2024 EKA. 22 { DATORRENA } Zoriaren faktorea eta hezkuntza feminista Iñaki Soto Gender Reveal Party»-ei buruzko bideoak hipnotikoak dira. Festa horietan, familiaren eta lagunen aurrean, iritsiko den haurraren sexua azaltzen da. Horretarako, historikoki generoak identifikatzeko erabili izan den kolorearen pintura edo konfetia duen zerbait leherrarazten dute: urdina mutila bada, arrosa neska bada. Umilenek puxika bat ziztatzen dute, eta diru gehiago dutenak hegazkintxo bat hegan jartzeraino hel daitezke. Sexuetan ez ezik, mundua klasetan ere banatua dagoela gogorarazten dute. Etnien eta arrazen arteko aldeak ere ikus daitezke. Jenna Karvunidis-ek lehendabiziko aldiz horietako festa bat antolatu zuenean, 2008an, ez zuen uste ibilbide hori izango zuenik. Ondoren esan duenez, erabat damutua dago, pertsonen alderdi bati, generoari, ematen dion «gehiegizko garrantziagatik». Era guztietako etxeko istripuez gain -Arizonan 19.000 hektareatik gora erre zituzten behin, heriotzak ere izan dira-, jai horietan guraso batzuen alaitasuna eta beste batzuen frustrazioa ikus daiteke. Ez dute inor engainatzen. Ezta seme-alabak ere, aurrerago, nagusi direnean, bideoa erakusten dietenean. Gauza guztiak ingelesez izendatzeko tradizioari jarraituz, une horri “Pedagogy Master Awards” dei dakioke. Gurasoen erreakzioa naturala eta garbia izaten da. Onerako eta txarrerako, bideo horiek ez dute psikopata edo aktore handirik deskubritzen, giza miseria txikiak besterik ez dituzte azaltzen. Nik dakidala, ez dago estatistikarik, baina ziur jai horietan ohiko genero aginduak txintxo betetzen direla: beren «printzesa» nahi duten aitak, futbolaria desiratzen dutenak, «bikotetxoak ilusioa egiten dit», mutikoek amak gehiago maite dituztela uste dutenak, «honi aitonaren izena jarriko geniola esan genuen»... Filtroak, autoko olioarentzat. Hezkuntza emakumeen edo gizonen ikuspegitik egin beharko dugun ezin da aldez aurretik jakin. Baina ezingo garela ikuspuntu horretaz libratu aurreikusi daiteke. Kontingentea izan arren, gure ondorengoen generoak gaiari aurre egiteko dugun ikuspegia erabat baldintzatzen du. Ez gaitu feminista edo matxista bihurtuko, alaba duten aiten edo semea duten amen izu-ikarek ez baitute inor matxista edo feminista egiten, baina gure kezkak baldintzatuko ditu. Auzi honetan ez zait epaileen ikuspuntua interesatzen. Nire esperientziaren arabera, aita eta ama bakoitzak dakien ondoen egiten du, baita nabarmen gaizki egiten duenean ere. Moralismoa alboratuta, familiei hezkuntza feminista errazteko estrategiak interesatzen zaizkit. Konbinatoria mugatua baina anitza denez, estrategiek desberdinak beharko dute izan, agian. Denek xede hezitzaile kooperatiboa partekatu beharko dute, ordea. Beste behin ere, bell hooks ezinbesteko erreferentzia da. Hezkuntza, hein batean, munduari aurre egiteko gaitasunak eraikitzea da, eta neska ala mutila bazara, mundua oso bestelakoa da. Are gehiago, arauan sartzen ez bazara. Ez dezagun ahaztu: umeak ez dira inoren jabetza, eta gradu desberdinean, guztion ardura dira. Party horietako batean abioi istripua izan zuten gurasoen ardurarik ezin dugu onartu, ordea. • La reacción de los padres suele ser natural y nítida. Para bien y para mal, estos vídeos no descubren a grandes psicópatas o actores, sólo explican pequeñas miserias humanas