GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Itsasoa jo

Ni hondartzara abiatuko nintzen, urduri, uda irensteko antsiaz. (Guillaume FAUVEAU)

Lasai, itsasoa joko duk eta» esaten zidan aitonak, kabitu ezinda sumatzen ninduenean. Eta ni hondartzara abiatuko nintzen, urduri, uda irensteko antsiaz, ekain hasierako eguzkitan laineza harturik. Poliki-poliki murgilduko nintzen ur gazitan: orkatilak lehenbizi, belaunak ondoren, gerria gero, eutsi arnasari, hotzikara bat bizkarrean gora eta murgil behera. Batzuk beti izan gara delikatu xamarrak.

Pasatuko ziren asteak, eta garuneko kobazuloren batetik aitonaren hitzen oihartzuna iristen zitzaidan oraindik, «lasai, itsasoa joko duk eta» esanaz. Nik itsasorik ez nuen jotzen, bestelako aditz batzuk jokatzen genituen elkarrekin: busti, murgildu, igeri egin, urperatu, jauzi egin, jausi, edan… baina jo, sekula ez, ura ez baitago jotzerik, ihes egiten du, desegin egiten da, inguratu egiten gaitu. Asteen joan-etorrian, ordea, ekain hasierako grina bigundu egiten zitzaidan; gero eta antsia gutxiagoz hurbiltzen nintzen ur ertzera. Marea igo, marea jaitsi, eta ekaina uztail bilakatuko zen, uztaila abuztu, eta udaren bizi-grinari irail atariko bertigoak hartuko zion gaina. Gaua koskaka-koskaka egunari minutuak jaten hasiko zen, olatuek area nola, eta iluntzeetako ekaitzek abisatuko ziguten euria gure zain zegoela, ozeanoz beste aldeko gordelekuren batetik zelatan.

Akaso, horixe izango zen itsasoa jotzea: uda uda besterik ez dela ikastea, igerian aurrera egin arren, ez dagoela ozeanoak zeharkatzerik. Grinak grina eta esperantzak esperantza, urtaroak, denbora eta gu, denok garela mugatuak. Nik ez dut ikasten, ordea. Eta aurten ere, sanjoanetatik sanpedrotarako igaroaldian, mugikorrak abisua eman dit: memoria agortu egin zaiola, ez dagoela udarentzako lekurik nire argazki-bildumetan. Urduri, biltegiak arakatzen hasi naiz, gigaren batzuk garbitu asmoz. Argazkiz argazki, udarik uda ibili naiz: lagunartean edandako garagardo freskoak, mendi tontorrak, basoak, errekak, bazkariak, egunsentiak, txosnak… Eta harri eta zur begiratu diot argazkietan nirearen antzekoa dirudien aurpegi beltzaranago horri, nire arropak jantzita daramatzan izaki udatiar horri, nik gogoratzen ez ditudan lekuetan eta jada ahaztu zaizkidan uneetan ageri den izaki misteriotsu horri. Nor ote den jakin nahi nuke: zer egiten duen hor, nik egon beharko nukeen lekuan. Zergatik lapurtu dizkidan aurpegia, lagunak eta oroitzapenak. Eta, batez ere, bera hor zegoen bitartean, non ote nengoen ni.

Antsia marea bizien moduan datorkit sabeletik eztarrira. Uda bete argazki desio dut, uda bete abentura. Mugikorreko memoria berriz hustuta, biluzik sentitu dut nire gorputza. Aurtengoa bai, aurtengoa ahaztezina izango da. Garunaren zoko galduren batetik deika ari zait itsasoa. •