2024 UZT. 27 Lodosako ubideko lanak, 1915ean (AQUILINO GARCIA DEAN. IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA) Juantxo EGAÑA 1915eko maiatzean Lodosako ubideko obrak hasi ziren. Hiru urte geroago, 1918ko urriaren 24ko 564. zenbakian, “La Avalancha” aldizkariak, Iruñean argitaratuak, Murchantetik (Nafarroa) igarotzen zen ubidearen obren berri eman zuen. Bertan zehazten zen ubidea eraikitzeko aurrekontua, ia 12 milioi pezetakoa, baita Ebroko urekin 29.000 hektarea lur ureztatzeko ahalmena ere. Argazkian, kanaleko langileak ageri dira Murchante inguruan. Jose Ros kontratista ere ageri da irudian. Argazki horrek berak jantzi zuen aipatutako aldizkariko albistea. Iruñeko Udaleko enplegatu eta argazkilari afizionatu izandako Aquilino Garcia Deanek egin zuen -hain justu, “La Avalancha” aldizkariko zuzendaria ere bazen-. Gaur egun, Iruñeko Udal Artxiboak gordetzen ditu bere argazki-funtsak, batez ere XX. mendearen hasieran Nafarroako hiriburuak izandako eraldaketa erakusten dutenak.