GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Noiz helduko zain zinen, baina etxean zenuen piztia


Cessy herria gutxitan albistegietan agertzen den Ain izeneko departamenduan dago. Bertako biztanle batek, Mouradek, jipoia jaso zuen kalean algaran ziren bi pertsonari auzoen atseden orduak errespetatu behar zutela esatera ausartu zelako. Hamar eguneko lan uztea agindu zion medikuak. Zauri larriak eragin zizkioten erasotzaileek hiru urteko kartzela zigorra jaso dute.

Ez zen liskar soila izan, hil egingo ote zuten beldur izan zelako Mourad. Ez zen alkoholaren gehiegizko kontsumoaren aitzakiari helduta erraz gutxietsi zitekeen pasadizoa izan. Erasotzaileek «joan zaitez zure herrialdera» bota ziotelako biktimari.

Mouradek, ordea, ez du beste herrialde batera joateko aukera. Berak, jaiotzez, hezkuntzaz, bizimoduz, baita borondatez ere, bere bi erasotzaileekin aberria partekatzen duelako. Frantsesa da, nahiz eta bere herrikide batzuek kanpotartzat duten. Are, beraien ustez atzerritik etortzen direnek jaso behar duten tratua eman zioten Mouradi. Erasoari buruzko sakoneko arrazoiak auzi arrunt baten bidez argitzea espero zuen gizonak. Ez zioten aukera eman. Erasoa gertatu eta pare bat egun geroago auzi azkarra egin zuten. Hala, bigarren mailako auzi administratibo gisa hartu zuten, nonbait, berari gertatutakoa. Hurrengo urratsa zein izanen da? Afera arrazakeriari buruzko txostenetatik kanpo uztea?

Orain hemerotekara joz gero, erasoa itxuraldatu dutela jabetuko gara. Auvergne eskualdeko hainbat hedabide irakurrita, nekez susma daiteke gizarte osoari kalte egiten dion bortizkeria ekintza gertatu zela 5.000 biztanleko herri txiki horretan. ‘Le Progres’ izeneko kazetaren arabera, «gazteen arteko liskarra tartean, sare sozialen bidez zabalduriko irudiek komunitate musulmana asaldatu dute». Albisteari emandako tratamenduaren bidez, gertatukoaren larritasuna biktimari esleituriko komunitate kidetasunaren arabera baloratzeko gonbidapena jaso du irakurleak.

Ezberdintasunen bilakaera neurtzen duen behatokiak iaz plazaratu zuen txostenak hau zioen: frantziarren %60k ez du bere burua arrazistatzat hartzen. Ikerketa lanaren arabera, azken hogei urteetan erdira jaitsi da haien burua arrazistatzat aldarrikatzen duten herritarren kopurua frantziar Estatuan. Alta, eraso arrazisten bilakaeren azterketak erne izatera eramaten du, ezinbestean.

Antisemitismoa izan da amaitzear den hauteskunde legegileen kanpainaren ardatz nagusietako bat. Horretan ere desitxuraketa erraldoia gertatu da. Erresistentzian izan zirenen oinordekoak juduen jazartzailetzat jo dituzte. Aldiz, konzentrazio-eremuetara eraman zituztenen follower berriak abantzu juduen babesle gisa mozorrotu dituzte.

Giro gaiztotu horretan, eraso arrazistak eta homofoboak biderkatu direlako arrangura agertu du LDH elkarteak. Rouen edo Albin “Aüslander raus” (atzerritarrak kanpora) himnoa entzuten da kontzertu geletan. Lyonen, neonazien desfileak zeharkatzen dituzte lehenagotik ere karrikak herraren mezuak barreiatuz. Bihar, lurralde askea irudikatuz harresia altxatzeko erronka du Euskal Herriak. Botoa ematea ez da aski, ziur; bai, ordea, ezinbesteko urratsa. •