldetik edo haien burua zentristatzat jotzen duten politikarien ahotik bi auzipetuek jaso zituzten sostengu hitzak ere. Horrendako, garaitik kanpo eginiko auziaren testuinguruan, diskurtso politikoan ñabardura txikiena ukatzeraino bakearen balioa oroz gainetik aldarrikatu duten hainbat euskal ordezkarik konbikzioz ez bada pragmatismoagatik egokitzeko erakutsi duten ezintasunak harridura baino kezka sortzen du. Jakina denez, egokitzeko zailtasuna egitasmorik onenaren jarraikotasuna ezbaian jar dezakeen aldagairik nagusienetakoa da. Bestalde, bakegintzari buruz soilik ez, oro har begirada zabaltzeko prestutasunik ez duten ordezkariek erronka integralei erantzuteko fidagarritasun gutxi eskaini dezakete. Usaintzen den aldaketa giroak urduritasuna sor dezakeela onartuta ere, egoeraren bilakaerari neurria hartzeko gabezia zerbait larria da. 2011ko urrian GARAn argitaraturiko iritzi artikulu batean, bere komunitate politikoak sentitu zezakeen bidaia-zorabioa arintzeko, hauxe idatzi zuen Julen Arzuaga abokatuak: «Ez dut uste amaiera arerio militarrek gogoz kontra emandako besarkada batekin antzeztuko denik, ez da atzamarrak bizkarrean gurutzatuta sinaturiko kapitulazio batekin ere. Hala ere, ezagutu dugun bezala, gatazkaren amaiera helduko da». Amaiera heldu zen. Ez zen gertatu aspalditik lurperatuta zegoen Ajuria Eneako Itunak finkaturiko parametroetan; ez da ETAk bere ibilbidean egokitu zuen negoziazio eskema klasikoaren arabera. Jose Antonio Ardanza zendu da herri bultzadapean gauzatu zen armagabetzearen egunean. Lehendakaria itzali da, egunez egun, dena aldatu zuen apirilaren 8tik zazpigarren urtemugara. Bakea amets izan zuten guztien memoria ekintzen bidez betikotzea baino omenaldi hoberik ez dagoenez, geroa dinamika inklusiboak hobetsita eraikitzeko xedea oroitarazi du egutegiak. • El lehendakari, José Antonio Ardanza, es el día en el que se cumple la séptima El calendario complementa las palabras de condolencia con el propósito de construir una paz integral