GAUR8 - mila leiho zabalik

’Binkulua’ eta harremana

Lotura batzuk berez datoz, familiakoak kasu. Horiekiko harremana aukera daiteke. (GETTY)

Sarritan sinonimotzat erabiltzen ditugu bi kontzeptu hauek. “Binkulu’ estuak ditugun pertsonekin harreman estua izan behar dugula erakutsi digute, batez ere familia deitzen diogunaren barneko harremanak badira. Hau da, erabaki gabeko “binkulu” horiek izugarrizko garrantzia dute gure bizitzan eta, horrenbestez, gertuko eta maitasunezko harremana izan behar dugu beraiekin. Horrela ez bada, harreman estua ez badugu, porrot pertsonaltzat jotzen dugu; zure amarekin ez baduzu harreman estu eta gertukoa, zerbait gaizki egin duzun seinale. Eta honek izugarrizko mina eragin dezake.

“Binkuluen” hierarkia horretan, harremantzeko modu on eta txarrak ere ezartzen ditugu, eta horren arabera neurtzen dugu gure kapital emozionala; familiarekin harreman ona, berdin 10 puxtarri, eta familiarekin harreman ona ez duten pertsonak, berdin 0 puxtarri. Oso barneratuta dugun sinismena da hau, eta honek sortzen dituen kalteak oso mingarriak eta sakonak dira.

Alde batetik, esan “binkulu” batzuk ezin ditugula aukeratu, hau da, ezarriak datoz. Guk ez ditugu gure guraso eta senideak aukeratu, hor daude, eta ondoren, gu beraiekin gaude. “Binkulu” hori harreman bihurtzen da eta, dakigun bezala, harremanak mila modutakoak izan daitezke. Eta bai, batzuetan gure familiarekin izan dugun harremana ez da ona izaten, batzuetan ez gaituzte zaindu, batzuetan ez gaituzte maitatu… eta honek izugarrizko eragina izaten du ondorengoan. Haurrak garenean dependentzia maila handia izaten dugu inguruarekiko, besteak behar ditugu bizirauteko, eta horregatik, garai horretan bizitakoak halako aztarna sakonak uzten ditu.

Dependentzia egoera hori lasaitzen denean eta “gure kabuz” aukeratu ditzakegunean harremanak, beste mundu bat irekitzen zaigu, eta eskerrak. Eskerrak esaten dut gure modu propioa aurkitu dezakegulako eta gure munduan egoteko nahi ditugun pertsonak aukeratu. Gure “binkulu” eta harremanak eraikitzeko ahalmena dugu, eta praktikan jartzeko ardura ere bai. Egia da harreman berri hauek eraikitzeko garaian, haurtzaroan bizitakoak izugarrizko eragina duela, baina ez da determinantea. Eragina bai, determinazioa ez.

Sarritan ezin ditugu “binkuluak” aukeratu, baina hauekiko eraiki nahi ditugun harremanak bai. Nik ezin dut nire anaiarekin dudan “binkulua” aldatu, baina berarekin sortu nahi dudan harremana bai, eta horretan datza gure askatasun indibidual eta intimoa. Bestela, ezarritakoaren mendeko izango ginateke betiko, ezarritako “binkuluen” preso, eta ezingo genuke gure izatea landu eta hazi.

Ezarritako “binkuluek” ez gaituzte definitzen, sortzen ditugun harremanek, ordea, bai. Aukeratzeko aukera dugula ezin zaigu ahaztu, gure modura egokitzen diren harremanak sortzeko gaitasuna eta ardura dugula. Eta ez dut esaten betebeharretik, gure bizitzen jabe izatetik baizik. •