2024 EKA. 22 Irudimenarekiko ikara aienatu kartzelak eraisteko Sortzen du halako antsietate kolektibo bat espetxerik gabeko gizartea pentsatzeak. Gaizkiletzat jotzen diren horiek minez eta odolez dena blaitzen irudikatzera egiten dute irudipenek, kaosak gainezka egingo lukeela sentitzera; galdetzera, eskuak burura eramanda, «zer egingo dugu, bada, ‘haiekin’?», on eta gaiztoen dikotomian espetxeetatik kanpo direnak ongileen taldean autokokatuz. Baina, egiaz, ordena al dakarte kartzelek? Segurtasuna? Nolatan halako zuhurtzia kartzelarik eza imajinatzerakoan, kartzeladun errealitatean delitu eta minek ez badiote gertatzeari utzi? Ez al dira espetxeak, berez, zigor eta minen tenplu? Alicia Alonso Baladre koordinakundeko kidea, Irunen eskaini zuen hitzaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Maddi Txintxurreta Espetxearen ulerkera deseraikitzen bada, eta egitura horri aitortzen zaion funtzioa zalantzan jartzen, berehala hasten dira dantzan bere murru zurrunak eta, beraz, errazagoa da kartzelak fisikoki deseraiki -eraitsi- daitezkeela imajinatzea. Ekainaren 4an Irunen egindako “Badago kartzelen alternatibarik? Zigorraren kontrako jarreraren eta espetxearen aurkako feminismoaren arteko solasaldiak” hitzaldian hurrenkera hori baliatu zuen Alicia Alonso Baladre koordinakundeko kideak espetxeen kontra aritzeko: deseraiki eta imajinatu. Solasaldian behar zuen Salhaketako June San Millanek ere, baina nekazarien protesten ondorioz sortutako auto-ilaretan trabatuta geratu zen. Espetxeetara sartu behar da, nahiz eta egitura horiek «itxiak» diren eta «ahal beste traba» jartzen dizkieten bertaratu nahi dutenei. «Espetxeari ez zaio gustatzen bera behatzea. Baina ni sartzearen defendatzaile sutsua naiz, zeren, kanpoko norbait sartzen denero, lekua airatzen baitu, ikusten baitu bertan ez dela munstrorik, baizik eta aukerarik izan ez duten pertsonak», argitu zuen prekaritatearen, pobretzearen eta bazterkeriaren aurka lan egiten duen koordinakundeko kideak. Andre presoengana zorroztu izan du begirada bere ibilbide akademiko, profesional eta militantean. Valladolideko abokatu honek hogei urtez ibili duen bide horretan, trabak traba, kartzeletara sartzeko hautua egin du, eta Estatu espainiarreko presondegiak ezagutzeaz gain, bosna urte eman ditu Txile eta Italiako errealitate ezkutuak airatzen. “Feminismo Anticarcelario: el cuerpo como resistencia [Kartzelen kontrako feminismoa: gorputza erresistentzia gisa]” liburuaren egilea da. Badu eskarmentua, beraz. Bere bidearen hastapenetan, Villanublako kartzelako (Valladolid) andrazko presoei genero indarkeria prebenitzeko tailerrak eman zituen Alonsok, eta han konturatu zen espetxe sisteman emakumeak «abandonatuta» daudela. «Gutxiengoa dira presoen artean, Estatu espainiarrean %7-8; Italian %4 inguru ziren. Hori da sistemak emakumeak diskriminatzeko erabiltzen duen justifikazioa», agertu zuen Irunen eman zuen hitzaldian. Zuzenbideko tituluari hautsa kendu eta espetxeen prospekzio politiko-soziala hasi zuen orduan. Oteando Eskubideen Defentsarako Behatokia sortu zuen beste kide batzuekin batera, presoei laguntza sozio-juridikoa eskaintzeko, eta ikertzaile lanak ere egiten ditu murruen barruan. Baladre, Erletxea eta Korapilatuz elkarteek eta Irungo Erdialdeko Auzo Elkarteak antolatu zuten hitzaldian aitortu zuenez, hasieran, espetxeak hobetzeko grinak bultzatuta aritzen zen. Gero konturatu zen espetxea hobetzerik ez dagoela eta abolizioa defendatzen du egun: kartzelarena, sistema penalarena eta zigorraren kulturarena. Argia piztu Astiroago. Espetxerik gabeko utopiari geroago zabaldu zion Alonsok alegiazko atea; bitartean, kartzeletako ateak gurutzatzen tematu zen Irunen. Gehiengoen zokoetan daude espetxeak, fisikoki ere ertzetan sarri, iristeko zail, ikusteko zail. Zokoratze horrek iluntasuna dakar; iluntasunak, kanpoko onberen atentzioaren itzalaldia. Argirik pizten ez bada, zikinkeriak ez du inor gogaitzen. Baina zikinkeria bada. “Bangkok Arauak” esaten zaie espetxe sistemak emakume presoen giza eskubideak bermatu ditzan bete beharko lituzkeen gutxieneko neurriei. 