2024 UZT. 27 Banderek estali ezin dutena Koldo SAGASTI Duela pare bat aste Espainiako futbol selekzioaren beste lorpen bat pairatu behar izan genuen. Talde gorriak Europako Koparen finala irabazi izanak behinola ezohikoa eta egun normalizatzeko bidean dagoen irudia ekarri zuen gure karriketara: elastiko eta bandera gorri-horiak naturaltasun osoz erakusten zituzten herrikideak, bide batez, tokian tokiko udalek okasiorako propio egokitutako pantaila erraldoiek erakarrita eta hauspotuta. Bat baino gehiago, seguruenik, ariketa pedagogiko batean, saiatuko zen azaltzen seme-alabei auzokoen poza ez dugula partekatzen, eta piperpotoak ez gaituela ordezkatzen, eta zerbait ordezkatzekotan ehunka urteko historia odoltsua ordezkatzen duela, Logroñoko fede-epaiketetan sutara kondenatutako sorginena, amerikar kontinenteko garbiketa etnikoarena, 36ko estatu kolpe faxistarena eta ondorengo diktadurarena, gure hizkuntzaren ukazioarena… mendez mende odolez izkiriatutako historia kirolaren liluraz zuritu nahian dabiltza. Ez da kontu berria. Hitlerrek ere, kirol-ikuskizun masiboen eraginkortasunaz jakitun, 1936ko Berlingo Olinpiar Jokoak erregimen naziari gorazarre egiteko baliatu zituen. Antzera jokatu zuen Jorge Rafael Videlak, 1978an Argentinan jokatu zen Munduko Futbol Txapelketa diktaduraren krimenak zuritzeko baliatuz. Atzo Olinpiar Jokoen beste edizio bat jarri zuten abian, Frantzian. Hasierako ekitaldiko desfileak sorpresak utzi dizkigu. Zenbaitetan internetera jo behar izan dugu, besteak beste, Antigua eta Barbuda bezalako ordezkariak mapamundian kokatzeko. Beste batzuetan banderaren baten falta sumatu dugu. Eta bat edo beste sobera. Aurtengo kasu lazgarriena, Israelena. Erregimen sionistak zazpi hamarkada daramatza garbiketa etniko proiektu bat gauzatzen Palestinan, eta hamar hilabeteko genozidio bereziki zitala. Giza eskubideen urraketa nabarmen horiek olinpismoaren balio oinarrizkoenekin talka eginagatik ere, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak ez du motibo nahikorik ikusi israeldarren parte hartzea debekatzeko, eta historian zehar beste askok egin duten bezala, kirol ekitaldi hori euren krimenak zuritzeko baliatuko dute. Momentu historiko honek erantzukizuna eskatzen digu, eta kirol erakunde gorenak erakutsi duen utzikeriaren aurrean, kirol komunitatearen ardura behar dugu, Tommie Smithek eta John Carlosek 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan egin zuten modura, injustiziaren normaltasuna apurtzeko. •