2024 UZT. 20 «BAIONATIK BADOHA KORTSURAT» “Le Dauphin” ontziko euskarazko gutunak: memoriaren kondentsadore, denboraren kapsula 1757an Baionatik Kanadarako bidean “Le Dauphin” ontzia abiatu eta, bost egunetara, gerraontzi britainiarrek harrapatu zuten, haren posta barne. Tartean, euskarazko 52 gutun. Xabier Lamikizek aurkitu zituen Londresen. Altxorra memoriaren kondentsadorea da, garaiko Lapurdiko euskara eta gizartea ezagutzeko ispilu magikoa. Pierre Detchegarayk Catherine Gelosi igorritako gutuna, Azkaine, 1757ko martxoaren 22an. (Xabier LAMIKIZ) Mikel Zubimendi EHUko Udako Ikastaroetan beste kontu batzuk aditzera bertaratu nintzen eta txiripaz iritsi nintzen altxorra aurkitzera. Bestelako asmoa nuen, eta egia esanda, banatu zituzten eskuorriei eman nien lehen begiratuan antzik ere ez nion sumatu etortzear zegoenari. “Atlantikoaz haraindiko komunikazioa XVIII. mendean: Arrantza, gerra eta Euskal Herritik Kanadara bidalitako eskutitzak” zuen grazia. Baina historia hura aditzen hasi eta zeharo harrapatu ninduen, liluraren paralisiraino, oharrak koadernoratzeko ezgai. Izugarria iruditu baitzitzaidan, perla bat. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Politika Publikoetako eta Historia Ekonomikoko irakasle Xabier Lamikizen azalpenak argiak izan ziren, labur baina garapenerako aukera eskainiz, zoragarri. Agian, txiripa batekin hasi zelako dena berarentzat ere. Akaso, Londresen doktore tesiari hasiera eman zionean zoriaren kapritxoagatik egin zuelako topo kutxa harekin. Eta kutxa hark gordetzen zuen altxorrarekin. Zazpi Urteko Gerra Kutxa Londreseko The National Archives instituzioan zegoen, High Court of Admiralty atalean. Ehunka kutxa zeuden bertan, britainiarrek harrapatutako itsasontzien posta edo korrespondentziarekin, hartzaileengana inoiz iritsi ez ziren gutunekin. Ideia egiteko, zenbait zenbaki garrantzitsu eskaini zituen: 1652 eta 1815 bitartean, britainiarrek 35.000 itsasontzi harrapatu zituzten; harrapatutako agiriak 4.088 kutxatan daude; haien artean, 160.000 eskutitz, hemeretzi hizkuntzatan. Baina Lamikizek topatu zuen kutxa hark bazuen berezitasun bat: euskaraz idatzitako 52 eskutitz zeuden. Altxor bat, denboraren kapsula, memoriaren kondentsadoreak, filologo, hizkuntzalari eta euskararen historiagileen aurkikuntza berrietarako atea. Eskerrak eman nahi dizkiot Xabier Lamikizi, kontatu zuen historia gure irakurleekin konpartitu nahi izan nuela aipatu eta dena izan zelako erraztasuna, bihotz zabaltasuna. Denak eskaini zizkidan, argazkiak, hitzaldia bera idatzia, edozein zalantza argitzeko prestutasuna, dena. Eskertua, infinituki eskertua nago. Oso data zehatzean kokatu gintuen Lamikizek: 1757ko apirilaren 9an. Baionatik “Le Dauphin” (Izurdea) ontzi kortsarioa abiatu zen Louisbourgera, orduko Île Royale eta egungo Cape Breton uharteko portura, Kanada frantsesera. Baina garai petralak ziren haiek, Zazpi Urteko Gerrarekin (1756-1763) aski nahasia zegoelako Kanadako kostalde atlantikoan Frantziako Erresumak zuen egoera. Frantziako beste ehunka ontzirekin gertatu bezala, “Le Dauphin”-en bidaia egun hartan bukatu zen, Britainia Handiko hiru gerraontzirekin topo egin zuenean. Halakoetan, britainiarrak, itsasontziaz eta haren kargaz gain, barruan zeramatzan agiri guztiak ere harrapatzen saiatzen ziren, posta barne. Ez zuten beti lortzen, askotan paper horiek itsasora botatzen baitzituzten harrapakinaren kapitainek edo ofizialek. Kontua da harrapakina bera eta barruan zeraman guztia Ingalaterrara eramaten zituztela, eta han epaiketa egiten zutela Almirantegoaren Epaitegian. Epaiketa haietan erabakitzen zen harrapaketa legezkoa zen ala ez (hau da, itsasontzia etsaiarena zen ala ez, eta gerra hasi ondoren harrapatua). Etsaiarena bazen, orduan ontzia eta haren kargamentua enkantean saltzen zituzten, eta harrapatzaileek sari bat jasotzen zuten. Eta zer gertatzen zen harrapatutako agiriekin eta postarekin? Bada, gorde egiten zirela. Eta, egun, hor segitzen dute: The National Archives deritzon agiritegian. Lamikiz izan zen harrapatutako agiri eta eskutitzak erabiltzen hasi