2024 ABU. 03 { KOADERNOA } Jainkoa ez da okertzen, Jainkoari esker Xabier Izaga Zerutik deitu zidaten lehengoan. Telefonoa hartu orduko, okertu zirela esan zidan ahots batek. Zeruan okertu? Pentsatu nuen ez zela Jainkoa. Gainera, ahots mundutarra zen, nire koinatuarenaren antzekoa. Ez nuen aukera galdu eta, Jainkoaren idazkaria zela esan zidanean, galdetu nion zein santu zen. «Ez, ez, ni ez naiz santua», erantzun zuen, bere hitzen atzean irri mehe bat utziz. «Nik uste nuen zeruan karguren bat dutenak santuak zirela», bota nion, eta egia da hala uste nuela. «Ez, gizona, administrazio honetan profesionalak gara», berak. Jainkoa inguruko gelaren batean egongo zela bururatu zitzaidan, eta badirudi esan ere egin nuela, idazkari hark berehala ezetz esan baitzidan, Delawaren zela. Delawaren? Zer arraio egiten zuen Jainkoak Delawaren?, nire artean. Agurtu egin nuen telefonoz bestaldekoa: «Aio, Jauna zurekin»; baita berak ni ere: «Eta zure gorputzarekin». Harrapa ezak. Eta bila hasi nintzen zer egon ote zitekeen Delawaren Jainkoaren interesekoa. Hara, hantxe zegoen Joe Biden, AEBetako presidentea, Estatu hartako etxe bat baitu opor- eta atseden-leku. Egun batzuk lehenago esan zuena irakurri nuen: «Jaun Ahalguztidunak eskatuta baino ez dut [hautagaitza] utziko. Eta Jaun Ahalguztiduna ez da jaitsiko». Errepublikanoak ez dira Trumpatzen diren bakarrak. Niri bitxia iruditzen zait hitz horiek Bidenek esatea, bera baita ahalguztiduna, munduan ahalguztidunik bada, edo haren ordezkari publikoa. Tira. Paradoxikoki, Jainkoak Biden nabarmen utzi bazuen ere, baliteke bere alderdia salbatu izana. Izan ere, goiko ahalguztidunaren bisita baino lehen eta Donald Trumpen aurkako atentatuaren ondoren, inork ez zuen demokratek irabazteko aukerarik ñimiñoena ere sumatzen. Badirudi oraingoan Jainkoak demokraten alde egin duela, Trumpek dioena gorabehera. Irakeko bigarren inbasioan, George W. Bushek bezala Sadam Husseinek ere ziurtatzen zuen Jainkoa berarekin zegoela, baina, Jainkoaren bideak ezin asmatuzkoak baitira, Texaskoak jaso zuen Jainkoaren mesedea, nahiz eta arrazoi ugari bai baina arrazoirik ez zuen. Venezuelan ere bi hautagai nagusien aldekoa zen Jainkoa, beraiek esandakoaren arabera, jakina, baina batek baino irabazterik ez zuenez, Nicolas Maduro izan berri da onuraduna, Bidenek iruzurra egotzi dion arren, duela lau urte Trumpek berari bezalaxe; eta gauza bera egin dio errepublikanoak hiru hilabete barruko hauteskundeei begira. Hauteskundeak berak irabazten baditu baino ez omen dira demokratikoak. Logika hori aplikatzen dute Venezuelarako ere. Parte hartze handiagoa argudiatu dute, besteak beste. Zenbat eta jende gehiagok bozkatu, orduan eta boto gehiago atera beharko luke eskuinak eta gutxiago ezkerrak, logika bitxi horren arabera. Edo inkestak; norberaren inkestak norberari garaipena ematen dionean, ez dago bozketarik egin beharrik, antza. Egingo nuke badagoela errepublikanoak eskuinekoak eta demokratak ezkerrekoak diren pertzepzioa. Tristea, gero -zeruko idazkariak esan zidanez-, lehen Bidenen eta orain Kamala Harrisen alde otoitz egiten duen ezkerreko jende kopuru ikaragarria. • «Jaun Ahalguztidunak eskatuta baino ez dut [hautagaitza] utziko. Eta Jaun Ahalguztiduna ez da jaitsiko», esan zuen Joe Bidenek. Errepublikanoak ez dira Trumpatzen diren bakarrak