2024 EKA. 29 { DATORRENA } Eztabaida politiko bizigarriak lidergo indartsuak sortzeko Isidro Esnaola Duela egun batzuk irakurri nuen Nafarroako Parlamentua jokabide kode bat prestatzen ari zela. Uste nuen ideia interesgarria zela eztabaida parlamentarioak suspertzeko. Albistea irakurri nuenean, diziplina kontu batzuk definitzera bideratuta zegoela konturatu nintzen. Nire poza putzura! Hala ere, norbaiti interesatzen bazaio, uste dut eztabaida politikorako bizigarria izango litzatekeela bi neurri hartzea. Lehenengoa izango litzateke legebiltzarkideak txalotzea debekatzea. Txaloak hizlariak esandakoa onartzen dela adierazten du. Horregatik, txalo zaparrada ikuskizunei dagokie eta emanaldi bat onartzeko balio du. Eta txaloa luzeagoa edo laburragoa izan daiteke gogobetetze-mailaren arabera. Eta gustukoa ez bada, ez da txalotzen. Zentzu horretan, txaloak eztabaida mozten du, baldintzarik gabekoa delako; ez du tarterik uzten eztabaida politikoaren muina osatzen duten ñabarduretarako. Oro har ados egon daiteke, baina, ziur aski, egongo dira baztertu ezin diren alderdi eztabaidagarriak. Txaloek zentzu pixka bat izango lukete zerrendak irekiak izanez gero, edo parlamentariak barruti uninominaletan aukeratuz gero. Kasu horretan, txaloek berdin oztopatuko lukete eztabaida, baina hautesleek aukeratu duten legebiltzarkideak onartzen edo gaitzesten duenaren jarraipena egin ahal izateko balioko lukete, gutxienez. Zerrenda itxien sistemetan, txaloak nagusia lausengatzeko bakarrik balio du. Legebiltzarkideek laster ikasten dute txalo noiz egin behar duten gogotsu, ez daitezen hurrengo zerrendatik kanpo geratu. Bigarren neurria izango litzateke legebiltzarkideei diskurtsoak irakurtzea debekatzea, salbu eta, agian, protokolo saioetan edo eduki asko badute; inbestidura saio batean, kasu. Diskurtsoak irakurtzen ez direnean, askoz laburragoak izaten dira. Ikusi besterik ez dago zein gutxi irauten duten erreplikek, besteren batek diskurtso berri bat idazteko astirik ematen ez duenean. Eztabaidak asko arinduko lituzke horrek, eta, gainera, entzuleek ziurtasun osoa izango lukete parlamentariak esandakoa bere ikuspegi eta ezagutzarekin bat datorrela, eta ez bere komunikazio kabinete edo hitzaldiak idazteaz arduratzen den pertsonarenekin. Eztabaida askoz biziagoa eta interesgarriagoa izango litzateke entzuleentzat, eta hori garrantzitsua izango litzateke demokrazia herriaren gobernu gisa definitzen denean. Bi aldaketa horiek ordezkari politikoen maila igotzeko ere balioko lukete. Egungo sistemak ez ditu onenak sustatzen, gehien “igotzen” dakitenak baizik, eta hori nonahi nabaritzen da, baita Europar Batasunean ere, non liderrek ez duten inondik ere neurria eman, dela Ukrainako gerran, dela txinatarrekiko harreman komertzialetan, dela migrazio politikan, dela Palestinaren genozidioan. Euskal Herrian ere ez gaude hobeto. EAEn hauteskunde autonomikoak irabazi zituen alderdia ez da gai izan gainerako alderdiekin txanda bat egiteko egoeraren erradiografia bat osatzeko. Horrek bere lidergoari buruz dena esaten du. Beharbada, lidergo makal horren erantzukizuna ez da soilik sistema politikoarena. Michael Hopf-ek idatzitakoa oinarri gisa hartuz, lider indartsuek garai onak sortzen dituzte, garai onek lider ahulak ekartzen dituzte, lider ahulek garai zailak eragiten dituzte, garai zailek lider indartsuei bidea ematen diete. Ikuspegi horretatik begiratuta, berehala antzematen da zein lider datorren garai zailetatik eta zein ez. • Los líderes fuertes crean buenos tiempos, los buenos tiempos traen líderes débiles, los líderes débiles provocan tiempos difíciles, los tiempos difíciles dan paso a líderes fuertes