2024 ABU. 10 Anonymous vernacular: IBAVIk Mallorkan eginiko etxebizitza babestuak. (Jose HEVIA) Gilen TXINTXURRETA BEITIA -@GilenTxintxu Arkitektoa Lankide batek komentatu zidan bernakular hitzaren inguruan beste kide batzuekin izandako eztabaida. Hitz asko zailak izaten dira euskarara egokitzen, eta eraikuntzaren munduan hau sarri gertatzen da: erresidentzial, konstruktibo... egokiak izanik ere nekeza egiten zait mailegu edo erdarakada gisa ez ikustea. Normala da historikoki gaztelaniaz funtzionatu duen sektore baten barruan. Edonola ere, eztabaidaren ondorioa izan zen latinezko jatorria duten hitzak erabiltzea egokia zela, eta hortaz, “bernakular” onartu egingo dugu. Hitzak “norberaren etxean jaiotakoa” esan nahi du latinez, eta arkitekturan, paisaia eta klima jakin batean berariaz garatutako arkitekturaz hitz egiteko erabiltzen dugu. Honek esan nahi du arkitektura bere testuingurutik jaio dela, materialak bertatik atera dituela eta soluzio konstruktibo eta teknikoak bertoko klimara egokituta daudela. Baina sarritan bernakularra bertokoarekin nahastu izan dugu, eta teknika multzo baten ordez, tipologia bat aldarrikatu. Euskal Herritarrontzat bertoko arkitektura baserria da, gure paisaia eraikiaren ehuneko oso txiki bat besterik ez den arren. Hala, “etxe tradizional” bat nahi denean, baserri baten itxura duen zerbait nahi izaten da, hormigoiz, pladurrez eta aluminioz eginda badago ere. Arkitektura bernakularra ez da irudia, izaera baizik, toki bakoitzean den modukoa izatera eraman duena. Arabiar hirietako medina kale estu eta sigisagatsuz beteta dago, desertuko eguzki sargoritik babesteko, eta eraikinen hormak adobezkoak dira, inertzia termiko handikoak, barne tenperatura erregulatzen laguntzeko. Etxeak patioen inguruan antolatzen dira eta bertan arbola eta iturriak egoten dira itzala eman eta barne tenperatura freskatzeko. Azkenik, barne egoitza nagusietan kupulak izaten dituzte, aire beroa bertan pilatuz eta azpiko gelan airea fresko mantenduz. Ikusten dugunez, arkitektura bernakularra deritzoguna inguruko baliabideak klimaren beharretara egokitzen dituena da, eta forma, behar hauek asetzearen ondorio logikoa. Estetikaren bilaketa soila haren jatorria kontuan hartu gabe, kitsch bat besterik ez da, itxurakeria hutsa. Gaur egun jasangarritasunaren izenean girotze instalazio konplexuagoak sartzen dira eraikinetan, aurrekontuaren heren bat irensten dutenak sarri, baina, aldi berean, energia gastu oso txikia duten teknika bernakularrak guztiz alboratu egin dira. Araudiak eta ziurtagiri energetikoek ere ez dute asko laguntzen, haiek betetzeko modurik errazena teknologia erabiltzea baita, eta sistema tradizionalak araudia betetzeko moduan justifikatzea lan eskerga izan ohi da. Baina badira esperantza zantzuak. Balear irlak eta Katalunia dira seguruenik teknika tradizional hauek hobekien berreskuratzen ari direnak. IBAVI (Institut Balear de la Vivienda) kalitatezko etxebizitza babestuen izugarrizko sustapena egiten ari da, betiko teknikak eta energia gastu txikia dituzten materialak erabiliz askotan. Egurra, mahon-eko harria, posidonia alga… Irlak berezkoak dituen materialak erabiltzen dira azken urte hauetan estatuan egin diren etxe babestu ederrenetakoak egiteko. Katalunian, bestalde, H-Arquitectes bezalako estudioek arkitektura tradizionala teknologiarekin uztartzen dute, bertako klima beroari aurre egiten dioten eraikinak sortzeko. Bi kasuetan funtsezkoa izaten ari da administrazio publikoaren bultzada izatea halako probak sustatzeko, bultzada hori gabe izugarri zaila baita eraikitzaileek borondate propioz ezer berritzailerik egitea. Gure paisaia eraikia arkitektura anonimoek bertako klimari egokitutako teknika eta materialak erabiliz sortu dute. Krisi klimatiko garaian, energia eta material kontsumoa murriztu beharra denean, bernakularra berreskuratzea izan daiteke bidea biharko hiria eraikitzeko. Etorkizunak ez du zertan altzairu eta kristalezkoa izan, egur eta harrizkoa baizik. •