GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Hilekoa: biologia eta politikaren artean

Hilekoaren minari buruzko araudia zalantzan jarri behar da. (GETTY)

60ko eta 70eko hamarkadatatik aitzin, medikuntza egiaren gordailu bilakatu zen garaian, ustez neutralak eta objektiboak ziren epaien aurrean, feminismoa zalantzan jartzen hasi zen medikuek gorputzak definitu eta artatzeko zuten modua. Izan ere, medikalizazioa, funtsean, kontrol sozialerako mekanismoa da, gaixotasunetatik haratago hedatzen dena eta giza esperientziaren alderdi naturaletan ere eragiten duena.

Dinamika horren adibide garbia hilekoaren zikloaren medikalizazioa da. Prozesu hori emakumeen biologiaren fenomeno intrintsekotzat hartzen denean hasten da; emakume guztien esperientzia unibertsaltzat hautematen denean, alegia. Haatik, hilerokoa gizon ala emakume binomioan kokatzeko aitzakia bezala erabiltzen den arren, ezin da emakume guztien ezaugarri komuntzat hartu. Morfologia zehatz bati erantzuten ez diotenek, histerektomia dutenek, transak direnek, oso argal daudenek, menopausiara iritsi direnek… ez dute hilekorik. Azken batean, ezaugarri zehatz batzuk eta bizitzako une jakin batean daudenek soilik bizi dute. Biomedikuntzak, sexu/genero sistema babesteko ahaleginetan, ikuspegi dualista hori defendatu arren, ulertu behar dugu horretatik gaindi bizipen zein identitate andana daudela eta beharrezkoa dela gure ulermenak eta ikuspegiak horien guztien aberastasuna islatzea.

Hala ere, hori ez da medikalizazioak hilekoaren zikloan izan duen eragin bakarra. Prozesu natural bezala ikustetik urrun, diskurtso honetatik arreta medikoa behar duen gertakari bezala identifikatzen da. Are gehiago, askotariko kategoriak sortu dira medikuntza zein psikiatriatik ideia hori berresteko: hilekoaren aurreko nahasmendu disforikoa, hilekoaren aurretiko sindromea… Gainera, aho biko arma gisa erabiltzen dute: batetik, etiketatu eta kategorizatu egiten gaituzte; baina, bestetik, ez dute egiazko tratamendurik gaitz gisa sailkatu duten horrentzat. Izan ere, ezin uka daiteke hilekoa duten pertsona askok min latzak izaten dituztela. Afera da honen aurrean eskaintzen diren aukerak, maiz, bereizirik gabeko kontrazepzio metodo hormonalak edota ibuprofenoak errezetatzera mugatzen direla.

Azkenekoaren harira, mina da, ezbairik gabe, gure testuinguruan hilekoari lotuta medikalizazio prozesuak izandako eragin nagusienetako bat. Txikitatik erakusten digute mina sentitzen badugu, zerbait gaizki dagoelako dela. Aitzitik, badirudi hilekoaren kasuan ezgaitzen gaituen mina sentitzea normala dela, prozesuaren berezko zati gisa onartzeraino. Kontua da, normala baino, biomedikuntzak normalizatu duen zerbait dela. Gure gorputzeko beste prozesuren batek mina emango baligu (digestioa egiteak, esaterako), segituan larritu eta arrazoiak bilatzen hasiko ginateke. Baina hilekoaren kasuan, aurretik aipatu legez, pairamenak pilulekin ezkutatzera animatzen gaituzte. Jarrera horrek, gainera, erakusten du biomedikuntzak sintomak tratatzeko duen joera: azpian dauden kausetan sakontzeke, arazoaren sustraiari heltzen ez dion medikalizazio-zikloa betikotuz.

Premiazkoa da hilekoaren minari buruz ezarritako araudia zalantzan jartzea. Ikuspegi biopsikosozial batetik gaiari heltzea, zikloak hala eskatzen baitu. Minen atzean ezkutatzen diren kausak ulertu eta jorratu behar ditugu. Maiz, pairamen horiek guztiek gure bizitzekin, testuinguruarekin edota ohiturekin harremana izango dute. Edo, hobeto esanda, bizi garen zisheteropatriarkatu kapitalistak izatera behartzen gaituen erritmo frenetikoaren kausengatik izan daitezke. Baina, tristeki, oraindik lotsatik, ukapenetik eta ezjakintasunetik bizi dugu hilekoa. Baita zapalkuntzatik ere. •