2024 EKA. 15 3 BEGIRADA: Publikoa vs komunala Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA Gilen TXINTXURRETA BEITIA - @GilenTxintxu Arkitektoa Plangintzan ari garenok beti defendatu izan dugu haren betekizun soziala, nahiz eta sarritan, onura baino kalte gehiago egiteko gai den. Pentsamendu optimista hori David Harveik «planifikazioaren ideologia» deritzon bizio profesional baten ondorioa da. Hirigileak pentsamolde aurrerakoia duten pertsonak izan ohi dira, eta euren erabakiek gizartea hobetzen dutela sinetsita daude, baina horrek zerikusi handiagoa du haien nahiekin plangintzak ongizatea sortzeko duen gaitasun errealarekin baino. Alvaro Sevilla-Buitrago arkitekto eta idazleak, “Against the commons, a radical History of urban planning” liburuan, hiri plangintzak eta, oro har, “res publica”ren gestioak, erakunde eta espazio komunalak suntsitzeko duen gaitasuna aztertu du. Lurraldearen antolakuntzan, kontrola eta errekurtsoen banaketan oreka ezartzea da hirigintzaren beharraren justifikazioa; hau da, merkatuak ingurumenean eta gizartean sor ditzakeen gehiegikeriei muga jartzea. Etxebizitza publiko estandarrak eta ingurune natural babestuak ezartzea logika horren parte da. Baina aurrerakoia izanik ere, jatorri burgeseko diziplina den artean, kontrolatzen saiatzen den kapitalismoaren logikari jarraitzen dio; hau da, ez da sistema bera zalantzan jartzeko gai. Horregatik, merkatuaren funtzionamenduari zuzenean aurre egiten dioten dinamika autonomo askoren etsai ere bihurtzen da, moralki ados egonagatik ere. Publikoa komunen etsai bihurtzen da. Zehazteko, komunez hitz egiten dugunean, ez gara toilette-ei buruz ari, ondasun komunalei buruz baizik. Ondasun komunalak gizarte bateko kide orok erabil ditzakeen baliabide kultural edo naturalak izango lirateke. Eredurik ezagunenak baso eta lur komunalak dira, baina Buitragoren liburuan garrantzi berezia ematen zaie langile klaseko auzoetan errotutako elkarlan sareei. Bere hitzetan, gizartearen geruza behartsuek elkar babesteko egitura kultural, sozial eta ekonomikoak sortu izan dituzte historian zehar. XX. mende hasierako Berlineko auzo popularretako subsistentzia-ekonomia irregularra edo 70eko hamarkadako Italiako langileen kontrolpeko hiri eremuak behetik gora sortutako antolakuntza popularren ereduak dira. Entitate publikoek, horiek kontrolatzeko eta “zibilizatzeko” nahiarekin, opresio edo asimilazio bidez, horiek desagertzea edo instituzionalizatzea eragiten dute, jatorrizko izaera autonomoa guztiz ezabatuta. Komunalismoa epika iraultzaile batekin marraztu izan da sarri ezkerreko mugimenduetatik, estatuaren autoritateari aurre egiten dioten askatasun esparru gisa aurkeztuz. Ezin dugu ahaztu, baina, sare komunal horietako gehienak miseria egoerari aurre egiteko sortu izan direla, gutxitan direla pertsona libreek borondate propioz sorturiko egiturak, pertsona zapalduek halabeharrez osaturikoak baizik. Haien eskariak, ia beti, bizi baldintza materialen hobekuntza edota horiek hobetzeko baliabideak eskuratzea izango dira; hau da, pobrezia egoera horretatik irtetea. Estatu burges liberalaren helburua, igogailu sozialaren bitartez, “erdi mailako gizarte” baten eraikuntza litzateke, eta logika horren barruan, egitura komunal askoren azken nahia ere bada igogailu horretan parte hartu ahal izatea. Behin klase ertain horretara iristean, kooperazio komunalak alde batera utzi eta bizimodu indibidualista batean erortzea ohikoa da. Finean, elkarlanak esfortzua eskatzen du, eta burges oro alfer txiki bat da. Baieztapen horiek ez dira egunero ikusten dugun errealitate baten egiaztapena besterik. Horrek ez du esan nahi egoerarekin ados egotea, baina eraldatzeko, errealitatea ulertu eta onartu behar da. Gure testuinguruan (mendebaldeko Europa garatuan), norbanakoak ongizate egoera erlatibo batera iristen direnean hasten dira espiritu kritikoz eta, orain bai, borondate propioz, egitura komunalak eraikitzen. Etxebizitza kooperatibak, elikadura sareak, hezkuntza alternatiborako elkarteak... Sisteman integratu ordez hura aldatzeko iniziatiba asko klase ertain politizatuen iniziatibak izaten dira, klase zapalduenak baino gehiago. Hemen, plangintzak asko du esateko, egiteko, eta nagusiki, egiten uzteko. Gero eta argiago dut errazago iritsiko garela etorkizun komunal jasangarri batera gaur egungo gizarte burgestuaren politizazioaren bidez, gizarte pobretu baten iraultzaren bidez baino. Bitartean, goitik zein behetik, jarrai dezagun komunak erabiltzen. Eta eraikitzen. •