2024 EKA. 22 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Ultraeskuina ez da soilik FN, ezta «fake» Alvise soilik ere Ramon Sola Belarriak tente jarri zitzaizkigun bat-batean ekainaren 9ko gauean. Hiruzpalau egun lehenago NAIZen bidez oihartzun handia izan zuen Donostiako Kontxako bideoak, non aitona batek makila kolpez Voxen autoa geldiarazten zuen. Baina Gernikako txertoak ere iraungitze data behar zuen, eta hemen ditugu ultraeskuin frantsesa eta espainola, ate joka. Ipar Euskal Herrian lehen indar gisa agertu izanak ustekabean harrapatu gaitu. Eta Voxek eta SALFek pilatutakoa (63.500 boto) ez da makala, Sumarrek eta Podemosek batutakotik gertu. Arazoa, jakina, ez dira hauteskundeak; ondorioa dira, ez arrazoia. Aldaketa politikoak, ontzi horietan baino lehenago, kaleetan, lantokietan, ikastetxeetan, etxe barruan, sare sozialetan… gertatzen dira, eta hemen ustekaberik ez, aurreikusten ari ginen. Arazoa ez dira Le Pen, Abascal eta Alvise bakarrik ere: sakonagoa eta zabalagoa da. Azala eta mamia, biak ditu. Mamiari dagokionez, eskuin muturrak abiatu dituen erasoaldi ideologikoak errazegi ari dira bidea egiten gure herrian ere. Autoritarismoari erreparatzen badiogu, seinale gisa poliziaren jarrera okerren justifikazioa (miresmena ez bada) nabarmen handitu dela antzeman daiteke; poliziakide horien arduradunek ere, onartu ez ezik, babestu ere egiten dituztela egiaztatu dugu sarri azken urteotan. Berdintasunari eta parekidetasunari buruz ari bagara, feminismoak aurrerapauso itzela egin du Euskal Herrian mende honetan zehar, baina ez dirudi matxismoak neurri berean atzera egin duenik, eta kezkagarriak dira datuak eta joerak euskal gazte askoren artean ere. Zer esan migrazioari buruz; kontrako jarrerak areagotzen hasi dira esparru abertzale eta ezkerrekoetan ere denon begi-bistan. Baina errealitate hori desitxuratzetik ez da estrategia zuzenik etorriko, ezikusiarena egitetik etorriko ez den bezala. Arkaitz Fullaondok ‘Erria’n idatzi duen artikuluan zenbait datu eta hainbat gako interesgarri dago, auziari ekiten hasteko; ultraeskuinak “kudeatuko” du, bestela. Eta azala, aldi berean. Gezurra, alegia. Ultraeskuinaren hazkundea fake newsen fenomenoari lotzea irakurketa eskasa da oso, gazteleraz bulo deitzen ari diren horiek desinformazioaren icebergaren goiko aldea baino ez direlako. Hauteskunde hauen testuinguruan segituz, EAJren ekitaldietan EH Bildu indar antieuropar gisa aurkeztu dute, aspaldiko leloak bihurrituz, eta Putinen aldekoa dela ziurtatu dute, Ukrainaren inbasioa lehenengo minututik salatu zuen arren. Gero gerokoak, ezta? Bada, EH Bilduren boto-emaileek EAJrenak baino europazaleagoak direla erakutsi dute hautetsontzietan, azken horietako asko, Sabin Etxea dixit, etxean gelditu direlako. Jokabide horien arazo larriena ez da gezurretan aritze hutsa, boto-emailea tontotzat hartu eta eztabaida politikoa pobretzea baizik, horrek epe luzera eskuin muturrarentzako lur emankorra sortzen duelako. Egia eta zintzotasuna, informazioa eta hezkuntza; ez dago ultraeskuinari aurre egiteko beste modurik. Parisen akaso berandu dabiltzala sumatzen da. Madrilen zenbait neurri abiatuko dituela esana du Sanchezek; ikusi beharko da. Euskal Herrian, berandu baino lehen, serio hartu beharko dugu oso serioa dena. • Considerar al votante como un tonillo y empobrecer el debate político no es intrínsecamente ultraderechista, pero crea un terreno fértil para hijar ese marco