zen lehenengo ikerlarietako bat. Hainbat liburu eta lan argitaratu ditu horren inguruan. Besteak beste, Manu Padilla eta Xarles Videgainekin batera, 2015ean, “Lapurdum” aldizkariaren zenbaki berezi batean, “Le Dauphin”-en euskarazko eskutitzak aztertu eta argitaratu zituzten: “Othoi çato etchera” jarri zioten izenburu, hori baitzen eskutitzen igorleek behin eta berriro errepikatzen zuten mezua. “Othoi çato etchera”, mesedez zatoz etxera, itzul zaitez. Nuestra Señora de Covadonga itsasontziaren harrapaketa (1743ko ekainak 22), Samuel Scott maisuaren margoan. Ontzi «korsuzalea» “Le Dauphin”-en bidaia ulergarri egiteko, euskaldunek bakailao arrantzan eta bale ehizan egindakoa gogorarazi zigun Lamikizek, labur baina argi. XVI. mendean alturako arrantzaren loraldia izan zela euskal kostaldean. XVII. mendean, aldiz, ingelesak eta holandarrak nagusitu zirela Ipar Atlantikoan. XVIII. mendearen hasieran, Utrechteko Itunak britainiarren nagusigoa eta euskal arrantzaren gainbehera ekarri zituela. Hala ere, Lapurdin egoera hobexeagoa izan zen, eta XVIII. mendean zehar alturako arrantzak berreskuratze apal bat bizi izan zuen. Île Royaleko portuak (Louisbourg eta Ingonish, esaterako) eta Ternuako Saint-Pierre eta Mikelune izan ziren lapurtarren arrantza portu nagusiak bake garaian. Baina gerra garaian, eta makina bat gerra izan ziren XVIII. mendean, gure arrantzaleak itsasontzi kortsarioetan engaiatzen ziren. “Le Dauphin” bera hori zen, ontzi kortsarioa, edo euskarazko eskutitzek dioten bezala, “korsuzalea”. ”Le Dauphin” Louisbourgerako bidean atera zenean, Zazpi Urteko Gerraren bigarren urtea zen. 60 tonako ontzia zen, txiki samarra. Salgaiak zeramatzan eta gerrarako prestatuta zegoen. Tripulazioa edo eskifaia 34 gizonek osatzen zuten, gehienak lapurtarrak eta 20-30 urte bitartekoak. Nola jakin da hori guztia? Bada, britainiarrek harrapatu zituzten paperengatik. Eta zergatik Louisbourgera? Bi arrazoi nagusi eman zituen Lamikizek: bake garaian, arrantza, eta, bestela, gerra. Dena dela, arrantzaz gain, bazeuden beste zeregin batzuk ere Louisbourgen: bakailao gazituaren prestakuntza eta esportazioa, Europako salgaien inportazioa, eta gotorlekuko ehunka soldaduen beharrizanak asetzea. Beraz, Louisbourgen baziren artisauak eta merkatariak. 1752. urteko neguan egindako erroldan, 199 arrantzale azaltzen dira; erdia euskaldunak ziren. “Le Dauphin” itsasontziko eskutitzen kutxa (The National Archives, High Court of Admiralty) Louisbourgerako eskutitzak “Le Dauphin”-en paperen artean, aipatu bezala, euskaraz idatzitako 52 eskutitz zeuden. Lapurdiko 48 bizilagunek Louisbourgen zeuden 45 pertsonari idatziak. Eta jatorriari dagokionez, Ahetze, Azkaine, Baiona, Bidarte, Donibane Lohizune, Getaria, Hazparne, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña eta Ziburutik igorritakoak ziren. Eskutitz horiek 35 emakume eta 12 gizon lapurtarrek idatziak izan ziren, eta eskutitz baten egiletza anonimoa da. Genero parametroari dagokionez, beraz, emakumeen proportzio altua nabarmentzekoa da: amek, alabek, emazteek, arrebek eskutitzen %60tik gora sinatu baitzituzten. Hartzaileak Euskal Herritik Louisbourgera joandako gizonezkoak ziren. Gutun gehienak semeari, senarrari, anaiari edo adiskideari idatzitakoak ziren. Gehien bat, herrira berriz itzultzeko desira erakusteko, herriko berriak emateko, heriotzak jakinarazteko, gerraren albisteak emateko, eta zerbait baimentzeko edo debekatzeko. Baita haserrea erakusteko ere, maiz penak eta estualdiak kontatzeko ere, edo kexua azaltzeko laguntza ekonomikoa ez bidaltzeagatik, “beste aldean” amodioak izateagatik edo erantzunik ez jasotzeagatik Esan behar da, horiekin batera, frantsesez idatzitako beste 108 eskutitz ere harrapatu zituztela britainiarrek. Baina euskarazko eskutitzen berezitasun bat azpimarratu zuen Lamikizek: guztiak idatzi intimoak zirela, eta, frantsesezkoak, aldiz, merkataritzari lotuago zeudela. Zazpi Urteko Gerran zehar, hau da, 1756tik 1763ra, Baionatik 300 kortsu-ontzitik gora atera ziren. “Le Dauphin” haietako bat izanik, normala ere bada eskutitzetan