2010aren amaieran onartu zituen arauok NBEko Batzar Nagusiak eta, lehenengoz, espetxealdiak andrazkoengan duen eragin espezifikoa aintzat hartu zuen, baita haiei zuzendutako berariazko gomendioak -ez lotesleak- jaso ere. Horietako batean, espetxealdiak ordezkatuko dituzten alternatiben alde egiten du, aintzat hartuta emakume preso askoren biktimizazio historia, zaintza erantzukizunak eta delituen izaera. Rebeca Santamalia Espetxe Zuzenbideko Elkartea ikerketa bat egiten ari da, Comillaseko Unibertsitatearekin batera, Estatu espainiarreko espetxeetan arau horiek zein neurritan betetzen diren jakiteko. Alicia Alonso bera da espetxeak linterna argiz prospektatzen ari direnetako bat, eta ohartarazi zuen Espainiako Justiziak entzungor egiten diola kartzelaldia saihesteko alternatibak bilatzea gomendatzen duen “Bangkok Araua”-ri. 2012an eraitsi zuten Iruñeko espetxe zaharreko atea, zutik. (Idoia ZABALETA / FOKU) Alonsoren iritziz, larria da oso jarrera arduragabe hori, arau horiek aplikatzeko neurriak hartzeak emakumeen espetxeak kasik hustea ekarriko bailuke, nabarmendu zuenez. Izan ere, Estatu espainiarrean preso dauden andreen %88k betetzen ditu “Bangkok Araua”-k espetxeratzea desegokitzat jotzeko zehazten dituen baldintzak: indarkeria matxista jasan izana, norbaiten zaintzaile nagusia izatea edota indarkeriarik gabeko delituengatik kondenatuta egotea. Zehaztu zuenez, Estatuko emakume presoen %80k jasan du indarkeria bere bizitzan zehar eta ama dira gehienak. «Horrek eragin handia du beraien ongizate emozionalean. Abandonu bat balitz bezala bizi dute, eta ama txarrak direla entzun behar izaten diete funtzionarioei… Gizonezko presoei ez diete esaten aita txarrak direnik», agertu zuen Alonsok. Bestalde, argigarria da Baladreko kideak eman zuen beste datu bat. Espainiako Zigor Kodeak 500 delitu inguru jasotzen ditu. Preso dauden emakumeen %60 horietako bi deliturengatik ari da kondena betetzen: ondasunaren kontrako delituengatik edo osasunaren kontrako delituengatik. «Pobrezia delituak dira, bizi dituzten bazterkeria egoerei oso lotuta daudenak», azpimarratu zuen. Emakumeak nagusiki bi deliturengatik gatibatzeko arrazoia, Alonsoren esanetan, prozesuen selektibotasunean datza. «Selektiboki erabakitzen da zer den delitua eta zer ez eta, era berean, esetsi penala selektiboa da: badira kolektibo batzuk, hazpegi etniko jakin batzuengatik edo bestelako ezaugarri batzuengatik, jazarpen handiagoa sufritzen dutenak», azaldu zuen. Selektibitate horren ondorioz, emakume atzerritarren ordezkaritza gehiegizkoa da kartzeletan, Estatu espainiarrean andrazko gatibuen %30 dira , abokatuaren esanetan. Osasunaren kontrako delituengatik kondenatuta dauden asko, halaber, droga «mikrotrafikoan» aritzeagatik espetxeratu dituzte, Alonsok zehaztu zuenez: «Mikrotrafikoak ez du froga askorik behar izaten, bistako delitua izan ohi baita. Horregatik, erraza da esestea eta delitua egiaztatzea: errendimendu poliziala dakar, eta, azkenean, emakumeak izaten dira droga trafikoaren borrokaren biktimak». Gainera, droga garraiatzeaz arduratzen diren andreak atxilotzeak ez du balio droga trafikoarekin amaitzeko. «Alferrikako espetxeratzeak dira, drogaren eskaria eta eskaintza murrizteko eraginik ez dutenak. Trafikoan zero eragin daukate, hurrengo egunean beste batek egingo du», argitu zuen ekintzaile feministak. Indarkerien tenplu Espetxearen ustezko funtzioen artean daude delituak prebenitu edo saihestea eta delitugileen gizarteratzean laguntzea, baina zigorra apaintzeko baliatzen diren kimerak besterik ez dira. Are, Alonsoren arabera, «ez da soilik ez duela prebenitzen, espetxea delituaren eskola da», sartzen dena delitugintzan profesionalizatu baitaiteke bertan. Eta gizarteratzearena kontraesan modura ikusten du valladolidarrak. «Kontraesana da pertsona bat giltzapean heztea askatasunean bizitzen ikas dezan. Kartzelak gaixotu egiten du, pobretu… Beraz, gaixo eta baliabide gutxiagorekin daude ateratzen direnean», esan zuen. Espetxea dardaratzen hasten da konturatzen denean aitortzen zaizkion funtzioak ez dituela betetzen. Egiaz, bestelako eginkizun batzuk betetzen ditu. «Mina sortzen du. Espetxeak ez du laguntzen egin diren ekintzen