GAUR8 - mila leiho zabalik

Baionako portuaren irudi minimalista, 1892koa

(LOUIS LAFON. METROPOLITAN MUSEUM OF ART)

Argazkigintza 1839an hasi zenetik, beste erabilera batzuez gain, hirietako eraldaketak dokumentatzeko erabili izan da, hala nola eraikinak eraistea, azpiegitura berriak eraikitzea, kaleak eta etorbideak handitzea eta trena iristea. Argazkilari batzuek konkretuki une historiko horiek harrapatzeko xedea izan zuten. Adibidez, Theophile Feauk 1887tik 1889ra Eiffel dorrearen eraikuntzaren etapa ezberdinei argazkiak atera zizkien. Valentin Marin eta Hermenegildo Otero euskal argazkilarien kasuan, Donostiako Boulevardeko eraikuntza berriak erretratatu zituzten 1864an, hiriko harresiak eraitsi ondoren. Artikulu hau ilustratzen duen irudia sotiltasun handikoa da eta, aldi berean, minimalista eta modernoa bere garairako. Baionan hartu zen 1892an, eta «Kai tubularra. Aturri ibaiaren bokalea. Baionako portua» du izenburu. Argazkiaren egilea Louis Lafon paristarra izan zen, frantziar Estatuan eraikuntza-prozesuak eta azpiegitura berriak atzematen espezializatu zena. Societe Française de Photographie-k saritu zuen haren lana. Louis Lafonen azpiegituren argazkiak batez ere AEBetako museoetan daude, hala nola MOMA, MET eta Houstongo Arte Ederren Museoan. Gainera, Frantziako Liburutegi Nazionalak Baionako portuko bost irudi gordetzen ditu, Lafonek hartuak.