itsaslapurretaren inguruko erreferentzia ugari aurkitzea. “Le Dauphin”-en kortsu-agiria ere -frantsesez lettre de course, ingelesez letter of marque and reprisal, gaztelaniaz patente de corso- ondo gorde da. Adibide zenbait jartzeko, ondo dator gutun haiei begiratu azkar bat ematea. Adibidez, Saratik Martin Bordak bere seme Andrecori 1757ko martxoaren lehenean idatzi ziona: “Anaia Guanes kortsuan dabila, hirugarren kanpainan guana da; eta aita bera ere bigarrenean doha kortsurat, joite handi baten beldurrean. Berrogoi untzi Donibanetik eta Baionatik badoha kortsurat.” Zentzu berean, beste eskutitz batean argi esaten da: “Ezta hemen bertze negoziorik korsua eta korsua baizik”. Hona Mari Darburuk bere alaba Mari Harboureri 1757ko martxoaren 13an Donibane Lohizunetik bidalitako eskutitzaren testuaren hasiera: “Ene haur maitea estinat faltatu nahi hiri ene berijac marcatu gabe cenac eraten baitun estunala aspaldijon gure beriric ycatu”. Edo beste adibide hau, Sarako Miguel Harismendyk bere seme Bernardi 1757ko martxoaren 26an idatzia: “Ene seme maitea. Badaquiçu bi urthe huntan ezdarotaçula ez bici çaren ez eta ere çure berriric batere eman; appariencias ahanxi çaitçu aita nauçula” Lamikizek kontatu zigun, 2015ean eskutitzen bilduma argitaratu zutenean, uste sendoa zutela eskutitzen egileak herri xeheko kideak zirela. Baina gerora, Xabier Elosegiren ikerketa bikainari esker, jakin da klase ertain-altuko idazleak, edo, hobe, idazlariak ere bazeudela “Le Dauphin”-eko eskutitzen egileen artean. Izan ere, eskutitz asko ez ziren igorleak idatziak, hirugarren pertsona batek baizik. Notario-iturriak erabiliz, Elosegik zera aurkitu zuen: 41 igorleetatik hamar soilik zeudela alfabetatuta (hiru emakume eta zazpi gizon). Maria Darburuk bere alaba Marie Harboureri idatzitako gutuna, Donibane Lohizunen egina, 1757ko martxoaren 13an. Behetik gorako begirada berria “Le Dauphin”-eko gutuneria euskararen historia ezagutzea posible egiten duen halako denbora kapsula bat dela nabarmendu zuen Lamikizek. Eskutitzetako euskararen ikerketa burutu dutenak eta egiten ari direnak filologoak eta hizkuntzalariak direla. Garai hartako Lapurdiko euskara jasoaren zein soilaren ezaugarriak ezagutzeko aukera ematen duela, baliabide baliotsua delako euskararen ortografia, lexikoa, estiloa eta bestelako ezaugarriak aztertzeko. Baita, bestalde, lapurtarrek idatzizko tradizio sendoa zutela egiaztatzeko ere. Gogoratu behar da euskararen corpus historikoa nahiko berantiarra dela. Lehen testu luzeak XVI. mendekoak direla eta kasu gehienetan erlijioarekin lotura dutela. Horregatik, “Le Dauphin”-eko gutuneria oso aurkikuntza arraroa eta berezia da. Euskara lau ikuspegi edo dimentsiotatik aztertzeko aukera ematen duelako, beste iturriek ez bezala. Celine Mounoleren arabera, dimentsio diastratikoa, ezberdintasun soziokulturalen erruz sortutako hizkuntza ezberdintasunak aztertzea posible egiten duena. Dimentsio diatopikoa, jatorri geografiko ezberdinei loturiko hizkuntza ezberdintasunak aztertzeko. Dimentsio diakronikoa, lapurtera euskalkiaren bilakaera historikoa aztertzeko balio duena. Eta, azkenik, dimentsio diglosikoa, zeren eskutitzek euskara-frantsesa diglosia hobeto ulertzeko aukera ematen baitute. Bestalde, hein handi batean, jakina da euskarazko literatur tradizioa lapurteraren testu inprimatuen gainean eraiki dela, gehienbat erlijio testuetan oinarrituta. Bestelako testuen eskasia arintzera etorri zen Lamikizek aurkitutako altxorra, argia eman baitio herri xumearen epistolagintzari, oro har, XVII. mendeko lapurtarrek zuten euskaraz idazteko ohiturari. Eta hori gutxi ez, eta hizkuntzaren historiari beste begirada batekin hurbiltzea posible egin du, funtsezkoa, behetik gorakoa. Sarako Miguel Harismendyk semeari: «Badaquiçu bi urthe huntan ezdarotaçula ez bici çaren ez eta ere çure berriric batere eman; appariencias ahanxi çaitçu aita nauçula» Garaiko Lapurdiko euskara jasoaren zein solieran ezaugarriak, ortografia, lexikoa eta estiloa aztertzeko aukera da. Lapurtarrek idatzizko tradizio sendoa zutela egiaztatzekoa