gaineko ardurak hartzen, min bati minarekin erantzuten dio». Martuteneko (Donostia) presondegiaren kanpoko irudi orokorra. (Gorka RUBIO / FOKU) Beraz, indarkerien tenplu dira kartzelak, eta noski, haien murruak ez dira iragazgaitz mundu “arrunta” gurutzatzen duten zapalkuntzendako, ez badira haien biderkatzaile. Patriarkatuaren mandatuak osasuntsu daude espetxeetan eta emakume presoek “dagokien” leku hori zeharkatzen badute, zigorra jasotzen dute, “dagokien” lan hori ez badute ondo egiten, zigorra jasotzen dute. Alonsoren esanetan, emakume presoek gizonezkoek baino zehapen gehiago jasotzen dituzte larritasun gutxiagoko faltengatik. Adibide bana jarri zuen: gizonei baino gutxiago onartzen zaie desobedientzia, ahotsa altxatzea, eta haiei baino garbitasun handiagoa exijitzen zaie ziegatan. Funtsean, «patriarkatua indartzen ari den tresna bat erabiltzen ari gara gure arazoak konpontzeko», ondorioztatu zuen. Eta aurreko guztiagatik, kartzela deseraikitzera egin zuen: «Zalantzan jarri behar dugu kartzela. Ez ditu arazoak konpontzen eta kalte pertsonalak zein sozialak eragiten ditu… Beraz, zergatik baliatzen dugu?» Nola eraitsi? Baina, nola arrakalatu, egiaz, horren errotuta dagoen espetxe sistema? Alicia Alonsok aipatu zuen lau zutabe nagusik eusten diotela sistemari eta, beraz, aldarrikatu zuen oinarri horiek desorekatzera bideratu behar direla indarrak. Lehena oinarri kulturala litzateke. «Ez gara gai kartzelarik gabeko gizarte bat pentsatzeko, hain errotuta dago-eta zigorraren kultura! Beraz, zigorraren kultura zalantzan jartzea oso garrantzitsua da, atrebitu gaitezen posible dela amestera», adierazi zuen. Bigarren zutabea, politikoa. «Zaila, baina egingarria, borondate politikoa izatearekin nahikoa da», abokatuaren ustez. Teoria sinplea da: delitu gehienak pobrezia egoerek bultzatuta egiten badira, pobrezia egoerekin amaitzeko neurriak hartu behar dira. Kasurako, hezkuntza eta osasungintza publikoak indartu, edo oinarrizko errenta unibertsala ezarri. Hirugarrena, ekonomikoa. Langile asko bizi dira espetxe sistemaren soldatei esker. Hortaz, industria birmoldaketa egiten den eran, kartzeletako beharginek ere lan irteera behar dute. Eta azkenik, legegintzaren zutabea, kartzelak deseraiki bitartean, haien kalteak murrizteko tresna. «Pertsona gutxiago sartzeko eta gehiago irteteko lege aldaketak behar dira. Espetxe zigorra soilik delitu larrienentzat izan dadin, gainontzekoak beste modu batera konpondu behar dira, eta kartzelarekin zigortutako delitu kopurua murriztu, adibidez, drogak erregularizatuz», azaldu zuen Alonsok. Murruez landa irudikatzen Alicia Alonsok motiboak sobera eman zituen espetxe sistemari kolektiboki uko egiteko. Baina presondegirik gabeko mundua imajinatzeak kezkak, izerdiak, mesfidantzak piztu zituen hitzaldia entzun zuten batzuen artean. Alternatibak eskatu zituzten, eta formula magikorik ez dela aitortu bazuen ere, ereduak erakutsi zituen Baladrekoak. Justizia eraldatzaileak, adibidez, on/gaizto edo biktima/biktimario dikotomiak hausten ditu. «Onartzen du min bat eragin dela, baina min hori sendatzeaz arduratzen da, eta ez errepikatzeko inguru seguruak sortzeaz, inor komunitatetik kanporatu gabe. Eragindako minak komunitatean sortzen duen desoreka lehengoratzeko lan egiten da», azaldu zuen. Utopikoa dirudi, baina sistema hori aspaldi aplikatzen dute, kasurako, Australia eta Ameriketako jatorrizko herriek, eta, kasu batzuetan, antzera jokatzen dute poliziak beren-beregi jazartzen dituen kolektiboek: migranteek eta komunitate afroak, besteak beste, ezin dutelako jazartzen dituztenengana jo arazoak konpontzeko. Justizia errestauratiboarekin ados agertu ziren Irungo entzule zorrotzak, baina eredu hori Euskal Herrian aplikatzea ez zuten erraz ikusi. Eta galdera egokia bota zuten: indibidualismoan gero eta hondoago erortzen ari den gizarte batean, nola lortu justizia errestauratiboaren alde lan egingo duten komunitate sendoak sortzea? Komunitatearen galderak soilik komunitatean topatuko du erantzuna. Antsietaterik gabe imajinazioa erabiltzea izan daiteke abiapuntua, Alicia Alonsoren aburuz. «Sortzaileak izatea tokatzen zaigu», esan zuen.