GAUR8 - mila leiho zabalik

1930eko sanferminak

(JOSE BELZUNCE. NAFARROAKO ARTXIBO NAGUSIA.)

Iruñeko alkate Francisco Javier Arbizu peñetako presidenteekin elkartu zen 1930eko sanferminen bezperan, jaietan kontuan hartu beharreko arau batzuk jakinarazteko. Alkatearen oharren artean, gazteak mozorrotzeko debekua zegoen, jaiak «desnaturalizatu eta inauteri bihurtu baitira». Alkateak muga hau jarri zuen: «Goizaldeko ordu bata arte bakarrik kantatu, oihukatu eta dantzatu». Gainera, ohartarazi zen ez zitzaiela utziko mutil-kuadrillei zirkulazioa eteten zezenketen ondoren. Alkateak azpimarratu zuen, halaber, ez zutela onartuko «kanpoko parrandazaleen zalapartarik, pikaro planean etortzen baitira». Hori bai, prentsak Biarritzeko alkatea urte hartako sanferminetako bisitarien artean zegoela jakinarazi zuen. Andosillako Jose Belzunce militar eta argazkilari afizionatuaren irudian, txistulari talde bat ikus daiteke San Nikolas plazan, Andueza gozotegiko eta Iribarren espartin-dendako erakusleihoak atzean direla.