2024 UZT. 20 { KOADERNOA } Israeli boikot akademikoa Mijo LIZARZABURU Israelgo estatu kolonial eta genozidaren aurrean boikot forma guztiak jarri behar dira martxan. Boikot akademikoa sustatzeko sortu da aurten EHU Palestina taldea. EHU Palestina eta BDZ Gipuzkoa taldeek deituta, elkarretaratzea egin genuen uztailaren 2an Miramar jauregiaren atarian, Udako Ikastaroen inaugurazio ekitaldia probestuz, «EHUk sionismoarekin duen konplizitatearekin amaitzeko eskatzeko». Zehazki, Israel egiten ari den genozidioaren harira, EHUri Israelekin dituen harremanak eteteko eta harreman horiek ikuskatzeko gardentasun batzorde bat eratzeko exijitzeko. Aurretik komunikatuta zegoen elkarretaratzea non eta nola egingo zen, zegokion prozedura segituz. Hala eta guztiz ere, Ertzaintzaren jarduna neurrigabea izan zen zeharo. Hona hemen nondik norakoak: elkarretaratzea xumea bazen ere (20 pertsona inguru) 20 agente bidali zituzten. Lehen unetik, elkarretaratzearen baimena eskatutako kidearengana hurbildu zen agente bat, baimendutako tokian bildu ezin ginela esanez, «segurtasun motiboak zirela eta». Inongo azalpenik gabe, Ertzaintzak berak zinta batekin hesitutako eremu batera zokoratu nahi izan gintuen, aparkalekuaren bazter batera. Helburua bikoitza zen: ikusgarritasun urriko txoko batean egonik Udako Ikastaroen inaugurazioan parte hartuko zutenek gu ez ikustea eta protestan geundenon umiliazioa. Mehatxuak eta autoritate intimidazioak egon ziren lehen unetik. Batetik, protestarako eskubidea egikaritzea bermatuko zuen eremu bat adosteko saiakerei uko egin zitzaien hasieratik, desobedientzia delitua aplikatzeko mehatxupean. Behin eta berriro «ez dago ezer negoziatzeko» eta «agindu zuzena da» errepikatu zuten agenteek gaztelaniaz. Guztira, sei kide identifikatu zituzten, eta zigor proposamen bat egin. Identifikatzeko motiboak izan ziren, besteak beste, agenteekin negoziazio saiakera bat egitea, elkarretaratzera beranduago bertaratu eta harekin bat egitea, edo bertatik lehenago ateratzea. Hau da, protesta txiki baten kriminalizazio absurdoa. Ertzaintzak isildu nahi duena zabaldu beharra dago, palestinarren lurren okupazio koloniala bukatu arte ez garelako isilduko. Hemen, antolatzaileen komunikatua: «Israelgo estatuaren proiektu koloniala herri palestinarraren eskubideen urraketa eta zapalkuntzan oinarritzen dela jakina da. Halere, azken hilabeteetan Israelgo estatuak jauzi kualitatiboa eman du, eta Palestinar Herriaren aurkako genozidioa gauzatzen ari da inpunitate osoz. Israelen ekinbidea ahalbidetzen duena mendebaldeko herrialdeen konplizitatea da. Zentzu honetan, EHU konplizitate honen parte da. Unibertsitateko komunitateak egindako presioa dela eta, Gobernu Kontseiluak apirilaren 24an onartu zuen Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean. Bertan, giza eskubideak urratzen dituzten eragileekin harreman komertzialik edo akademikorik ez ezartzeko konpromisoa hartu zuen. Halere, EHUren gardentasun falta agerian geratu da, izan ere, genozidioa gauzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dizkion enpresekin harreman zuzenak izaten jarraitzen du, besteak beste, Beasaingo CAF, HP, AXA edota Tecnalia enpresekin. Era berean, azken egunotan jakin dugu UPV/EHUk 4,2 milioi euro inguru jasoko dituela Europako funts publikoetatik, Israelgo hainbat erakundek parte-hartzen duten zenbait ikerketa-proiekturen baitan. Honen aurrean, gure eskaera argia da, Israelgo estatua babesten duten erakunde, unibertsitate eta enpresekin harremanak haustea, Israeli boikota eginez. Hori betetzen dela ziurtatzeko beharrezkoa ikusten dugu EHUk batzorde ireki, publiko eta gardena eratzea, zeinak eragin zehatz eta eraginkorrerako aukerak eta baliabideak izango dituen. Horregatik, EHU Palestinak eta BDZ Gipuzkoak uztailaren 2an EHUko Udako Ikastaroen irekiera-ekitaldira bertaratzeko deia egiten diegu Unibertsitateko komunitateko kide diren langile zein ikasleei, baita herri mugimenduei eta herritarrei ere, azaldutako egoeran EHUk sionismoarekin duen konplizitatearekin amaitzeko. PALESTINA ASKATU, ISRAEL BOIKOT, EHU EGIN ZAITEZ KARGU&csMarker;» •