GAUR8 - mila leiho zabalik

Tetris


Lehengusuak emanda iritsi zen gure etxera, lehenengo makinita. Grisa eta luzanga zen, erdian bihurgune txiki batekin, eta gorria zuen botoirik garrantzitsuena. Hura sakatu eta musika errepikakor batek hartzen zuen inguru guztia, ozen, jokalariak jolasean huts egiten zuen arte. Zenbat eta hobeto jokatu, orduan eta azkarragoa zen doinua -tin-tiriririn-tiriririn-tirirarirara-tintin-tintin-tintin-tintin…-, orduan eta larriago sentitzen zen jokalaria.

Errepikakorra eta estua zen Tetrisean puntuak irabazteko eta mailaz igotzeko dinamika, baina, nahikoa zen komunean edo sofan bizpahiru eserialdi makinitaren aurrean egitea, behatzen eta botoien arteko sinbiosi perfektura iristeko. Pentsa, Z eta T formadun pieza bihurriak maitatzera ere iritsi ginen, azkenerako.

Auskalo zenbat urte joan diren gailu hark, pilen kontaktuarekin erotuta, gauetan bakarrik piztu eta doinu sarkor harekin esnatzen gintuenetik. Bada, berriki aurkitu du gure amak, bazkalondo batean bilobarentzat jostailu zaharrak ateratzen ari zela. Tetrisa, semea, amona.

Sinbiosi perfektua, berriro. Bizitza Munduko Tetris Txapelketa bilakatu dela iruditzen baitzaigu, kontziliazio deitu nahi geniokeen baina deitu ezin diogun bideojoko honetan. Eta, tira, pantailaz pasatzea errespetuzko zaintzarekin uztartu nahi duzunean, piezak gero eta azkarrago erortzen hasten dira pantailaren goialdetik, haiek elkarren artean uztartzea ia ezinezko bilakatuta, musikaren etenik gabe. Baina, lasai: partidako puntu horretan, makinitak beti oparitzen dio jokalariari arnasa ematen duen piezaren bat, gutxienez lerro bat edo bi desagerraraztea ahalbidetuz.

Pieza horiek dira amona-aitonak; gure haurrenak, zehazki, eta beste askorenak, oro har. Bizimodu honen erritmoari, piezei eta musikari guk eusten diegula uste dugun arren, ezingo baikenuke Tetris partida jokatzen hasi ere egin, haiek jostailu zaharren artetik makinitak aterako ez balituzte. Eskerrik asko, partida guztiengatik. •