2024 API. 13 3 BEGIRADA: Haurren garapen-arazoak: Esku-hartze programen onurak Bizitzako lehen urteetan osasun fisikoaren eta emozionalaren oinarriak finkatzen dira. (GETTY IMAGES) Pello ALDAZ IRIARTE EHUren Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea Haurren garapen egokia ezinbestekoa da haien ongizaterako, hau da, harreman osasungarriak sortzeko, erronkei eraginkortasunez aurre egiteko eta erabakiak hartzeko, besteak beste. Bizitzako lehen urteetan, hezkuntza fisiko, emozional, kognitibo eta sozialerako oinarriak ezartzen dira, eta, kasu batzuetan, haurrek zailtasunak izaten dituzte. Horregatik, garrantzitsua da zailtasun horiek identifikatzea, ahalik eta laguntza eraginkorrena eman ahal izateko. Zenbaitetan, beharrezko laguntza ematen ez bada, osasun mentaleko arazoak, ikasteko zailtasunak edo portaera negatiboak sor daitezke eta garapen prozesua oztopatu daiteke. Lan-oroimena garapen prozesua aurrera eramateko ezinbestekoa dugun sistema kognitiboa da. Informazioa modu aktiboan prozesatzea eta manipulatzea ahalbidetzen digu, denbora-tarte laburrean. Sistema horren bidez, arreta modu iraunkorrean mantendu, zeregin konplexuak egin edota elementu desberdinak aldi berean prozesatu ditzakegu, besteak beste. Batzuetan, Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua duten haurrengan, kasu, sistema hori kaltetuta egoten da eta horrek arazoak sor ditzake egunerokotasunean. Horregatik, nahasmendu hori adin txikiko haurretan detektatzeak duen garrantziaz mintzo dira adituak. Zenbat eta lehenago detektatu, orduan eta lehenago egingo dira esku-hartzeak, eta horrekin, haurraren garapen prozesua hobetuko da. Esku hartzeko garaian, lan-oroimenaren funtzionamendu okerra konpentsatzeko estrategiak erakutsi ohi zaizkie haurrei: antolaketa trebetasunak, denboraren kudeaketa edo ikasteko estrategiak. Kasu batzuetan, gainera, arreta mantentzen laguntzen duten sendagaiak erabiltzen dira, haurraren errendimendua eguneroko jardueretan hobetzeko. Ildo horretatik, Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatearen Nahasmenduak sortzen dituen arazoen kausara iritsi nahi dute ikerlariek, bai eta lan-oroimenaren errendimendua hobetzera ere. Horretarako, lan-oroimena lantzeko entrenamendu programak diseinatzen hasi dira, eta emaitzak kontuan hartzekoak izaten ari dira. Tankera honetako entrenamendu programak eguneroko jardueren errendimendua hobetzeko baliagarriak dira, egindako ikerketen arabera. Horregatik, garrantzitsua da norabide horretan ikertzea, onuragarria izan baitaiteke entrenamendu programak hobetzeko eta eraginkorragoak izateko ere. Hala ere, Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua garapen prozesuan aldatuz doazen nahasmenduak dira, eta, horrek adinaren arabera behar desberdinak egon daitezkeela iradokitzen du. Gainera, norbanakoen artean behar desberdinak egon ohi dira adin tarte berberean ere. Horregatik, esku-hartzeak edota entrenamendu programak diseinatzeko garaian, oso garrantzitsua da haurraren beharretara moldatzea, eremu akademikoan bereziki. Beraz, Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua pairatzen duten pertsonen -eta bereziki haurren- beharrak detektatuz, esku-hartze mota desberdinak erabiltzea onuragarria izan daiteke pertsona horien ongizaterako eta garapen prozesu osasuntsua bermatzeko. •